INFO

Gutxi, oso onak eta aurretik norbait dutela

Txirrindularitza denboraldiaren hasiera euskal tropelaren erradiografia itzela bihurtu da: inoiz baino euskal txirrindulari gutxiago daude goi mailan. Hala ere, lehen hamarren artean 30 aldiz baino gehiago izan dira sasoi hasiera honetan. Baina oso zaila da irabaztea. 

Alex Aranburuk oso gertu izan du garaipena, baina ezin izan du errematatu. (Silvia COLOMBO | AFP)

Urtearen lehen bi hilabeteak baino ez dira igaro. Hori, txirrindularitzan, denboraldiaren hasiera baino ez da, edo denboraldiaurrea ere askorentzat. Hala ere, sasoiko lehen lasterketa hauetan ikusi dena euskal txirrindularitzak bizi duen unearen erakusle izan da. Arraroa izan da lehen postuetan euskal herritarrik ez zuen lasterketarik topatzea, Europan, Amerikan, Asian, zein Afrikan. Baina, momentuz, garaipenik ez.

Duela urte batzuetatik hona, kirol hau globalizatu egin da. Europa edo Amerikako izarrei, lehenbizi Ozeaniakoak eta orain baita Afrikakoak ere batu zaizkie, tartean tartean Asiatik ere iritsita. Eta goi mailan denentzako lekua aurkitzea zaila da. Horren isla da World Tourrean inoiz baino euskal txirrindulari gutxiago egotea. Pello Bilbao (Bahrain), Markel Beloki (EF), Oscar Rodriguez (Ineos), Jon Barrenetxea (Movistar), Haimar Etxeberria (Red Bull), Igor Arrieta (UAE) eta Mikel Landa (Soudal) baino ez.

Hala ere, profesionaletako beste bi mailatan, baita "devo" edo garapen taldeetan, beste dozenaka euskal herritar topatu daitezke. Beraz, "gutxi" kakotx artean idatzi beharrekoa da. Izan ere ez dira herrialde asko izango biztanleko hainbeste txirrindulari profesional dituztenik.

Amerikatik Asiara

Eta denboraldi hasiera honetako maila benetan ona izaten ari da eta orain artekoak ikusita, gaizki zahartzeko arrisku biziz jaiotzen da artikulua. Urtarrilean Laboral Kutxak El Salvadorren leihatutako lasterketetan iritsi ziren lehen emaitzak. Naia Amondarainek eta Idoia Erasok 10 postu pilatu zituzten lehen hamarren artean. Igor Arrietak, aldiz, Saudi Arabiako Alula Tourrean hirugarren amaitu zuen eta bi etapa ere amaitu zituen ohorezko postu horietan. Murtzian eta Jaenen ere garaipenaren leihan ibili da.

Zer esanik ez Alex Aranburu, errepidera irten den sei egunetatik bostetan lehen seien artean amaitu du. Hala ere, gertu izan duen arren, ezin izan ditu besoak altxa. Pello Bilbaok ere Murtzian eta Jaenen soilik jantzi du dortsala eta laugarren eta seigarren izan da, hurrenez hurren.

Ion Izagirre ere lehen postuetan ikusi genuen Portugalen, Barrenetxea ere gertu ibili da Castellon eta Andaluziako hainbat etapetan. Xabier Berasategik ere bi bosgarren postu erdietsi ditu Castellon eta Marseillan. Gotzon Martinek ere, hamargarren egin zuen bi proba horietan. Urko Berradek ere top-10a itxi zuen Morvedreko klasikan eta Diego Uriarte eta Mikel Retegi ere garaipenaren leihan ibili ziren Valentziako etapa ezberdinetan.

Zerrenda honetara batzen azkena Hodei Muñoz gazte arabarra da. Soudalen garapen taldean dabil eta Ruandako Tourrean besoak altxatzeko zorian izan da behin baino gehiagotan azken aste honetan. Ikusi beharko da Luiaondokoak zein bide hartzen duen profesionaletan, baina euskal txirrindularitzak aspalditik du gabezia esprintetan, eta hutsune hori bete dezakeela erakusten ari da Muñoz aspalditik.

Garaipenak garesti

Baina gero eta zailagoa da irabaztea. UAE, Lidl-Trek, Red Bull edo Visma moduko taldeek gero eta gutxiago uzten dute gainontzekoentzat. Aldea gero eta nabariagoa da punta-puntako taldeen eta besteen artean. Eta Tadej Pogacarrek, Jonas Vingegaardek edo Mathieu Van der Poelek oraindik denboraldia abiatu ez badute ere, Isaac del Toro, Juan Ayuso edo Remco Evenepoel hasi dira garaipenak pilatzen.

Iaz lehen garaipena urtarrilean bertan iritsi zen, Urko Berradek Morvedreko klasika bereganatu zuenean. Eta bigarrena otsailean bertan, Uriarte nafarrak Andaluzian ihesaldi bat errematatu zuenean.

Aurten ez da halakorik ospatzeko abagunerik izan, nahiz-eta oso gertu egon den behin baino gehiagotan.

Euskal txirrindularitza osasuntsu dago, oraindik ere (duela hamarkada batzuetako aroekin konparazioak ekidinez), baina gero eta zailagoa izango da garaipenak eskuratzea. Eta kirolak joera hori jarraituko duela dirudi.