
1.250 bat bertsozale elkartu dira larunbat honetan Miarritzeko Jai Alai pilokalekuan, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako lehenengo itzuliko azken finalaurrekoan. Julio Soto izan da puntu gehien bildu dituen bertsolaria, 733.5 puntu. Saioa irabazita, bigarren itzulirako zuzeneko txartela lortu du eta Donostian kantatuko du azaroaren 21ean. Gainontzekoak, puntuazioaren arabera sailkatu dira.
Horrela geratu dira Miarritzeko puntuazioak: Julio Soto Ezkurdiak 733.5 puntu poltsikoratu ditu; Sustrai Colina Acordarrenteriak, 713; Maddi Ane Txoperena Iribarrenek, 682; Oier Etxeberria Zubimendik, 672.5; Maddalen Arzallus Antiak ere puntuazio bera, 672.5; eta Andoni Rekondo Izagirrek, 660.
Soto bera, Colina eta Txoperena pasatu dira bigarren itzulira, eta Etxeberriak, Arzallusek eta Rekondok agur erran diote txapelketari.
Gaur gaurkoz hauek lirateke Maialen Lujanbiorekin finalean kantatuko duten zazpiak: Amets Arzallus, Nerea Ibarzabal, Julo Soto, Beñat Gaztelumendi, Alaia Martin, Miren Artetxe eta Aitor Mendiluze. Sustrai Colinak Mendiluzeren puntu berak ditu.
Goi mailako bertsoak
Julio Soto txapelketa ederra ari da egiten eta ez dakigu inor lehengora itzultzen ote den, baina bertsokera, erritmoa, ideien indarra eta freskotasuna berreskuratzen ari dela bistan da, eta bertsio berri honetan bere goi mailako bertsoekin zaletuok gozatu ederra hartzen dugu.
Bikain aritu da Sustrai Colina, anitzentzat bera zen faboritoa, eta beharbada, poto batek eragotzi zion lehen postua eskuratzea, baina latz egin du bertsotan, ariketa guztietan utzi du hain berea duen distira, pentsamenduari eragiteko ideia indartsuak eskaini dituelako, hitz-joko bikainak, beti bezala, eta bakarkakoan kantatutako «aukera» bikoitz hori aukera bakar bihurtuko zaio ohikoa duen final handian egoteko.
Hirugarren egin du Maddi Ane Txoperenak, hutsik egin gabe eta ale onak utziaz egungo Xilabako txapeldunak saio on bat josi du, eta horri esker sartu da finalerdien bigarren itzulira. Oier Etxeberria fin ibili da, fresko eta zuzen, eta bakarkakoan adibidez, zaila zirudien gai bati jakinduriaz eta egokitasunez helduz, puntu berak izan ditu Maddalen Arzallusek bukaeran, akatsik gabe eta ondo egin du bertsotan, punta joz momentu askotan, eta askotan gelditzen gara hurrengorako «sartu edo ez sartu» horrekin, baina gogoangarriak diren hitz kantatuek balio dute sailkapenak baino gehiago bertsozale askorentzako.
Andoni Rekondok itxi du sailkapena, eta hernaniarrak ere poto egin du, baina ariketa desberdinetan bere umore fina agertuz, batez ere punttukako ariketan.
Adibide batzuk
8ko handian Sustrai eta Oier Etxeberriaren saioa ederra izan da, surflari izandakoak biak, orain dagoen masifikazioari kantatuz. Oier hasi da: «Gu hasi ginen garaian hau zen afizio bat apala/sartu gintezkeen nola itsaso ertza zen aski zabala/ baina garaiak aldatuz doaz gaur ikusten ditut hala/ ohol gaineko neoprenoak kakalardoak bezala». Eta Sustraik erantzun eder hau eman dio gaia tokian eta errealitatean kokatuz: «Nahiz itsasoak beti ordezkatu nahi lukeen askatasuna/ askatasuna noiznahi bihurtu liteke askotasuna/ dagoeneko surfa moda da jasaterik ez duguna/ ta turismoa olatu bat da gainetik pasa zaiguna».
Bakarkako aparta josi du Sotok, alaba txikia ikusi zuen eskolako motxilan janaria sartzen, eta bere lagun batentzat zela erran zion alabak, horra bere lehenbiziko bertsoa: «Pertsona adina zulo, zulo adina pobrezi/ nahiz eta darraigun gure uste eta hipokresi/ txorixo bokadillo bat prestatu diot berezi/ berak beste bat egin du eta motxilan bereizi/ ‘aita Omarrentzat da hau ez da niretzat sinetsi/ hark ez baitu jatekorik hark dauzka bi ezpain hertsi’/ ta sentitu dut irripar bat atera da ihesi/ gure alaba ttikia ez dugula gaizki hezi».
Bigarren itzuliko saioak
Miarritzen erabaki da zein 18 bertsolarik kantatuko duten finalaurrekoen bigarren itzulian. Horrela geratu dira saioak osatuta: azaroaren 21ean, Donostian, Agin Laburu, Aitor Mendiluze, Aner Peritz, Joanes Illarregi, Julio Soto eta Saioa Alkaiza arituko dira kantuan. Azaroaren 28an, Gasteizen, Aitor Bizkarra, Ane Labaka, Beñat Gaztelumendi, Maddi Ane Txoperena, Nerea Ibarzabal eta Sustrai Colina. Eta abenduaren 5ean, Bilbon, Alaia Martin, Amets Arzallus, Miren Artetxe, Nerea Elustondo, Oihana Iguaran eta Xabat Illarregi.
Finalaurreko guztiak amaitzean, bi itzulitako puntuazioak batuko dira eta finalaurrekoetatik puntuazio gehien lortu duten zazpi bertsolari igaroko dira finalera. Han zain izango dute Maialen Lujanbio gaur egungo txapelduna.

40.000 personas alzan la voz para «convertir nuestros sueños» en «las pesadillas» del fascismo

El vasco más rico del mundo vive en Suiza y basó su fortuna en el petróleo y el zinc

El empujón del ertzaina a una huelguista el 11N que causa indignación en redes

Núcleo Nacional, el grupo nazi que planeaba «un alzamiento» y deja rastro en Tolosa y Berriozar
