Kongresua hartuta, eta orain zer?
Agintaldi erdiko hauteskundeek ireki berri duten panoraman, hurrengo urratsak zeintzuk izango diren da galdera nagusietako bat uneotan Ameriketako Estatu Batuetan. Demokraten kongresuko zuzendaritza oso higatuta dago, eta ahots berriek buruzagi berriak eskatzen dituzte.

Midterm edo agintaldi erdiko hauteskundeetan demokratek lortutako garaipenaren ostean, gogoan izan behar da hautetsi berriek urtarrilean hartuko dutela kargua. Ordura arte, Kongresuko gehiengo errepublikanoa egongo da indarrean. Egia da hartu berri duten jipoiaren ondoren shock gisako batek hartu duela Alderdi Errepublikanoa. Baina, honezkero, inozoegia litzateke pentsatzea Donald Trumpek bere esku dituen amarru eta jukutria guztiak ez dituela erabiliko.
Kanporatu berri dituzten hautetsi horiek, eta Kongresuan geratu direnek, erabaki behar duten Etxe Zuriak botere legegilearekiko bi urtez erakutsi duen gutxiespena onartzen jarraitzen duten. Jakin otzantasun umiliagarri hori izan dela, besteak beste, hauteskundeetako porrotaren arrazoi nagusietakoa. Zuzeneko mendekotasuna sarritan, eta botere legegileak Exekutiboa fiskalizatzeko duen betebeharraren utzikeria beste askotan, Irango gerran edo muga-zergetan, esaterako.
Demokraten lana ez da urtarrilean hasiko, ofizialak kargua orduan hartu arren. Datozen bi urteotan Etxe Zuria estu hartzea, mugak ezartzea eta gogoraraztea, egin beharreko arduretan gutxienekoa da. Gutxi-asko denak ados datoz horretan. Baina joan den bi urteotako lanen fiskalizazioa eta kontuak eskatzea ere egin beharrekoen artean dago. Besteak beste, orain artean ICE Immigrazioko eta Aduanetako Polizia Indarreko matoien aurrean egon den tresna bakarretakoa izan delako (gizarte zibil antolatuak kalean eta tarteka auzitegietan lortu dituzten garapenak kenduta, Minnesota kasu): gogoraraztea Trump ez dela beti egongo, Kongresuko utzikeriaz ematen zien inpunitatea berandu baina goizago amaituko zela. Amaitu da, eta horrek esan nahi du kontuak eskatzeko unea ere badela.
Etengabe atzera begiratzeak arriskuak ditu, ados. Baina ez egitearen ondorioak ere –edo berandu egitearenak, Trumpen aurkako auzipetzeak kasu, kolpismoa bezalako delitu larriengatik– agerian geratu dira.
Erabaki behar
Balizko egoera horretan zelan jokatu, luzaroan izan dute eztabaida demokratek. Egoera aurrerantzean ez da balizkoa izango, eta etxeko lanak egin gabe datoz Kongresuaz jabetzera demokratak. Impeachment prozesu berri bat abian jarri ala ez ere, ez datoz denak bat. Alexandria Ocasio-Cortezek argi utzi du Trump kargugabetzeko prozesuaren alde dagoela. Todd Blanch fiskal nagusia (eta Trumpen abokatu ohia) eta Pete Hegseth Gerra-idazkari psikopata ere impeachment-a irabazteko meritu asko egin dituzten gobernukideak dira. Gizarte zibileko erakunde bat baino gehiago ari dira eskatzen, baita Kongresuan gerraren aurka argien mintzatu den sektore progresista ere (Ocasio-Cortez, Ro Khanna edo dagoeneko Hegseth kargugabetzeko sei artikulu izendatu dituen Yassamin Ansari, esaterako).
Beste gauza askotan bezala, Alderdi Demokratako zuzendaritzak eta Kongresuko buruak zuhurrago, edo uzkurrago, jokatzen dute. Eta hortxe laburbiltzen da demokraten artera iristear den eztabaida eta barne borroka.
Hakeem Jeffries Ordezkarien Ganberako demokraten buruak –eta, teorian, hurrengo speaker izango denak, oraindik hori guztiz argi egon ez arren– «Hegseth kargutik kenduko» zuela agindu zuen kanpainan.
Ez da ahaztu behar Ganberako burua herrialdeko hirugarren pertsona boteretsuena dela Konstituzioaren arabera, presidentearen eta presidenteordearen atzetik. Hala ere, hauteskundeen ondoren, 2026ko azaroaren 6an egindako adierazpenetan, ez zuen argi eta garbi eskatu berehala prozedura judizial edo politiko bat (impeachment-a) abiatzea. Jeffriesek adierazi duenez, ez du «bere talde parlamentarioaren aurretik joan nahi»; horren ordez, lehentasuna eman nahi dio “Gerra ahalmenei buruzko ebazpena” onartzeari, Iranekin gatazka legez amaiarazteko.
Senatuko burua
Demokratek oraindik ez dute Senatuko gehiengo berriaren kargua zin egin, baina hautetsi berrietako batzuek esana dute Chuck Schumer Senatuko demokraten buruak joateko ordua duela. Ez zaie motiborik falta.
Peggy Flanaganek hamar puntugatik irabazi du Minnesotan, eta AEBko Senaturako hautatutako lehen emakume indigena bihurtu da. Hauteskundeen biharamunean, dotore bezain irmo, Schumerri urteetako lidergoa eskertu zion, eta segidan gaineratu badela «garaia lidergo berri baterako».
Ez da bakarra. Illinoisko Juliana Strattonek, Kansasko Adam Hamiltonek, Maineko Troy Jacksonek eta Michigango Abdul El-Sayedek ere esan dute ez dutela Schumerren aldeko botorik emango. Jacksonek dio dagoeneko esan diola Schumerri zuzenean beste norbait babesten ari dela.
Jeffriesek adierazi duenez, ez du «bere talde parlamentarioaren aurretik joan nahi»; horren ordez, lehentasuna eman nahi dio «Gerra ahalmenei buruzko ebazpena» onartzeari, Iranekin gatazka legez amaiarazteko
Marylandeko senatari Chris Van Hollenek kargua har dezan kanpaina egiten ari da El Sayed. Atzerrian beste figura demokrata batzuen oihartzuna izan ez arren, Van Hollen –Trumpek El Salvadorren kanporatutako Kilmar Abrego migratzailearen babesle nagusia izan zen, Amerika Erdialderaino joan eta azkenean etxera ekartzea lortu zuen arte–, Kongresuan aspaldi da gehien nabarmentzen ari den ordezkarietako bat.
Egia da Van Hollenek itxuraz ezetz esan diola Schumerrekin lehiatzeari. Baina, aldi berean, ohartarazi du inor ez litzatekeela konprometitu behar harekin, Schumerrek agenda ausart batekin konpromisoa hartu arte. Gainera, ez da berez Schumerri ezetz esatea, gorago apuntatzea baino: publikoko adierazi zuen herenegun 2028ko presidentetzarako hauteskundeetarako aukerak aztertzen ari dela. Nancy Pelosik 2008an begiz jo zuenetik, gorantz ez ezik ezkerrerantz ere egin du Van Hollenek azken urteotan, hautetsi ezkertiarren jarreretara hurbiltzeraino. Udaberrirako, presidentegai gehiagok emango duten urratsa ziurrenik.
Baina berehalako barne lehia Washingtonen dago. Senatari hautatu moderatuek ere, Texasko James Talaricok eta Chris Pappas New Hampshirekoak kasu, hautesleek norbait berria nahi dutela diote.
Eta panorama horren aurrean, Schumerren erantzuna? Kazetariei argi eta garbi esatea Senatuko gehiengo demokrataren buru gisa hautatua dutela berriz ere. Baliteke hala izatea. Senatuko demokratek boto sekretuz aukeratzen dute nor izango den taldeko burua abenduan, eta botoen gehiengoa besterik ez da behar horretarako.
Baina askorentzat etsigarria litzateke, are gehiago astearteko bozek piztutako itxaropen olatuaren baitan. Hautesleek bidalitako mezua ez da hain justu orain arteko demokraten buruzagitzaren lana berrestea.
NBCren inkesta baten arabera, hautesleen %13k bakarrik ikusten dute Schumerren lidergoa modu positiboan. Ez da ahaztu behar duela urtebete borrokarik egin gabe eta musu truk errepublikanoen gastu legeak aurrera egitea ahalbidetu zuen buruzagia dela. Orduantxe haserretuko zitzaion oinarri demokrata.
Orain, aurrekontu haren ondorioak eta triskantzak ezagututa, are motibo gehiago leudeke.
Garaipen demokrata handia izan da, baina handiagoa izan zitekeela uste dute askok, Schumerrek Floridako Angie Nixon eta Hegoaldeko beste hautagai beltz batzuen alde egin balu. Kanpainarako beste hautagai batzuek baino diru gutxiago izan dute, eta doi-doi galdu dute bozketa.
Beste jokalekuak Estatubatuarrek bi ganberak eman dizkiete berriki demokratei, eta tiranoari aurre egiteko eskatu diete. Senatuko buruak horren adierazle beharko luke.
Edozelan ere, litekeena da Trump “Mr Beto” bihurtzea, Kongresuaren lana oztopatzen. Demokratek estatu mordo bateko boterea eskuratu dute, eta horren ondorioak ezingo ditu Etxe Zuriak kontrolatu. Texasko fiskal berriak, esaterako, iragarri du haurdunaldia eteteko botikak errezetatzen dituzten kanpoko medikuak ez dituztela auzipetuko aurrerantzean. Aldaketa gehiago iritsiko dira oso laster.

Manifiesto plural contra el fascismo con llamada a la marcha de EH Bildu y a votar

EGI disfraza a Otegi y Aizpurua de guardias civiles y le responden con su denuncia de torturas

EH Bildu refuerza su acción política con la aportación de David Fernàndez

Las críticas se desplazan de la Ertzaintza a Insausti por el operativo del Real Sociedad-Lyon
