Mason Keough paraeskalatzaileak boulderreko 8a maila egin du
Duela pare bat urte lan istripu batean lau hatz galdu eta gero, estatubatuarra gai izan da ‘Jaws’ blokea (Washintong, AEB) sinatzeko. AU3 kategoriako eskalatzaile egokitu honek zailtasuneko mugak gainditu ditu.
Mason Keough estatubatuarrak egin duena, historikoa izateaz gain, ekarpen handia da eskalada egokituarentzat edo paraeskaladarentzat. Goiko gorputz-adarretan desgaitasuna duen AU3 kategoriako eskalatzaile hori gai izan da boulderreko 8a mailara heltzeko: munduan lehenbizikoa.
Gogora dezagun orain dela pare bat urte ezkerreko eskuko, lau hatzetan, lehenbiziko bi falangeak moztu zizkiotela lan istripu baten ondorioz. «Akabo! Ezin izango dut gehiago eskalatu». Hori pentsatu zuen 21 urteko gazteak. Baina ez zuen etsi, eta eskaladaren munduan (lehietan ere) gogor segitzeko erabakia hartu zuen.
Denboraren poderioz, anaiaren laguntzarekin eta bere desgaitasuna bikain kudeatu ondoren, Keough ibilbide oparoa egiten hasi zen lehietan zein arrokan. Azkena eta azpimarragarriena aipatu dugu: boulderreko 8a maila. Horretarako, lan eskerga egin behar izan zuen ‘Jaws’ blokea (Washintong, AEB) kateatu ahal izateko. Paraeskalada gertutik ezagutzen dutenek diote gaztearen igoerak AU3 kategoriako muga guztiak gainditu dituela. Inork ez zuen halakorik espero, baina Keough gai izan da egoera hori iraultzeko eta paraeskalada beste maila batean jartzeko.
‘Jaws’
Aurreratu dugun bezala, estatubatuarrak izan zuen lan istripua egoera oso gaiztoan utzi zuen. Keoughek berak onartu du hatz-hezurrak moztu zizkiotenean ez zela gai ezkerreko eskuarekin esponja busti bat eusteko. Bi urte beranduago, berriz, desgaitasun horren aurretik zuen maila (eskalada zailtasuna) gainditu du.
Paraeskalatzaile gazteak 8a mailara heltzeko ‘Jaws’ boulderra aukeratu zuen. Korapilo hori askatzea zaila da oso; izan ere, hasieratik amaiera arte asko eskatzen du. Lehenbiziko mugimenduak helduleku txikietan egin behar izan zituen, eta, ondoren, helduleku okerrak dituen sekuentzia bat kudeatu behar izan zuen. Protagonista honek onartu du azken mugimendua izan zela zailena: «Ezkerreko eskuarekin mugimendu gogor bat egin behar da irtengune batean. Horri eutsi eta pixka bat lasaitu eta gero, orpo bat altu eta zehatz kokatu behar da. Sekzio tekniko horretan ñabardurek berebiziko garrantzia dute. Gogorra izan zen! Bestalde, desgaitasuna aurrera jarraitzeko tresna bihurtu dut, eta eskalada estiloa birplanteatu ere. Bilakaera horretan, adibidez, orpoak ondo kokatzen, hots, teknika horretan, aditua bihurtu naiz».
‘Jaws’ boulderra saiatzen ikusi zutenek baieztatu dute Keough gai zela helduleku bakoitza oso azkar hartzeko, baina guztiak lotzea borroka titanikoa izan zela. Horren isla da aipatu dugun ezker eskuarekin egin behar zuen mugimendua. Argitaratutako irudian ikusten denez, hatz-hezurrak falta zaizkio.
Nahiz eta eragozpen horiek indar handia zuten, estatubatuarrak aurrera jarraitu zuen. Gazteak adierazi du, denera, aurten bost bidaia eta kontaezinak diren ekinaldiak egin dituela arrakasta hori erdietsi aurretik.
Amaitzeko, esan behar dugu Keoughek ere lehietan emaitza bikainak izan dituela. Iaz, adibidez, paraeskaladako Munduko Kopan (AU3 kategorian) bi urre irabazi zituen: Lavalen (Estatu frantziarra) eta Salt Lake City (Ameriketako Estatu Batuak).