Andoni Arabaolaza
Kazetaria, mendian espezializatua / Periodista, especializado en información sobre la montaña

Aleksandra Taistrak 7a+ maila gainditu du hormatzar batean sokarik gabe

Joan den urriaren 29an, 44 urteko Aleksandra Taistra eskalatzaile poloniarrak Sardiniako Oddeu mendiko ‘Margarites’ ibilbidea (7a+, 220 m) bakarka integralean sinatu zuen. Bidearen giltzan aldez aurretik pentsatutako mugimenduak aldatu zituen.

Aleksandra Taistra gai izan da 7a+ maila duen bide luze bat sokarik gabe igotzeko.
Aleksandra Taistra gai izan da 7a+ maila duen bide luze bat sokarik gabe igotzeko. (A.T.)

Aleksandra Taistra bakarka integraleko eskaladan iraultza egiten ari da. Iragan irailean aipatzen genuen gai izan zela ‘Alfredo Alfredo’ lerroa (7a, 200 m, Sardinia) sokarik gabe igotzeko. Ordura arte, soilik sei emakumezkok maila hori egin zuten hormatzar batean estilo horretan. Aipatu dugun jarduera ikusgarri hori egiteko, 44 urteko poloniarrak sei urteko prestaketa egin zuen. 

Hilabete bat beranduago, urriaren 29an, zailtasunean beste urrats bat egin eta igoera handi bat egin zuen sokarik gabe. Hain zuzen ere, Sardiniako Oddeu mendian dagoen ‘Margarites’ bidea (7a+, 220 m). Irakurtzen den bezala, bakarka integraleko bere ibilbidean plus bat gehitu dio. Berez, marra horren ondoan dagoen 7b graduko lerro bat eskalatzeko asmoa zuela: «Ibilbidearen mugimenduak eta sekuentziak probatzen ari nintzela ohartu nintzen zailtasun gehienak mugimendu gutxi batzuetan kokatzen zirela. Eta horrek pixka bat beldurtu zidan. ‘Margarites’, berriz, askoz ere homogeneoagoa da. Hiru luze gogor ditu, eta progresio horretan gora egiten du zailtasunak».

Eskalatzaile poloniarrak aukeratutako lerroak zortzi luze ditu gris koloreko kareharri trinkoan. Tarte batzuk bertikalak dira, baina beste batzuetan plaka etzanak eskalatzen dira: 6c+, 6a+, 6b+,7a, 7a, 7a+ eta 5a. Zazpigarren mailako hiru luze jarraian ditu eta, jakina, tartean marraren giltza. Horregatik dio progresioan zailtasunak oso iraunkorra direla. 

Iraileko eskaladan bezala, Taistrak soka gainetik edo top ropean luze gogorrenak probatu zituen mugimenduak eta sekuentziak ezagutu eta menderatu ahal izateko. 

Aldaketak

Poloniarrak eginiko igoera horri dagokionez, aurreratu behar dugu 7a mailako luzeak oso teknikoak direla. Alabaina, ez zioten buruhausterik eragin. Baina hurrengo luzeak, 7a+ mailakoak eta bidearen giltza denak, bestelako aurpegia erakutsi zion. Taistrak esan du luze hori hasi zuenean konturatu zela eguzkiak asko berotu zituela hartu behar zituen heldulekuak. Kondizio horiek ez zioten batere segurtasunik eman. Metro gutxi batzuk eskalatu, ondoren horiek deseskalatu eta bilgunean ordu erdi bat itxaroten egon zen brisa leun batek heldulekuak pixka bat hoztu arte. Kondizio horiek, bederen, oreka eskaini zioten. Kontzentrazioari eusteko gai izan zen, eta luze hori biribildu zuen. Azken luzea (5a), berriz, oso samurra egin zitzaion, eta arazorik gabe sokarik gabe eginiko igoera bikain hori amaitu zuen.

Datu zehatzik ez daude, baina, antza denez, ‘Margarites’-ekin Taistrak hormatzar batean egin den bakarka integraleko jarduera zailena sinatu berri du.