
Txapelketa Nagusiko hitzorduek aurrera egin ahala, soka gehiago tenkatzen da. Bertsolariaren bisaian eta entzulearen isiltasunetan sumatzen da tentsio hori. Gaur arratsaldean Gernikako Jai-Alai pilotalekuan jokatu den hirugarren finalaurrekoan Aitor Mendiluzek bildu du puntu gehien, 713 hain justu. Amaierako agurrean kantatu duenez, bertsolariaren dantza «garratzean gozoa, gozoan garratza» izan daiteke. Eta bietatik probatu du andoaindarrak. Ofizioetan abiaduran eta erantzuteko zorroztasunean erakutsi du zer nolako eskarmentua daukan. Bakarkakoan egin duen potoa garratzagoa izango zen seguruen. Baina, azkenean, saioko lehen tokia beretzat. Donostiako finalaurrekoan kantatuko du bigarren itzulian.
Zortziko txikian sakatu du Mendiluzek azeleragailua, Aitor Bizkarrarekin egindako ofizioan. Udal bereko bi zinegotzi ziren, agintaldiaren amaieran, programan agindutako hainbat puntu bete gabe. «Kanpainan mingainari tira eta tira/ gero ez gera iritsi behar zen tokira/ ta orain moldatzeko beranduegi da/ lau urte konpontzeko lau urte behar dira», ireki du bidea Mendiluzek. Puntukako ofizioan ere oso goitik aritu dira Joanes Illarregi eta biak. Bakarkakoan, aipatu bezala, poto egin du lehen bertsoan. Eta hamarreko txikian berriz goitik, Agin Labururekin. Gaiak ez du toki erosoan kokatu Mendiluze. Aktoreak ziren biak. Telesail bat grabatzeko proposamena jaso dute eta baldintza jarri diete ezsena bakoitza euskaraz eta gazteleraz grabatzea. Mendiluze prest zegoen, Laburu ez. «Berriz ere ETBk betikoa bota/ bi hizkuntza desberdin ta bi gidoi mota/ hala ez izatea nahiz aldiro opa/ kontzientziai egin behar diot kontra/ kontzientzi hutsetik ez naiz biziko ta», bota du lehenengoan. Mendiluzek eskarmentu handia dauka txapelketako oholtzan eta hori baliatu du gaur arratsaldeko koska pasatzeko.
Peritz eta Illarregi, berdinduta
Puntutan bigarrena Aner Peritz izan da, 707 punturekin. Joanes Illarregik ere puntu kopuru bera batu du, baina epai irizpideen arabera bigarren eta hirugarren kokatu dira hurrenez hurren. Biak pozik egoteko moduan, saio bikaina egin baitute. Bertsolari gazteak dira biak eta oso lehiakor aritu dira ideietan eta joskeretan.
Zortziko txikiko ariketa elkarrekin josi dute eta une bikaina sortu dute. Joanes, 18 urteko gaztea eta Aner, bere amona. Amonak bilobari sare sozial batean jarraitzeko eskaera egin dio baina ez du erantzunik jaso. Peritzen bigarrena: «Hackeatu egin dut nere eragina/ sare kontutan ez naiz hain andre arina / lotsa ematen dizugu zaharrok jakina/ ziurrenik gazteek zaharroi adina». Eta Illarregiren erantzuna: «Hori horrela bada orain zer erantzun/ zure hitzek badute hainbeste oihartzun/ sarerako ez dakit ze gogo daukazun/ beste amonek bezela irratia entzun».
Peritzen bakarkakoa ere ederra izan da, lurretik eta sinesgarri. Hauxe izan du gaia: «Harrera familia izateko izena eman zenuen. Oraintxe deitu dizute haur bat harreran hartzeko aukera duzula esateko». Peritzen lehena: «Izena eman genuenean ematen zuen gezurra/ haur bati nola egiten zaio hasierako agurra/ ba omen dator gure etxera haragia ta hezurra/ dardarka jarri zait lurra/ omen da tarte laburra/ ondo egingo ote du lo ta maiteko al du jogurra/ haseran poza ematen zidan orain pixka bat beldurra».
Illarregi ere oso zorrotz aritu da ofizio guztietan eta bakarkako bikaina josi du. Hauxe zuen gaia: «Laneko arriskuen prebentzio teknikaria zara. Enpresa batean arriskuen ebaluazioa egin duzu. Beste behin arazo larriak topatu dituzu». Bikain aritu da leitzarra. «Lan hontan hasi nintzela hamar urte honezkero/ orduztik pasatu ditut mila enpresa ta bulego/ odoltxartu egiten naiz ta jartzen naiz bero-bero/ beti suteak itzaltzen ia sentitzen naiz bonbero/ gaur ere lana egin dut azterketa hortan bego/ eta alderdi askotan dute hamarretik zero/ inoiz ezer gertatzerik inork ez baitu espero/ nirekin oroitzen dira zerbait pasa eta gero».

Laugarrena Ane Labaka izan da, 703,5 punturekin. Bakarkakoan, plaza berotu du bere lehen bertsoarekin. Hauxe zuen gaia: «EHUn ikasten duen Ipar Euskal Herriko ikaslea zara. Gaur ere zure klasekideek iradoki dizute frantsesa zarela». «Ez dakit gaitzak hartua den Gernikako arbola/ ondoan faltako zaio zurkaitza edo hesola/ Izpurako txoko baten sortu nintzen ni behinola/ ta Bilbora ikastera ez nentorren ezaxola/ hala esan dit kideak eta galdu det kontrola/ Xalbador berharagituz mintzatu zait odola/ ta hala erantzun diot irri egiten niola/ bada ni frantsesa banaiz zu orduan espainola».
Bosgarrena Aitor Bizkarra, 694 punturekin. Poto bat egitear egon da, baina garaiz egin du atzera eta errima aldatu. Azken agurrean kantatu duenez, «Potoarekin topo egin dut ni holan bizi naiz holan/ txori ero bat dago kantari nire buruko kaiolan/Iturriagak behin poto egin zuen harria zapata zolan/ ta finalera han non pasatzen nahiz ta kostatu nahiko lan/ erromantada historikoez badakigu bertso eskolan». Bere buruan dabilen txori ero horrek Gernikan erakutsi du dotore kantatzen eta kontatzen duela.
Eta, puntutan seigarrena, Agin Laburu. Bere-berea duen freskotasuna eman dio saioari eta ez du irristadarik egin. Zortziko handian Illarregirekin saioa hastea egokitu zaio. Gernikako bonbardaketaz ari diren bi ikasleren azalean aritu dira. «Libururikan ez entenditu/ gure amonak kontatzen digu baino begitu-begitu/ nahiz kontu asko kontatu ditun gehiago isildu ditu», bota du bigarrenean. Agurtu egin da txapelketaz, baina oraindik azken finalaurrekoa falta da. Hurrengo geltokia, Miarritz.

El vasco más rico del mundo vive en Suiza y basó su fortuna en el petróleo y el zinc

El empujón del ertzaina a una huelguista el 11N que causa indignación en redes

La emergencia de la vivienda cierra fábricas, escuelas y tiendas y colapsa las cuatro capitales

Núcleo Nacional, el grupo nazi que planeaba «un alzamiento» y deja rastro en Tolosa y Berriozar

