Alfonso Sastreri lur eman diote, ideia askatzaileak ereiten segi dezan

Jaio zeneko ehungarren urteurrena dela eta, errautsak lurperatu eta omenaldia egin diote Hondarribian. Olerki, musika eta hitzartzeen artean, Sastreren pentsamendu kritikoa eta konpromiso askatzailea nabarmendu dituzte.

Iñar Sastre, musikaria eta Alfonso Sastreren biloba, ekitaldian.
Iñar Sastre, musikaria eta Alfonso Sastreren biloba, ekitaldian. (Jagoba Manterola | FOKU)

Alfontso Sastre poeta, dramaturgo eta militantearen errautsak Hondarribiko hilerrian lurperatu dituzte gaur eguerdian. Kandido Saseta gudarien komandantearen eta Jose Bergamin idazlearen aldamenean eman diote lur, Eva Forestekin batera «menderik mende elkarrizketa ederrean» jarraitu dezaten.

2021eko irailaren 17an hil zen Sastre. Egoerak durduzatuta, bere familiak erabaki zuen ez zela omenaldietarako momentua. Bost urte geroago, Sastre jaio zela ehun urte bete direnean, topatu dute horretarako aldartea.

Omenaldi eder bezain hunkigarria egin diote, hilerriaren atariko zelaian. Albo batean Kantauri itsasoaren zerumuga zabala eta bestean Jaizkibel eta Aiako Harrien magalak zituztela, udal ordezkariak, kulturgileak eta kide izan zituen hamarnaka militante abertzale eta sozialista elkartu dira bertan, bai eta harekin pozak eta minak partekatu zituzten lagun, senide eta herrikide ugari ere.

Inposibilista

Alfonso Sastre idazle polifazetikoa izan zen. 1926an jaio zen, Madrilen, eta gazte-gaztetatik poesia eta antzerkia idazten hasi zen. Bere ibilbidean zehar ehun eta berrogei obra baino gehiago idatzi zituen: ‘Escuadra de la muerte’, ‘La mordaza’, ‘Crítica de la imaginación’... Horrez gain, ehunka iritzi artikulu idatzi zituen, horietako asko Egin eta GARAn.

Luma kritiko eta askea zen berea. Ainhara Zuazabeitia kazetariak azaldu duenez, Francoren diktadura betean «inposibilismoa» proposatzen zuen; hau da, zentsurarik ez balego bezala idaztea, egun posible ez dena bihar hala izan dadin. Horrek, jakina, errepresioa eta bazterkeria ekarri zizkion.

1977an, «sasi-amnistiaren ondoren», Eva Forestekin Hondarribira joan zen bizitzera eta ordutik hantxe bizi izan zen. Igor Enparan alkateak, hain zuzen, herrian utzitako arrasto sakona azpimarratu nahi izan du. Enparanen hitzetan, «aparta, zintzoa, koherentea» zen Sastre, «izaera borrokalari, ausart eta menderaezina» zuena: «Munduko injustiziek beti pizten zuten haren grina», eta hori, testuetan ez ezik, egunerokoan ere islatzen zuen: esaterako, Forestekin batera, «lagun askori informazioa, babesa eta aterpea» eskaini zizkiela azpimarratu du. «Bihotz handiko pertsona zen, xumea eta hurbila», gaineratu du, haren alderdi humanoa ere balioan jarriz.

Unibertsala, Euskal Herritik

Jarraian Miguel Castells abokatuak hartu du hitza. Sastre lagunari zuzenean hitz eginez, Forest eta biekin hartutako kafe amaigabeak ekarri ditu gogora eta, Sastreren kalitate intelektual eta literarioarekin batera, haren ikuspegi kritikoa azpimarratu du: «Dogmatismoa baztertzen zuen, baita autoritate-argumentua ere: ‘Hau horrela da fulanitok esan zuelako’. Ez. Obendientzia itsuaren kontra egiten zuen, agintzen duenak agintzen duela, eskuinekoa edo ezkerrekoa izan». Argitu duenez, «zalantza horrek ez du baztertzen erabakitzeko beharra, egoera zail eta mingarrietan. Baina zalantza altzoan dela erabaki behar da».

Castellsen hitzetan, Forest eta Sastre, bere pentsamenduz, obraz zein bizitzaz, «unibertsalak» izan ziren, eta horren lekuko izan zen mundu osoko askapen mugimenduei eskaini zien elkartasuna. Alde horretatik, borroka unibertsal hori garatzeko helduleku gisa Euskal Herria aukeratu izana ohore bat dela azpimarratu du: «Edozein herri aukeratu zenezaketen, eta Euskal Herrira etorri zineten, bertan bizitzeko, borrokatzeko eta zuen hazia uzteko».

Garai nekezetan ere ez zioten konpromiso horri muzin egin. Esaterako, Eginen itxiera salatzeko manifestazio nazionala deitzeko prentsaurrekoan ahotsa eta gorputza jarri zituen. Aurrerago, 2009an, Estatu espainola askatasun politiko eta zibilen kontrako ekinaldi betean jarraitzen zuela, Iniziatiba Internazionalistako zerrendaburua izan zen hauteskunde europarretan. Jon Maia bertsolariak, hautagaitzari babesa emanez, “Os seguimos, Alfonso” (“Alfonso, jarraitzen zaituztegu”) artikulua idatzi zuen GARAn, eta gaur, 17 urte beranduago, berrirakurri egin du.

Honela hasten da: «Estimado Alfonso Sastre. Nos vas a representar, y otra vez, deberíamos decir. Y es que llevas una vida representándonos. Tus poemas, tus ensayos, tus novelas nos representan. Porque hablan de nuestros sueños, de nuestras ansias y de nuestras luchas, de nuestros temores». «Nos has enseñado, una vez más, ese sosegado coraje, esa forma que tienes de decir las cosas, como si una espléndida mañana de primavera, abres la ventana y dices: bonito día para hacer la revolución. Y te pones a escribir. Alfonso Sastre, tú nos representas como nadie. Y es que, además, nadie nos representa como tú», jarraitzen zuen aurreraxeago, osorik irakurtzea merezi duen artikuluan.

Azken-aurreko agurra

Iñar Sastre bilobak biribildu du hilerri aurreko ekitaldia, pianorekin ‘Lili Marleen’ abesti ezaguna joaz. Behin hala eginda, txistulariak lagun, han bildutakoak hilerri barrura abiatu dira, lur ematera. Juanito Sastre semeak bi poema errezitatu ditu eta biloba eta birbilobek Iker Gabilondok egindako eskultura desestali dute, lore, malko eta irribarre konplizeen artean.

‘Internazionala’, ‘Eusko Gudariak’ eta ‘Batasuna’ abestu aurretik, honela agurtu du bere seme Juanitok: «Orain bakean utziko zaitugu. Agur eta ohore!».

Eta bai, orain bakean utziko dute, baina bakarrik ez. Irudipena baitut han bildutako militante eta lagunak, haren obrara ez ezik, haren hilobira ere behin baino gehiagotan urreratuko direla, lurrazpiko elkarrizketen murmurioak entzun eta kideari xuxurlatzera: Alfonso, oraindik ere jarraitzen zaituztegu; orain ere jarraitzen dugu.