INFO

Tourra 2026: tradizioa eta nobedadeak asteburu erabakigarrian

Vosgeak zeharkatu eta Alpeetara iritsiko da Tourra hiru egunetan, bidean Ballon d’Alsace klasikoa eta Page, Haag eta Plateau de Solaison berriak igota.

Del Toro Plateau de Solaison igotzen, azken Tour Alpes-Rhone-Auvergnen. (Anne-Christine POUJOULAT | AFP)

1903an hasita, Tourraren historia leku mitikoz eta pasadizo famatuz josita dago. Sustrai sakoneneko tradizioek ere izan zuten noizbait abiapuntua, beren day one (lehen eguna). Ordea, one day-ra (amestutako eguna) aspaldi heldu direnek eta asmo horrekin estreinakoz arituko direnek bat egingo dute ibilbidean, erabakigarria izan daitekeen asteburu honetan.

Aurtengo edizioan, aurretik inoiz zapaldu ez dituen zazpi mendate sartu ditu Tourrak ibilbidean, eta horietako hiru asteburu honetan igoko dira. 14. etapan, Col du Page eta Col du Haagetik igaroko da lasterketa Le Marksteingo helmugara iritsi aurretik. Eta 15.a, Plateau de Solaisonen amaituko da; Criterium du Dauphinek ondo ezagutzen duen igoera, baina Grande Boucle-an inoiz igo ez dena. Alpeetara ongietorria egingo dio lasterketari, Vosgeetan bi jardunaldiz ibili ostean; bertan, tropelak bi aldiz igoko du Ballon d’Alsace.

Aurretik inoiz zapaldu ez dituen zazpi mendate sartu ditu Tourrak aurtengo ibilbidean: Begues, Gavarnie, Griffoul, Page, Haag, Plateau de Solaison eta Sarenne (igoera berri batetik)

Historiara joz gero, Tourraren lehen edizioan bi mendate igo ziren, baina hirugarrenean, 1905ean, Ballon d’Alsaceko igoera ezarri zen, lasterketako lehen mendate handitzat hartzen dena. Rene Pottier izan zen handik igarotzen lehena, nahiz eta Hippolyte Aucouturierek irabazi zuen etapa; garai hartan ohikoak ziren jardunaldi horietako batean: 340 kilometro Nancy eta Besançon artean, eta, kasu askotan, bidexka ere nekez dei zitezkeen errepideetan. Ballon d'Alsacekoa, adibidez, halakoa zen. Beste askotan bezala, eguraldiak erabakitzen zuen txirrindulariak hautsez betetzen ziren ala lokatzetzan korritzen zuten.

Paradoxikoki, antolatzaileek antzeko eszenatokiak bilatu dituzte azken urteotan, berritzeko eta jarraitzaile berriak erakartzeko ahaleginean. Baso pistak –aurtengo Col du Haag, esaterako–, sterrato edo lur bideak... gero eta sarriago ordezten dituzte duela mende bat txirrindulariek amestu ere egiten ez zituzten ondo asfaltatutako errepideak. 

Pirinioetako kolosoa 

Lurrezkoa zen zorua Tourmaleten ere, 1910ean lehen aldiz igo zenean, baita egun berean estreinatu ziren Peyresourde, Aspin eta Aubisquen ere. Luchon eta Baiona arteko 326 kilometroko «etape assassine» famatua Octave Lapizek eskuratu zuen, baita garaipena Parisen ere, hiru mendateetatik, Tourmalet barne, lehen postuan pasatu ondoren. Pirinioetako kolosoa da Tourreko ibilbidean gehien agertu den mendatea, 65 aldiz. Urtebete geroago 'debutatu' zuen Galibier 41 aldiz igo dute, eta Aspin 39 aldiz. Hirurak 2026ko ibilbidean daude.

Tourmalet, Galibier, Aspin eta Alpe d’Huez gehien igo diren mendateak dira. Laurak daude aurtengo ibilbidean. Alpe d’Huezen, bi etapa jarraian amaituko dira lehen aldiz

Edizio honetako bi igoerekin, Ballon d’Alsace 30. aldira iritsiko da, protagonismo handia galdu duen mendatea izan arren. Ohikoa joan den mendeko ibilbideetan, XXI. mendean bost aldiz baino ez da igo. Batzuek kontrako joera izan dute. 1952ra arte itxaron behar izan zen Tourra Alpe d'Huezera iristeko –etapa mendate batean amaitu zen lehen aldia– eta 24 urte igaro ziren errepikatu zuten arte; baina, gerora, lasterketako leku mitikoenetako bat bihurtu da, bere 21 kurben izenekin –Iban Mayorena barne–, bere holandarrekin, baita bere kondairarekin ere: horiz jantzita handik irteten denak Parisen irabazten duela dio, eta gehienetan hala izan da. Ibilbidean berandu sartu arren, igoera gehien izan dituen laugarren mendatea da: 36, edizio honetako etapa bikoitza kontuan hartuta. 

Beste edozein kasutan, segurutzat joko litzateke bi egun horiek erabakiko luketela Tourreko sailkapen nagusia. Gaur zailagoa dirudi, Tadej Pogacarrek eta UAEk erakutsi duten indarra eta tropelak asteburu honetan izango dituen etapak ikusita. Nork daki horien artean hurrengo Tourmaleta ote dagoen. Mendate berrien altuerak eta luzerak ez dute zerikusirik klasiko handiekin, baina batzuen gogortasuna nabaria da.

Oroitzapenak 

Ostiral honetako etapa, Dole eta Belfort artean, aurtengo luzeena da (205 kilometro), eta helmugatik 25 kilometrora Ballon d’Alsaceko igoera dauka, baina egokiagoa dirudi abenturazaleentzat, sailkapen nagusirako lehian ari diren ziklistentzat baino. Beste kontu bat da larunbatekoa. 155 kilometro Mulhouse eta Le Markstein artean, klasikoak eta nobedadeak beste edozeinek baino hobeki batzen dituena. Grand Balloneko igoera luzearekin hasiko da eta Ballon d’Alsace errepikatuko du, amaierarako Col du Haag berria utzita: 11 kilometroko baso pista egokitua, %7,3ko batez besteko pendizarekin eta %10etik gorako tarteekin. Ondoren, bost kilometro lau, bi txirrindulari handiri oroitzapen kontrajarriak ekarriko dizkietenak helmugara iritsi aurretik: Tadej Pogacarrek han irabazi zuen 2023an, baina hurrengo egunean Jonas Vingegaard heldu zen horiz Parisera. 

Aurtengo zazpi 'debutariekin', Tourrak, guztira, 370 mendate puntuagarri desberdin igo ditu bere historian. Horietatik 74 etapa amaiera izan dira noizbait

Igandean 184 kilometro izango dira Champagnole eta Plateau de Solaison artean. Bidean, Col de la Croisette igoko da, mendate laburra baina gogorra (4,7 kilometro %11,2ra). Ibilbidearen amaieran, Plateau de Solaison: 11,3 kilometro %9ra, atsedenik gabe eta %11tik gorako tarteekin. Tourra lehen aldiz iritsiko da, baina tropelak ondo ezagutzen du. Hiru aldiz igo da Alpes-Rhone-Auvergne Tourrean, azkenekoz aurten bertan. Irabazlea Isaac del Toro izan zen, bere liderrarentzat lan larregi egitea tokatzen ez bazaio, errepikatu ahal izango lukeen txirrindularia.