INFO

Zortzi urte txuri-urdinez aritu ondoren, Mirari Uriak ez du Realean jarraituko

23 urteko aurrelari azpeitiarra 2018/19 denboraldian iritsi zen Zubietara eta urtebete geroago egin zuen debuta Realeko aurreneko taldearekin. Beste urtebeteko kontratua zuen arren, berau etetea adostu dute klubak eta jokalariak berak. Orotara 134 neurketa eta 11 gol pilatu ditu Mirari Uriak.

Mirari Uria Realaren emakumeen taldeko erreferenteetako bat izan da azken urteotan. (Andoni CANELLADA | FOKU)

«Realak eta Mirari Uriak 2026/27 denboraldira arte lotzen zituen kontratua etetea adostu dute. Erabakia bi aldeen adostasunez hartu dute». 23 urte besterik ez ditu aurrelari azpeitiarrak, baina Realeko aurreneko taldeak zortzi urte bete eta gero esango dio agur ibilbide oparo honi. 2019/2020 denboraldiaz geroztik etengabe lehenengo taldean aritu da eta orotara 134 neurketa jokatu ditu eta 11 gol sartu.

F Ligaz gain, Kopa eta Txapeldunen Ligan ere jokatu du futbolari gipuzkoarrak, «beti ere gure koloreak konpromisoz, lanarekin eta profesionaltasunez defendatuz», Realak bidali duen prentsa oharraren arabera.

«Klubetik eskerrak eman nahi dizkiogu urte hauetan guztietan erakutsitako dedikazioagatik, eta zorterik onena opa diogu bere etorkizun pertsonal eta profesionalean», gehituz esan dio agur Realak Mirari Uriari.

Azpeitiko Lagun Onak taldean hasi zuen Mirari Uriak bere futbolari bizitza eta 2018/19 denboraldian iritsi zen Realera. Aurreneko denboraldia B taldean osatu ostean, handik aurrera lehenengo taldean jokatu du, 2025/26 denboraldia amaitu eta falta zitzaion urtea osatu gabe kontratua etetea adostu arte.

Ez da harrigarria Mirari Uriak agur esateko grabatu duen bideoa oso hunkigarria izatea. «Kaixo txuri urdinak! Plazer bat izan da niretzat talde honetan egotea, baina zortzi urte hauek eta gero, etapa hau ixtea tokatzen zait. Zortzi urte hauetan momentu pilo bat bizitzeko aukera eduki dut suertez, eta egunero lan handia eginda, eta oso pozik noa egindako ibilbideaz», adierazi du Realeko jokalari ohiak.

«Gogoan daukat Zubietara iritsi nintzen lehenengo egun hartaz. Zer etorriko zen ideiarik ere ez neukan, baina bai egundoko ilusioa talde honetan egoteko. Eta gainera zortea eduki dut bigarren taldetik lehenengora igotzeagatik, hemen Txapeldunen Ligan aritu ahal izateko eta baita final batzuek jokatzeko zortea ere izan dut. Zortzi urte hauetan Reala nire etxea izan da, momentu on eta txarrak, denetarik pasa dut, eta oso eskertuta noa noa bai Realari, baita taldekideei ere, eta baita lagunei animoengatik eta gurasoei ere, ni hona iristeko sakrifizio asko egin dituztelako», amaitu du jokalari azpeitiarrak, zortzi urtetako ibilbidea minutu gutxi batzuetan kondentsatuz.