Onerako edo txarrerako, hemen da Donostiako Metroa
Jende saldoa noraezean, zalantzak nonahi, ilusioa batzuen begietan eta kexak besteen ahoetan, mitin eta aurkezpenak, «obra faraoniko» honen aurkako protestak... Donostiako Metroaren ez-inaugurazioak ez du inor epel utzi.
Azkenean iritsi da eguna. Donostiako Metroa izendatu dutenaren hiru estazio berriak, Benta Berri, Kontxa-Zentroa eta Amara, hasi dira bidaiariak hartzen eta gutxi izan dira bidaiaren bat egiteko tentazioari eutsi diotenak: goizeko lehen ordutik jende saldoa aritu da aurrera-atzera, denetariko iritziekin, baina gehienak emaitzarekin gustura.
Inaugurazio ofiziala egiteko ezintasunaren aurrean –hauteskunde kanpainetan galarazita dago–, EAJk aurkitu du irekierari etekina ateratzeko abagunea. ‘Donostian Topoa martxan jartzeari buruzko komunikazioa’ zuten iragarria 11.00tarako, Maribel Vaquerok hitz batzuk egin behar zituela eta, baina azkenean Eneko Goia Donostiako alkate oiha izan da hizlaria, alboan Bakartxo Tejeria eta Arantza Tapia zituela. «Oso egun pozgarria da, urte askoan landutako proiektu batek argia ikusten duelako», esan du 15 minutuko atzerapenaren hasi den hitzartzean, eta xehetasunetan sartu beharrean herritarrak gonbidatu ditu garraio publikoari dagokionean ‘iraultza’-tzat duena erabiltzera.
Gogora ekarri du Tapiak sinatu zuela obra honen lehenengo hitzarmena eta 2017an jarri zela lehen harria. Ez du aipatu bederatzi urte behar izan dituztela 4,2 kilometroko ibilbidea osatzeko, ezta obrak izan duen gainkostua ere, baina bai «euskal erakundeek gauzak hasten dituztenean amaitu» egiten dituztela, eta, bitxia izan bada ere, adibide modura jarri du AHTa. «Noiz demontre ikusiko dugu indarrean? Gustatuko litzaigule ahalik eta azkarren izatea», esan du, autogobernuaren beharrari erreferentzia eginez.
Teknikoki obra konplexua izan dela ere esan du, 2020an Zubieta kalean sortutako zulo, itogin eta arazoei aipamen eginez, eta sakondu beharrean «beste zailtasun batzuk» ere izan dituztela aipatu du: «Horri denari aurre egitea lortu genuen, eta aurre egitea lortu genuen baita ere kontra zeuden guzti horiei. Batzuengatik izango balitz, hiri honetan hau ez litzateke existituko, eta beste gauza asko ere ez».
Goiaren inguruan txaloak, eta ikusle zeudenen artean ahots bat goratzen: emakume batek hartu du hitza, 33. zenbakian bizi dela eta obren eraginez duela eroritako murrua eta etxeko aurrealdea noiz konponduko dieten galdegin du. «Eta zergatik egin behar du hori Udalak?», Goiaren erantzuna. «Adarra jotzen digute. Zerorrek esan zenuen bost urtean ez bazen konpontzen neurriak hartuko zenituztela, eta orain zer egin behar dugu? Nazkatuta gaude», adierazi dio irmo baina errespetuz. Gogorra izan zen egoera bizilagunentzat, eta oraindik ere pairatzen dituzte ondorioak.

Benta Berriko geltokira sartu gara. Zuloan behera, jendetza, eta jendetzaren erdian gizon bat hizketan. Nor ote? Victor Goikoetxea dela esan digute, sarbideak diseinatu dituen artista –olatu itxura eman die, ‘El eco de la bahía’ izendatu duen obraren bidez–, bere lana jendaurrean azaltzeko antolatu duten hitzorduan. Mitin eta aurkezpen artean, ez-inaugurazio bitxia izaten ari dela gomutatu dugu eskailera elektrikoetan behera gindoazela.
Behean, Euskotreneko langileak denetariko azalpenak emanez: ze tren hartu norako, lineak nola diren, denborak, Easoko estazioaren itxiera... ez zuten lan makala. «Ba tren hau hartzen dugu eta ez bada ba itzuliko gara atzera», entzun diogu bati, eta barrura. Bagoian, lurrazaleko zein puntutan geuden asmatu nahian ikusi dugu koadrila bat. Errenteria-Irungoak direla esan digute, ikasleak, eta begi onez ikusten dute obra, batez ere unibertsitaterako eguneroko bidaian igerriko dutelako. Gauza bera aipatu digute adineko batzuek, donostiarrak, normalean autobusez mugitzen direla baina hasiko direla Topoa hartzen, azkarragoa delako. «Dirutza bat utzi dute eta erabili beharko!». Zehazki, datu ofizialen arabera, 290 milioi euro, hasieran aurreikusitako 181 milioi euroetatik oso urrun. Zumaiatik zetozen batzuk ere kexu ziren, eurek hartzen duten trenaren maiztasuna ere murriztuko zela uste baitzuten. «Ez dute ondo azaldu, 7,5 minuturo Donostialdean bakarrik izango dela jakin dugu gaur. Baina tira, orokorrean ondo dago, beste edozein hiritako metroa bezala», esan digute. Azken batzuk, donostiarrak, denbora jarri dute balioan: «Autobusek asko tardatzen dute, trafiko handia egoten da erdigunean eta orain badugu beste alternatiba bat».
Azkarra denik ezin uka: 5 minutuan egin dugu Benta Berritik Amararako bidea. Handik Easo Plazara abiatu gara, han baitute protesta ekitaldia egitekoa Satorralaia plataformakoek. Lekua ez da ausazkoa: urte askoan Donostiako Topoaren geltoki nagusi izan denak zerbitzua utziko du. Eta, antza denez, herritarren zati handi bat ez da jabetu: geltokiaren atarian Euskotreneko langile bat ikusi dugu jendea bideratzen, herritarrei bata bestearen atzetik gauza bera errepikatzen. «Hortik ezkerretara, 170 metrora dago sarbide berria...». Galdetzera hurbildu garenean itxi digute pausoa. «Nor zara?», galdegin digute apunteak hartzen ari ginela ikusita. «Ni? Eta zu?». «Ai, barkatu, Cristina naiz, Euskotreneko prentsakoa». Azalpenak ematera eskaini zaigu: oso ondo joan dela goiza eta Euskotrenen balorazioa oso baikorra dela, «jende asko dabil eta espero dugu aurrerantzean ere horrela izatea».
Turisten Donostia
Satorralaiaren protestara joatea erabaki dugu. Mikel Alvarez plataformako kidearekin egin dugu topo. Protesta eta umorea elkartuko zituen ekitaldiaren bidez «gure hirian zeharo behargabekoa den azpiegitura xahutzaile hau bultzatu duten politikarien zentzugabekeria» salatu nahi dutela esan digu, eta gogora ekarri du Tapiak berak Gipuzkoako Mugikortasun Departamentuko buru zenean, 2009an, «esaten zuela Donostian hiru geltoki eraikitzea kostatuko lukeen diruarekin Donostia eta inguruko beste hiri eta herrientzat ere beste sistema bat eraiki ahalko zela. Auzitan jartzen zuen egitasmoa, eta handik urte batzura Jaurlaritzako Lurralde Politikarako sailburu Ana Oregik ere faraonikotzat jo zuen proiektua, baina hala ere PSOE eta PNVren gobernu itunaren baitan erabaki zuten proiektu hau bultzatzea».

Proiektuaren balantzea «oso negatiboa» da Alvarezen hitzetan. «Baliabide publikoen xahuketa itzela» aipatu du, «aurrekontua ia bikoiztuz, gutxigora behera 340 milioi euroko kostua izan baitu», eta erabiltzaileak autobus zerbitzuetatik bereganatuko dituela nabarmendu du, modu horretan Jaurlaritza «hainbat autobus linearen murrizketak planteatzen» ari dela iragarriz. «Donostiako hainbat auzok eta eskualdeko herriek pairatuko dituzte murrizketa hauek», ohartarazi du.
Espekulazioa ere aipatu du. Azken hilabeteetan Donostia erdialdeko denda eta lokalen prezioak gora egiten ari direla kontatu digu, «Donostian pairatzen dugun espekulazio urbanoaren arazo jasanezina areagotuz. Egitasmo honen helburu nagusia da Kontxako geltokira turista eta kontsumitzaile kopuru handiagoak eramatea», ondorioztatu du. Irabazten aterako direnak lobby ekonomikoak direla, alegia.
Satorralaiaren ekitaldiak Alvarezen moduan pentsatzen duten dozenaka pertsona bildu ditu. Pradales lehendakariaren parodia batekin abiatu da ekitaldia, Beñat Gaztelumendik ekitaldirako propio idatzitako bertsoak kantatu dituzte (‘Turistentzako metroa/ eta bertakoentzako trena/ aurrerantz omen dabilen hiri/ honen ibili herrena!’) eta trikitilarien laguntzaz egin dute hamaiketakoa.
Atzera Amarako zuloan behera egin eta Kontxa-zentroa estazioan atera dugu burua. Eta, gurekin batera, beste dozenaka pertsonak. «Eskailerak igo eta jaitsi eman dugun denborarekin, autobusa hartu bagenu lehenago ailegatuko ginen!», entzun diogu bati.
Iritsi gara gora. Londres Hotelaren parean amaitu dugu bixita, Kontxako badia aurrean dugula; turistek horren maite duten postalezko hiria aurrez-aurre.