Markel Garzon Goitia
Aktualitateko erredaktorea

«Lan-da, lan»: Marea laranjaren itsasargia piztu da berriz ere

Mikel Landa Euskaltel Euskadiko lider gisa aurkeztu dute Bilbon. Ilusioak gainezka egin du aro berri honetan eta helburutzat hartu dute 2027ko Itzulian eta Vueltan egotea, olatu laranja batek berriz ere errepideak har ditzan.

Mikel Landak maillot berria aurkeztu du, Bilbon.
Mikel Landak maillot berria aurkeztu du, Bilbon. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Egunsenti eder batean bezala, eguzkia atera da mendien gibeletik. Zaila izan da iristea gailurreraino, baina pedalkadaz pedalkada lortu du Euskaltel Euskadik. «Ongi etorri etxera, Mikel», izan dira Xabier Usabiaga kazetariaren lehen hitzak hasierako agurrean. Argitu da eguna: Euskaltel Euskadik agerraldia egin du Bilbon, ostiral goiz honetan, Mikel Landa lider berri gisa aurkezteko.

Bizkaia Euskaltel Digital zentroa leporaino bete da, zaletuak, ordezkari instituzionalak eta Mikel Landaren taldekide ohiak izan dira aurkezpenean, Igor Anton eta Iban Mayo, besteak beste. Ibone Bengoetxea, Lakuako lehendakariordea; Javier Guillen, La Vueltako zuzendaria; Anton Arriola, Kutxabankeko presidentea eta Ricardo Barkala ere egon dira presente.

Ororen gainetik eta ezbairik gabe «ilusioa» izan da gehien errepikatu den hitza. Ezinezkoa zirudien arren, UCI Nazioarteko Txirrindularitza Batasunaren sailkapenean, lehenbiziko 30 taldeen artean amaitu zuen denboraldia Euskaltel Euskadik, eta, horren ondorioz «ilusioa zabaldu egin dela» aitortu du Mikel Landak.

Helburu argia dutela adierazi du Euskadi Fundazioko presidentea den Iñaki Isasik: lasterketa handienetan parte-hartzea eta lehiatzea. Eta, hain zuzen, 2027ko irailaren 4an abiatuko den La Vuelta jarri dute jomugan. Metro eskasetara zegoen lasterketaren zuzendaria, Javier Guillen.

Mikel Landak maillot berria aurkeztu du, irudian, ordezkari instituzionalen artean (Aritz LOIOLA | FOKU)

Aro berrian murgilduta dauden honetan, Usabiagak aitortu du Mikel Landaren itzulera «fitxaje bat baino askoz gehiago» dela. 

«Bere ibilbideaz harago, itxaropena, eredua, ilusioa, emozioa da Mikel Landa. Berriz ere laranja koloreaz ikusteak hunkitzen gaitu, sofatik altxaraziko gaitu eta errepide bazterrak betearaziko ditu. Marea laranjaren itsasargia izango da, Euskaltel Euskadi dagokion lekuan kokatzeko eta euskal txirrindularitzako zaleek amets egin dezaten berriz ere», hunkitu du aretoa Usabiagak bere hasierako interbentzioan.

«Lan-da, lan»

Ondoren, bideo hunkigarria proiektatu dute Mikel Landak hitza hartu aurretik. Txirrindulari arabarra izan da grabazioaren protagonista. «Bizikletan ibiltzen ahazten ez den bezala, ez da ahazten non eman nituen lehen pedalkadak», aitortzen du txirrindulari arabarrak bideoan zehar. Hitz-joko batekin amaiera eman diote: «Lan-da, lan».

Meinrad Spenger, Orange taldeko buruzagia, izan da gonbidatuen artean lehenengoa hitza hartzen. «Hemen etxean bezala sentitzen naiz, atxikimendu handia dago txirrindularitzarekiko eta janari goxoagoa, jakina», bromeatu du enpresari austriarrak. Gaur egun, Orange da Euskaltel telekomunikazio-operadorearen jabe bakarra.

Txirrindularitzaren zale amorratu bezala aurkeztu da Spenger eta Felix Gall txirrindulari austrairraren irudia goraipatzeko baliatu du egoera. Dena den, Landaren konpromisoa nabarmendu du publikoaren aurrean: «Bihotzetik egindako proiektua da hau, talde erraldoien aurka lehiatuko gara, baina Mikel Landaren itzulerarekin ezinhobeto ekin diogu proiektuari. Atzetik datozen guztiek erreferente gisa hartzen dute eta oso inplikatuta ikusi dugu lehen egunetik».

Usabiagak «mirari» gisa hartu du lehen urratsa: lehenbiziko 30 taldeen artean amaitzea denboraldia. Halaber, meritu handiko erronka izan dela gogoratu du. Izan ere, beste talde batzuek Euskaltel Euskadiren aurrekontua bikoizten zuten. 

«Itultzeko ideia beti egon da presente»

Mikel Landak hitz egin aurretik, maillot laranja berria aurkeztu dute eta txalo zaparrada bat jaso dute publikotik. Hasi-hasieratik, mungiarrak konfesatu du 2018tik buruan izan zuela itzulera, baina egoera pertsonalak edo taldearen arazoak tarteko ezin izan zuten burutu.

«Azken bi urte hauetan lesio gogorrak izan ditut eta ez nuen nahi World Tour talde batean lehiatu, etxera itzuli nahi nuen eta oraingo honetan egonkortasuna ikusi dut», esan du Landak. 

2011n altxatu zituen besoak estreinakoz Euskaltel Euskadirekin. Horrez geroztik, Astana, Team Sky, Movistar, Bahrain eta Soudal Quick-Step taldeekin lehiatu da txirrindulari arabarra, eta, ostiral honetan zirkulu bat ixten dela onartu du. Oraingo honetan, Ander Okamika, Felipe Orts, David Gonzalez, Unai Ramos, Julen Arriolabengoa, Alain Suarez, Marco Martin eta Hodei Muñoz izango ditu bidelagun, besteak beste.

Bi astetan beteko ditu 37 urte eta taldeko liderra bezala, Euskal Herriko Itzulia jarri du helburutzat: «Itzulian etaparen bat irabazi eta podiumetik gertu egotea gustatuko litzaidake. Eta, gero, gauza bera pentsatuko dugu, Vueltan baldin bagaude. Etapa bat borrokatzea litzateke asmoa».

Horretarako lan-talde aparta eraikitzen ari dela aditzera eman du Landak, batez ere,«kolore hauekiko eta herrialde honekiko konpromiso berezia baitago taldean». Dena den, urratsez urrats, taldearen izena aldarrikatu behar dutela sinesten du arabarrak

«Gazteengan gogoak eta kalitate handia ikusten dut, eta nik espero dut haiek laguntzea, bultzatzea eta bidea egitea elkarrekin», nabarmendu Landak, marea laranjaren itsasargiak.