Kontseiluak deitu dituen elkarretaratzeekin bat egin dute EH Bilduko alkateek
Euskararen normalizazioa helburu duten neurriak babestu eta estatuen esku hartzea salatzeko Kontseiluak etzirako deitu dituen elkarretaratzeekin bat egin dute EH Bilduko alkateek.
Ainara Aiestaran Uharte Arakilgo alkateordeak, Argia Ituarte Ondarroako alkateak eta Pili Robles Lekeitioko alkateordeak agerraldia egin dute Donostian, azken hilabeteotan Gobernu espainolak Hego Euskal Herrian dituen ordezkariek hainbat udalen kontratazioetarako hizkuntza irizpideen aurka jo dutela-eta haiei babesa adierazi eta Kontseiluak apirilaren 9rako antolatu dituen elkarretaratzeei atxikimendua adierazteko.
Gogoratu dutenez, euskaraz aritzea «ez da hautazkoa herri administrazioarentzat; aitzitik, legezko eskakizuna da eta administrazioaren jarduera bat ere ez dago salbuetsita, ezta kontratazioa ere».
Espainiako Estatuak espainiera «inposatzeko eta euskara debekatzeko politika betikoa» duela salatu dute, eta horren azken helburua «euskara galtzea» dela uste dute.
«Espainiera beti eta edonon erabil daitekeen bitartean, euskaraz lurralde, toki, eremu eta eginkizun mugatuetan besterik ezin erabil daiteke, ustezko legezkotasunez. Baina euskaraz bizitzen saiatzen garenean, bere morroiak bidaltzen ditu Espainiak, geure hizkuntza albo batera uztea exijituz eta horretarako mehatxatuz», nabarmendu dute.
Ildo horretan, Gobernu espainolari exijitu diote «euskararen garapenaren aurkako herra eta tema» amaitzeko, eta «euskal herritarrak zein geure erakundeak eta beraien erabakiak» errespetatzeko.
EH Bilduko alkateek dei egin dute etzi, arratsaldeko 19.00etan, Kontseiluak antolatu dituen elkarretaratzeetan parte hartzera.
«Geure burua gobernatzeko ahalmena aldarrikatzen dugu eta ez dugu inolako kanpo esku sartzerik onartzen. Hasitako bidea jarraituko dugu, euskaraz bizitzeko behar ditugun neurriak adostu, erabaki eta ezarriko ditugu aurrerantzean ere», amaitu dute.