Mikel Zubimendi
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

Agirre eta Monzon: bi lagun handi, laguntasun handi bat

Gure historia eta memoria antifaxista zabaltzeko ekimen bikoitza. Pako Sudupek idatzitako ‘Telesforo Monzon lehen Eusko Jaurlaritzan’ liburuxka eta 1936ko urriaren 7ko Gernikako Adierazpenaren erreprodukzio lamina kaleratu ditu, GARA eta NAIZeko harpidedunen artean salgai daudenak.

Telesforo Monzon Gobernazio Kontseilaria, Bilbon.
Telesforo Monzon Gobernazio Kontseilaria, Bilbon. (OLASO DORREA FUNDAZIOA | EUSKADIKO ARTXIBOA)

Duela 90 urte, tropa faxistek gure lurretan aurrera egiten zuten bitartean, Gipuzkoa mendebaldeko eta Bizkai arteko mugan, frontea egonkortzea lortu zen, milaka gudari eta milizianoen erresistentzia armatu heroikoari esker. Leku estrategikoetan, esaterako, Elgetan, Orozkon, Legution edo Ondarroan, ez aurrera ez atzera geratu zen faxisten ofentsiba, eta horrek arnas politikoa eta baldintza egokiak sortu zituen, lehen euskal gobernua eratu ahal izateko. Gobernuaren aldarrikapen ofiziala gure askatasunen ikur historikoa den Gernikan izan zen, «Gora Euskadi» oihuen artean, 1936ko urriaren 7an. Jose Antonio Agirre izan zen aurreneko lehendakaria, eta haren konfiantzazko kontseilaria, Gobernaziokoa -egun, Segurtasun sailburua litzatekeena-, txikitan, prakamotzetan, Bergarako herrian lagun egin zuen Telesforo Monzon izan zen.

Gerraren lazkeriak eta erbestearen miseriak markatutako gobernua izan zen. Bederatzi hilabete eskas eutsi zion, harik eta 1937ko ekainean, bonbardaketa eta sarraski betean, euskal lurraldea faxisten esku behin betiko erori zen arte. Erbestetik jarraitu behar izan zuen gobernu hark lanean, euskal iheslariei laguntzen, euskal kausa munduratzen, instituzionalizazio kimu hura idortzen ez uzten.

Memoriaren kondentsazio itzela gordetzen dute gertakari latz haiek. Eta, urruti gabe, gaur zortzi faxismoa hain gertu eta mehatxagarri etor litekeen koiuntura honetan, baita oso baliagarriak diren irakaspenak ere: talde bezala baino, herri bezala jokatzea, abertzaleen arteko kontraesanak kudeatzen jakin behar izatea, edo, Europa harritu eta eskandalizatu zuen gertakizuna gogoratuz, alderdi kristau batek, konfesionala eta katolikoa, lubakien une erabakigarrian, elizaren hierarkiaren kontra, eta oligarken kontra, nola egin zuen bat anarkistekin, komunistekin eta sozialistekin. Eta nola ez zen izan buruzagi baten erabakia, pertsona bat edo birena baizik, eta herri baten jokabidea.

Elkarren artean, elkarrekin

Hor bada, bai, gure historiaz zer ezagutu, gogoratu eta zabaldu. Hartara, lehen Eusko Jaurlaritzaren sorreraren 90. urteurrenaren harira, Olaso Dorrea Fundazioak bi argitalpen esanguratsu plazaratu ditu: Pako Sudupe Elortzak idatzitako «Telesforo Monzon lehen Eusko Jaurlaritzan» liburuxka, Telesforo Monzonek lehen Eusko Jaurlaritzan izan zuen eginkizuna ezagutzeko; eta gure historiaren lekukotasun berezia dakarren 1936ko urriaren 7ko Gernikako Adierazpenaren erreprodukzio lamina. Biak, asteartetik aurrera, GARA eta NAIZeko harpidedunen artean salgai egongo dira.

Suduperen liburuxkak Monzonek 1936tik 1956ra, lehen Eusko Jaurlaritza hartan, jokatu zuen papera hiru ataletan banatu du: Gobernu kontseilari zela (1936-1940); Mexikon erbesteko eusko jaurlaritzaren ordezkari (1941-1946); eta Donibane Lohizunen Kultura kontseilari (1946-1956). Zinez lan ederra da, eta testuinguru aberatsa eskaintzen du (Bigarren Mundu Gerra, monarkiarekin kontaktuak...); laburra da, baina zerumuga sakonekoa. Adibidez, gerraren lehen hilabeteak kontatzen ditu, Gobernazio sailburu zela hartutako erabakiak, hala nola, gehienak faxisten aldekoak ziren Guardia Zibilak eta Erasorako Guardiak desegitea eta Ertzaintza sortzea, edo ertzain izateko bete behar zirenak, besteen artean, gaztelania eta euskara jakitea, jokabide onaren ziurtagiria izatea eta euskal gobernuaren kausaren aldekoa zela frogatzea; edota nazien bonbardaketa baten osteko amorruarekin, 1937ko urtarrilaren 4an, Bilbon 225 preso hil zituzteneko sarraski beldurgarriarenak -EAJk Monzonen dimisioa eskatu zuen bere ardurapean baitzegoen espetxeetako kanpo zaintza-. Edo errenditzeko Italiarrekin egindako negoziazioak, lan diplomatikoa Europan...

Kontakizunean Jose Antonio Agirre eta Telesforo Monzon ageri dira, alderdikide eta gobernukide, lagun, batak bestea oso estimu handitan. Eta, halere, momentu batetik aurrera, bakoitzak bide politiko ezberdina hartu zuen. Hala eta guztiz ere, elkarrekin ondo konpontzen ziren, elkarrekin gauzak konpontzen zituzten. Sudupek liburuxkaren sarreran gogoratzen duenez, Agirre hil aurretik, elkarrekin topa egin zuten, baten bidea aurrera ateratzen bazen, poztuko zelako, eta bazekielako alderantziz gertatuta ere, Telesforo poztuko zela; eta topa, beste behin, «bien bide politikoak gauzatzearen alde». Hori da Olaso Dorrea Fundazioko lehendakari Irati Jimenezek erreportaje honi izenburua eman dion liburuxkaren aitzinsolas ederrean nabarmentzen duena: «Horregatik da kontatzen dena hain interesgarria, hain apasionantea, hain hunkigarria eta hain inportantea, iragan mendeko historia ulertzeaz gain, lagungarria izan daitekeelako etorkizuna eraikitzeko, eta, Agirreren azken aberria izan zen Monzondarren etxearen izena hartuta, mende berri bati hasiera emateko».

Desadostasunekin, baina konplize

Esan bezala, Monzonek Agirre lehendakaria ezagutu baino lehen, Jose Antonio ezagutu zuen. Agirrek aitona Bergarako Etxenagusi baserrikoa zuen, Monzondarrei Olaso Dorrearen ondoan erositako etxe batera kaletartu zena. Han jaio zen Jose Antonio; aitona-amonak bisitatzera eta Bergarako jaiak ospatzera askotan joaten zen umetan, eta hantxe hazi zen, prakamotzetan. Beti mantendu zuten laguntasuna, eta egoera zailetan elkarren konfesore izatera iritsi ziren. 1933tik 1936ra, Monzon EAJko diputatu izan zen Madrilen. Euskal Herrian herriz herri mitinak ematen nabarmendu zen, hizlari aparta baitzen; izan ere, Calvo Sotelo bezalako zezenekin trebatu zen buruz buru. Euskal diputatu gaztea ez zen mutu gelditzen argudio dialektiko ezagatik. Errepublika heltzean, hasiera-hasieratik nabarmendu zen Jose Antonio Agirre. Eta bere lagun Telesforok oso argi izan zuen eta horrela aitortzen zuen beti: Euskal Herriak behar eta merezi zuen lider handia izan zen.

Monzonek egin bezala, Agirrek ere euskara ikasi zuen, eta euskaraz mintzatzen zitzaion herriari. Orduan ere abertzaletasuna erdibituta zegoen, «komunioa eta partidua»; Agirrek batu egin zituen, eta horrek itzal handia eman zion. Txokolate fabrika bat zuen Getxon, eta, inork behartu gabe, bere borondatez, langileen aldeko legeak ezarri zituen. Monzonentzat, Agirre izan zen EAJn denen artetik sozialki aurreratuena.

Ez zen intelektual handia izango agian, baina Monzonentzat gizon osoa zen, pieza batekoa. Berarentzat, herriak eta Jose Antoniok bat egin zuten, denbora latz haien sinbolo izan zen, eta horrela aitortu zion ordezkatzen zuen herriak. Desadostasunak izan zituzten, jakina, baina beti eutsi zioten konexioari eta konplizitateari.

Herri borroka, herri buruzagitza 

Monzonek ohorerik jaso baldin bazuen bere bizitzan, Euskal Gobernuko ministro izatea izan zen horien artean handiena. Euskal Gobernuak 1936an, herri osoaren izenean hitz egin zezakeen; faxistak kanpo utzita. Herriaren borroka baterako Herri Buruzagitza zen. Indar abertzale berriak sortuta, Monzon gobernuko ateak parez pare zabaltzearen aldekoa zen, buruzagitza eta mintzakidetza nazionala finkatzearen aldekoa. Oso garbi zuen: Euskal Herria askatzekoa herri borroka zen, ez talde borroka. Eta, hartara, abertzaleen arteko jokaera bandokideak eta ezinikusiak, batasun eza eta elkarkidetasun falta bukatu beharra zeuden, «etsaitzen gaituen Mari-gaiztoa» garaitu. Herri abertzalea batu behar zen oinarri argi eta partekatuen gainean: aberriaren askatasuna, euskara eta lurraldetasuna.

Molak eta Francok gerra sutu zutenean, nafar gehienak euskal erresistentziaren aurka aritu ziren, eta Monzonentzat euskal anaien arteko gerra mingarria bezain eramanezina izan zen, nahiz ez zuen zalantzarik izan faxismo espainolaren aurka ekiteko. Nafarroatik helduta nafar euskaldunek eusko gudariak nola hil zituzten ikusi zuen, baina, hala ere, argi zuen euskaldunen arteko gorrotoak beratzeko eta adiskidetzeko beharra. Monzon kristaua zen osoki, eta Sudupek iradokitzen du hori izan daitekeela Monzonen ardurak esplikatzeko beste hari bat. Hots, preso zeuzkaten faxista eta erreketeen kontrako mendekuak geldiaraztea. Harentzat, kristautasuna humanismoaren gailurra zen, eta, Agirrek esan bezala, oso argi zuen: kristaua izatea herria maitatzea baldin bada, ni kristaua naiz; kristaua izatea ezpataz kristautasuna sartzea baldin bada, ni ez naiz kristaua.

Beren traumak ere bazituzten, bai. 1931n lau herrialdeetako euskaldunak batuta zeuden, hobea ala txarragoa zen autonomia estatu baten bidez, baina batuta. 1932an, hamabost ahaldunek Lizarrako Estatutuari egindako traizioagatik banatu ziren, eta, 1936an, elkarren kontra gerran ziren. Euskalduna anai-arreba zen Monzonentzat, nahiz eta Gipuzkoako Defentsa Batzordeko buru zela, Oiartzundik behera etorri eta gudariak hiltzeagatik bere aurrera preso ekarritako errekete baztandar euskalduna izan.

Hil arte sentitu zen jelkide, eta Monzonek jeltzaletasunetik aldentzeko baino gogo handiagoa izan zuen EAJk Telesforo alderditik botatzeko. Jelkidetasuna sentimendu oso sakona zen, ohoratu beharreko tradizioa. Ez zen ur geldotan ibiltzea, oasi batean bizitzea, inondik ere. Garaiari egokituz, ur lasterretan aritzea zen.