Idoia Santamariarentzat X. (H)ilbeltza beka, Durrenmatt euskaratzeko
Idoia Santamaria donostiarrak irabazi du X. (H)ilbeltza beka, Fiedrich Dürrenmatt idazlearen ‘Das Versprechen’ eleberriaren itzulpena egiteko. Itzulpen lanerako 6.000 euro jasoko ditu eta 2027ko abenduan argitaratuko du lana Txalaparta argitaletxeak eta 2028ko (h)ilbeltzan aurkeztuko da.
Euskarazko nobela beltza sustatzea da (H)ilbeltza bekaren xedea eta, horretarako, txandaka sormen eta itzulpen lanak saritzen dira. Aurtengoan Fiedrich Dürrenmatt idazlearen ‘Das Versprechen’ eleberria euskarara ekartzeko egin da deialdia eta epaimahaiak –Fernando Anbustegi Baztango alkatea, Amaia Apalauza aurreko irabazle eta (H)ilbeltza elkarteko ordezkaria eta Maddalen Subijana Txalaparta argitaletxeko ordezkaria– Idoia Santamaria Urkaregi itzultzaile donostiarra hautatu du zeregin horretarako.
Santamariak 3.000 euro jasoko ditu orain, eta beste 3.000 lana akitzerakoan. Ongi bidean, 2027ko abenduan argitaratuko du Txalaparta argitaletxeak, eta 2028ko ilbeltzean aurkeztuko dute lana, (H)ilbeltza ekimenean.
Itzulgaiaren erregistroa eta Durrenmatten estilo berezia egoki euskaratu dituela iritzi diote epaimahaia osatu duten kideek, joskerari arreta berezia jarri diola argudiatuta. Era berean, uste dute Santamariak asmatu egin duela alemanetik itzultzerakoan hizkera neutroa bezain zehatza erabiltzen.
Idoia Santamaria donostiar itzultzailea da. Urteetako lanaren esperientzia du, betiere euskararen bueltan: irakaskuntzan, itzultzaile, bikoizle eta interprete. Literatur itzulpenen alorrean ere badu sorta majo bat, besteak beste euskaratu ditu Marx, Sebald, Bachmann eta Durrenmantt bera ere. Izan ere, 2018an argitaratu zuten Literatura Unibertsaleko bildumaren barruan egile beraren Epailea eta haren borreroa, EIZIEk antolatutako itzulpen sariketa irabazi ostean.
(H)ilbeltza beka 2019an eman zen lehen aldiz eta hainbat eleberri beltz argitaratu dira hari esker: Miel A. Elustondoren ‘Kezko bola batek itoak birikak’; Patricia Highsmith estatubatuarraren ‘Lardaska’, Josu Barambonesek euskaratua; Miren Gorrotxategiren ‘Sotoan gordeak’; Massimo Carlotto italiarraren ‘Agur, maitea, ikusi arte’, Koldo Bigurik itzulia; Eneko Barberenaren ‘Suak erreko ez balu’; Fred Vargas frantsesaren ‘Altxa, hildakoak’, Beñat Irastorzak euskaratua; Joxan Oizen ‘Amazurtza; eta argia ikusten azkena, Guillem’, Nuria Cadenesek idatzi eta Amaia Apalauzak euskarara ekarria. Gaizka Sarasolarena izanen da hurrena, eta, ongi bidean, neguarekin batera helduko da bere lana.