Eskubideak promesa bilakatuta
Artikulu hau irakurtzeko
erregistratu doan edo harpidetu
Dagoeneko erregistratuta edo harpideduna? Saioa hasi
Klikik gabe gelditu zara
Kamio, balio higaezina dauka zuretzat hitza emateak, esandakoa betetzeak. Zintzoak zaizkizu jarrera berbera hobesten duten pertsonak, hitza betetzea norberaren kalterako suertatuko den ekintza bat izango bada ere. Hitza hitza da.
Hauteskunde kanpaina sutsuki ari zara jarraitzen. Egunero begiratzen diezu inkestei, sondeoei eta jardunaldiz jardunaldi eskaintzen diren «tracking»-ei. Norbait gezurretan ari dela iruditzen zaizu, edo ez dela egia osoa esaten ari, batzuek muturreko eskuinari eta eskuin muturrari ematen baitiote gehiengo zabala eta, besteek, aukera progresistak jartzen dituztelako azaroaren 29ko bozetarako lasterketan garaile. Baina denek ezin dute irabazi, eta hori guztiok dakigu.
Ezkerrak gezurrik esaten ez duelako esperantza mantentzen duzu zure nahiak bultzatuta, horrek salbatzen baitzaitu azaroaren 30etik aurrera etor daitekeen atzerakoitasun egurats horretan erortzetik. Bitartean, hitzak baino ez du balio, ahoskatu eta segituan haizeak eramango badu ere. Gizartea idealizatzerantz doazen promesen dema betean daude alderdi gehienak, legegintzaldi osoan orain esaten dituztenak betetzeko denborarik izan ez dutelako-edo.
Osasungintzan inbertsio handiak, hezkuntzako beharretara egokitutako proposamenak, etxebizitzarako sarbiderako erraztasunak... Noiztik da politikari zenbaitzuek gizartea beraien alde bozkatzera konbentzitu nahi dutela oinarrizkoak diren eskubideak promesa gisa jantzita? Migranteen kontrako diskurtsoak hauspotu eta indarkeriaren eta beldurraren haizagailua martxan jarri dituzte, eskubideon gainetik zulaezina den estalki bat ipiniz.
Kamio, hitza ematea ez da Nafarroako Erresuman bazeunde bezala egiten den ekitaldi ohoretsu bat. Hitzematea testuinguru eta izaera zehatz baten baitatik ernatzen den ekintza bat da, denboran luzatzen dena eta konfiantza maila handi bat eskatzen duena, politikan zein egunerokoan, hitzekin baino, ekintzekin betetzen direlako promesak.