INFO

Mikel Linacisorok 8c maila eskalatu du bistan estiloan

Eskalatzaile bergararrak Santa Linyako ‘Rollito Sharma extension’ ibilbidea kateatu berri du; estilo horretan lortu duen maila gorena da. Hortaz gain, Araotzen gai izan da 8c flash eran igotzeko eta landuta 9a zailtasuneko pare bat lerro sinatzeko.

Mikel Linacisorok "Rollito Sharma extension" bistan kateatu berri du. (Mikel Linacisoro)

Kirol eskaladan maiz gertatzen da eskalatzailea oso sasoiko egotea baina errendimenduaren emaitzak ez iristea. Gailur hori heltzen denean, berriz, arrapaladan arrakastak isla izaten du. Modu batera edo bestera esanda, azken hori gertatzen ari zaio Mikel Linacisorori. Lasai asko esan genezake laino baten gainean dagoela; bederen, etxean zein kanpoan egin berri dituen igoerek hori baieztatzen dute.

Adibidez, Santa Linyara eginiko bisitan, besteak beste, azpimarratzekoa den jarduera biribildu du. Eskalatzaile bergararra gai izan da 8c maila bistan estiloan egiten. ‘Rollito Sharma extension’ ibilbidea lehen ekinaldian eta aldez aurretik informaziorik jaso gabe kateatu du. Igoera horri esker estilo horretan lehen 8c du.

Helburu hori erdietsi aurretik, etxean, 25 urteko gipuzkoarra hasi zen bere sasoia aldarrikatzen. Araotzeko Korea sektorean bere zerrendari ‘Parasitorik ez’ (8c) gehitu zion. Lorpen hori flash eran egin zuen: «Murru horietan bizitza osoa eskalatzen nabil, eta, etxeko lan batzuk zintzilik banituen ere, egia esan behar badut ia bide gogor guztiak eginak ditudala. Marra hori flash eran izan da; alabaina, aurreratu behar dut kakotxen artean jartzen dudala. Izan ere, duela zortzi urte, oraindik igoerarik ez zuenean, bizpahiru zinta igo nituen. Hain zuzen ere, bidearen zatirik samurrena».

Linacisorok esan du Eneko Carretero eta Josu Viejo probatzen ari zirela eta motibatu zela flash eran saialdi bat egiteko. Bitxia bada ere, berotzeko lerroa zen, eta, azkenean, flash eran kateatu zuen. Hain zuzen ere, estilo horretan hirugarrena du ‘Fabelita’-rekin (Santa Linya) eta ‘Fuck the police’-rekin (Etxauri) batera.

Ondoren, Montanejosera (Castelló) eginiko bidaia labur batean ‘La parada de los monstruos’ (9a) igo zuen landuta.

8c, bistan

Flash eran, landuta eta azken eskalada azpimarragarria bistan izan da. 2024. urtetik 8b+ mailako lau marra estilo horretan sinatu eta gero, azken egunotan eskalatzaile gazte honek urrats bat egin eta 8c mailara jauzi egin du. Lleidako Santa Linyatik iritsi da Linacisororen azken berria. Lehen ekinaldian eta aldez aurretik lerroaren inguruko informaziorik jaso gabe, ‘Rollito Sharma extension’ kateatu du. Gipuzkoarraren lehen 8c da estilo horretan.

Eskalatzaileak adierazi du helburu horren atzetik denbora zeramala: «8c batzuk flash eran eta 8b+ mailakoak bistan egin eta gero, 8c zailtasuna bistan egitea falta zitzaidan. Horietako batzuetan oso gertu ibili naiz; katetik gertu behin baino gehiagotan erori naiz. Baina, azkenean, arrakastaren eguna heldu zen. Ibilbide hori bistan egiteko oso egokia da, eta, gainera, bat egiten du nire eskalada ezaugarriekin. Maila horretan samurra da, baina igoera perfektua egin nuen. Oso pozik nago lortutako emaitza horrekin, besteak beste, estilo hori niretzat eskaladaren oinarria delako. Estilo horrek asko ematen dizu eta neurri handi batean norberaren maila neurtzen du».

‘Rollito Sharma extension’ bistan egin eta gero, biharamunean beste bide bat kateatu zuen baina landuta: ‘Ciudad de Dios’ (9a). Alabaina, Linacisorok baieztatu du arrakasta hori lortzeko kondizioak ez zirela batere egokiak izan. Hain zuzen ere, egun zehatz horretan hezetasun handia egin zuen: %88. Baina izarrak lerrokatu eta gai izan zen bilerara erorikorik gabe iristeko: «Ibilbide oso ona da. Azkar kateatzeko gaitasuna izan nuen. Iaz sarrera probatu nuen, eta azken asteburu honetan bizpahiru ekinaldi egin nituen. Berez, 9a/+ maila du, baina niretzat egun 9a da. Ez naiz barra etzanen zalea; horregatik hori kendu eta 9a bezala hartzen dut».