INFO

Fikzioaren atzean dagoen egia gordina

EL SER QUERIDO
Estatu espainola, 2026. 135’. Zuzend.: Rodrigo Sorogoyen. Gidoia: Isabel Peña, Rodrigo Sorogoyen. Akt.: Javier Bardem, Victoria Luengo, Raúl Arévalo, Marina Foïs. Musika: Olivier Arson. Argazk.: Álex de Pablo. 

Esteban Martinez (Javier Bardem) zinema-zuzendaria eta bere alaba Emilia (Victoria Luengo). (A Contracorriente Films, Movistar Plus+)

Cannes Zinema Jaialdian estreinatu eta Ipar Euskal Herriko zinemetatik igaro ostean, Hego Euskal Herrira iritsiko da ‘El ser querido’. 

Hamalau urte dira Esteban Martinez (Javier Bardem) zinema-zuzendariak eta bere alaba Emiliak (Victoria Luengo), aktoreak, elkar ikusi ez dutela. Martinez zinemagile ospetsua da, bai bere filmengatik, bai indarkeriak eta gehiegikeriek markatutako iraganagatik. Bere proiektu berrian, Emiliari paper bat eskaintzen dio eta filmaketa bera izango da bien arteko zubi hauskorra.

Premisa hori irakurri ondoren, saihestezina da Joachim Trieren ‘Sentimental Value’ film norvegiarrarekin gogoratzea. Abiapuntua ia bera dela ematen duen arren, Rodrigo Sorogoyenek bide propioa egiten du, eta ‘El ser querido’ beste lurralde emozional eta narratibo batzuetara eramaten du. 

Filmak egitura metazinematografikoa baliatzen du, edukiaren eta formaren arteko etengabeko elkarrizketa eraikitzeko. Filmaketa ez da kontakizunaren eszenatoki hutsa; boterearen, kontrolaren eta manipulazioaren metafora ere bada. 

Baina zinemaren geruza guzti horiek banan-banan erortzen direnean, filmaren benetako bihotza agerian geratzen da. Han daude maskulinitate toxikoaren arrastoak, botere-abusuek utzitako zauriak eta maitasunaren izenean eragindako kalteak.

Forma aldetik, Sorogoyenek zuri-beltzaren erabilera, aspektu-ratioaren aldaketak eta formatu desberdinen arteko joan-etorriak baliatzen ditu, pertsonaien barne-mundura sartzeko ateak balira bezala.

Jatorria

Rodrigo Sorogoyenek azaldu duenez: «Isabel Peña eta biok, filmaren gidoilariok, batez ere aita baten eta haren alabaren arteko harremanaz hitz egin nahi genuen; harreman horretan beti daude botereari eta hierarkiari lotutako dinamikak. Aldi berean, nik aspalditik nituen zinemaren munduan girotutako hainbat proiektu. Asko gustatzen zait mundu hori, nire ingurunea delako eta liluragarria iruditzen zaidalako. Xehetasun guztiak ezagutzen ditut, baina gehien erakartzen nauena bere alde desmitifikatua da: goizeko seietan jaikitzen diren pertsona arruntak, gogor lan egiteko prest, denak helburu beraren alde. Horregatik, Isabel eta biok bi gai horiek uztartzen saiatu ginen, eta konturatu ginen oso ondo funtzionatzen zutela; izan ere, filmean pertsonaia guztiak etengabe jartzen dira zalantzan».