Olaizola eta Martinez de Irujoren arteko finalerdia, bertan behera
Aimar Olaizolak eta Juan Martinez de Irujok jokatu behar zuten bihar Lau t´erdiko bigarren finalerdia baina Iberokoa gaixorik dago eta bertan behera geratu da.
Lau t´erdiko txapelketako bi finalerdiak asteburu honetan ziren jokatzekoak. Lehenengo finalerdia Bengoetxeak eta Berasaluzek jokatuko dute gaur Iruñean. Bigarren norgehiagoka, bihar zen jokatzekoa, Bizkaia frontoian, Aimar Olaizola eta Juan Martinez de Irujoren artean.
Iberoko jokalaria gaixorik dagoela-eta partida ez ezik, Bizkaia pilotalekuko jaialdia ere bertan behera geratu da. Aurreikusitako pilota partidak Eibarko Astelenan jokatuko dira eta finalerdirako sarrera erosi zuten ikusleei dirua itzuliko zaie, EITBk jakinarazi duenez.
Momentuz antolatzaileek ez dute jakitera eman bertan behera utzitako norgehiagokarekin zer gertatuko den.