Kazetaria / Periodista

Grenfell Athletic, tragediaren errautsetatik sortutako esperantza

Londresko Grenfell dorreko suteak 72 hildako eragin zituen 2017an eta bizirik irtendakoek futbolean aurkitu dute minari, amorruari eta etsipenari aurre egiteko bidea. Grenfell Athleticen historia kontatzen duen filma Bilbon ikusi ahal izan da.

‘Beacon of Hope: The Grenfell Athletic Story’ filmeko egileak.
‘Beacon of Hope: The Grenfell Athletic Story’ filmeko egileak. (ATHLETIC FUNDAZIOA)

2017ko ekainaren 14ko gaua nekez ahaztuko dute Londres mendebaldean, komunitate oso bat errotik suntsitu zuen ezbeharra gertatu baitzen Grenfell dorrean, dozenaka familia hartzen zituen etxebizitza sozialen blokean. Eraikina guztiz irentsi zuten garrek, 60 ordu behar izan zituzten sutea itzaltzeko eta balantzea ikaragarria izan zen: 72 hildako eta ehunka lagun kale gorrian. Etsipenak jota, futbola izan zuten ihesbide auzotarrek, Grenfell Athletic FC hain zuzen. 2017an bertan sortua, komunitatea berriz eraikitzeko bitarteko bihurtu da kluba, tragediaren mamuak uxatu eta, bide batez, bizia galdu zutenak omentzeko.

Bilboko ‘Thinking Football Film Festival’ jaialdian aurkeztu dute ‘Beacon of Hope: The Grenfell Athletic Story’, kirolaren alderdirik gizatiarrena agerian uzten duen dokumentala. Theo Lee Ray zinemagile britainiarra klubaren parte diren jokalari eta entrenatzaileen bizipenetan oinarritu da Grenfell dorreko tragedia eta futbol taldearen bilakaera azaltzeko.

Pelikulak kontatzen duenez, kalte pertsonalez harago, komunitate osoa pitzatu zuen hondamendia izan zen hura. Auzoko gazteek dorrearen azpiko kirolgunean amets egiten zuten noizbait futbolari ospetsu izango zirela eta kulturen arteko elkar ulertzean oinarritzen zen eguneroko biizmodua. Suteak hori guztia suntsitu zuen, britainiar gizarteak estigma ezarri zien Grenfelleko biktimei eta elkarbizitza lur jota geratu zen. Bizirik irten zirenek Grenfell Athletic sortu zuten eta, ezustean, dozenaka lagun aurkeztu ziren proiektuaren parte izateko gogoz.

Tragediak eragindako mina baretzeko gaitasuna du futbolak, amorrua eta noraeza bideratzeko ahalmena. Dokumentalean hitz egiten dutenen artean daude sugarretatik ihes egindakoak, baita senide eta lagunak galdu zituztenak ere. «Traumari aurre egiten eta sentipen positiboak berriro izaten lagundu zidan klubak», dio haietako batek. Antzeko bizipen lazgarriak zituzten pertsonek elkarrekin konpartitzeko espazio bihurtu zen Grenfell Athletic. «Partida eta entrenamenduetako errutinak lagundu egin zidan aurrera egiten», dio beste batek.

Izan ere, filmean aipatzen denez, sutearen gaua bera baino okerragoak izan ziren ondorengo asteak. Kluba helduleku bihurtu zen bizirik irten ziren askorentzat. «Bizitza aldatu zidan, orain etxetzat sentitzen dut Grenfell Athletic». Gizonen taldeko bigarren entrenatzaile Paul Menacerrek dio «erru sentimenduak» erabat jan zuela barrutik eta futbolari esker ari da buruko osasuneko arazoei buelta ematen, pixkanaka. Grenfell Athletic «hildako 72 lagunei omenaldia egiteko modua» dela gaineratu du.

2017an gizonezkoen taldea Londresko beheko mailetan hasi zen jokatzen eta handik urte gutxira sortu zuten emakumeen taldea. Orduan hasi zen jokatzen Valentina, eta bera bezalako neskekin aldagela eta bizipenak partekatu ahal izatea “magikoa” izan zela dio. «Taldea baino gehiago, komunitatea gara», gaineratu du Tia Best taldekideak. Dokumentalak emakumeen taldearen garapena kontatzen du: hasieran partida gehienak galtzen zituzten, frustrazio horri aurre egin behar izan zioten eta, gaur egun, emaitza txukunak lortzen ari dira. Gizonak ere sendo daude, 2025ean Surrey hego-ekialdeko liga eta kopa irabazi zituzten.

Dave Kitson futbolaria, Grenfell Athletic taldearen lan saio batean. (Niklas HALLE'N/AFP)

Hala ere, kirol emaitzak bigarren mailako ardura dira Grenfell Athleticen. Hasieran, ezbeharraren ondorengo oinazeari elkarrekin aurre egiteko helburua zuen eta, urteekin, sutean hil ziren 72 lagunen memoria zabaltzea ere bada taldearen asmoa. Bide horretan, 2020an pausu nabarmena egin zuten, elastiko berria gizarteratzeko komunikazio kanpaina martxan jarri zutenean. Laguntza eskatu zuten eta, haien harridurarako, egun gutxiren buruan pertsona ezagun ugari sare sozialetan agertu ziren kamiseta berdearekin: Chelseako jokalariak, Harry Kane golegilea, Tom Cruise aktorea eta abar.

Bederatzi urte joan dira Grenfell dorreko sutetik eta, filmeko protagonistek onartu dutenez, pixkanaka memoria kolektibotik ezabatzen ari da tragedia hura. Horregatik, Grenfell Athleticen ibilbidea hasi baino ez da egin, hondamendian galdu zituzten senide eta adiskideen memoria zabaltzea inoiz baino beharrezkoagoa dela uste baitute.