NAIZ

‘Lizarraldea ez dago salgai’ lelopean jendetzak Lizarrako kaleak hartu ditu

Lizarra inguruan egin nahi dituzten meategi proiektuen aurka mobilizazioa egin dute larunbat honetan Lizarrako kaleetan. ‘Lizarraldea ez dago salgai’ zioen pankartaren atzetik abiatutako manifestazioan jendetza bildu da «haien lurren eta bizitzen kalitatea babesteko» asmoz.

Eguerdian Lizarran egin duten mobilizazio jendetsua.
Eguerdian Lizarran egin duten mobilizazio jendetsua. (Jagoba MANTEROLA)

‘Lizarraldea ez dago salgai’ lelopean Lizarrako kaleak hartu ditu eskualdeko herrietatik gerturatu den jende mordoak inguru horietan egin nahi dituzten meategi proiektuen aurka. Lizarraldea Bizirik, Ekologistak Martan eta beste hainbat eragilek antolatutako mobilizazioa oihu artean abiatu da ordubatean Lizarrako Foruen plazatik, eta herrien izenak zein aldarri ezberdinak zituzten kartelak astindu dituzte bidean. 

Mobilizazioarekin agerian utzi nahi izan dute eskualdeko herriak «jasaten ari diren mehatxuen aurrean irmo elkartuta daudela». Ozen zabaldu dituzte aldarrikapenak eta «erakundeei eskatu diete uzteko makroproiektuak inposatu nahi dituzten enpresen interesak lehenesteari»: «Utz diezaiotela Gobernu Zentraletik eta Europatik negozio espekulatibo horiek sustatzen dituzten agenda alderdikoiak lehenesteari ere».

Horrez gain, azpimarratu dute «lurraldeari larriki eragiten dioten proiektu ugari ari direla ikusten azken aldian», beraz, manifestazioan makroproiektu batek edo batzuek eragindako herrien izenak eraman dituztela azaldu dute, eta guztira kaltetutako 100 herri inguru daudela: «Zundaketak Sorladan, Monjardin eta beste 31 herritan, kobrezko meategiak jartzeko aukera aztertzeko; Lana ibarretik Legardara hidrogenoa eta helioa bilatzeko esplorazioak iragarri dira, Lizarraldea zeharkatuz eta Aralar mendilerroa hartuz; Arroniz, Sesma, Viana, Andosilla eta Los Arcos herrietan biomethano planta handiak jartzeko mehatxua, 500.000 tona hondakin baino gehiago batuz; Oteitzako oso goi-tentsioko azpiestazioaren eraikuntza, Lorca, Lizarra, Murieta eta Muruarterainoko goi-tentsioko linea eraikitzea dakarrena eta, Oteitza, Allo, Lerin, Villatuerta, Aras, Bargota, Viana eta Valdizarbe bezalako makroproiektu fotovoltaiko eta eolikoak instalatzen jarraitzeko tematzea».

Gaineratu dute «landa-bizimodua, lurren, uraren eta bizi diren lurraren kalitatea babesten dutela, horrela haien herrien etorkizuna ziurtatuz», bestalde, «aurrerapenean eta garapen kolektiboan sinesten dutela, eta, era berean, enpresa gutxi batzuen ongizatearen kontura banakako onura erabat baztertzen dutela».

Egoera hori izanik, beharrezkotzat zuten «denak koordinatzea, arazo horiei aurre egiteko gai izango den indar handiagoa sortzeko». Hala amaitu dute hitzaldia mobilizazioaren ostean: «Elkarlanean jarraitzen dugu borrokan. Ez dago banakako borrokarik. Borroka bakoitza guztion borroka da. Horrela jarraituko dugu datozen hilabeteetan!».

Manifestazioaz gain, goizean zehar mahai informatiboak izan dituzte, eta Palestinaren aldeko elkarretaratzea ere egin gute. Mobilizazioaren ostean, argazki jendetsua ateratzeaz gain bazkari herrikoia egin dute, eta kontzertuaz gozatzeko aukera ere izan dute.

Hilabeteko lanketa

Mobilizazioa hilabeteko lanketaren azken alea izan da ordea. Urrian zehar Lizarraldeko hainbat herritan hitzaldiak antolatu baitzituen Lizarraldea Bizirik plataformak. ‘Lizarraldeko ostegunak’ izeneko ekimenak lau hitzaldi bildu ditu, gaur egun lurraldean dituzten «egiturazko arazoei buruzkoak, eta aspalditik mehatxu direnak»: klima-aldaketaren ondorioak, biometano, meatzaritza eta eguzki-plaken makroproiektuak eta datu-zentro handien mehatxua, besteak beste. Hitzaldi horietan, lurraldeko bizilagunen ikuspegiak eta esperientziak, eta gaietan adituak direnen informazio objektiboa uztartu dituzte, hausnarketa-espazioak sortuz.

Plataformak azaldu du «erakundeek gaiei buruz eskainitako informazio faltaren ondorioz, ekimena beharrezkoa ikusten zutela, beraz, ahalik eta biztanle gehienengana iristen saiatu direla: «Izan ere, uste dugu biztanleriak, informazioa eskura duenean, zaila dela eguneroko erabakiak hartzerakoan alde batera uztea».