INFO

Maitasun adierazpena

Niko Etxart, omenaldian. (Mikel MARTINEZ DE TRESPUENTES | FOKU)

Muxikebarri Zentroak mende laurden bete du aurten ‘Iparra galdu gabe’ zikloa antolatzen. Getxoko Algorta auzoan kokatua, Getxo Antzokia izenarekin ezagutu genuen 2019ra arte. Udalaren, Euskal Kultur Erakundearen eta herriko eragile eta elkarteen arteko 25 urteko lankidetza ospatzen ari da, bide batez. Aurtengo ekitaldi nagusia Niko Etxarti egindako omenaldia dugu. Gonbidatu piloa, saria eta aurkezpenak egon dira, baina batez ere Niko eta Hapa-Haparen emanaldia izan da, eta errepertorioan sorpresa zenbait izan ditugu.

Lehenik eta behin, eta aurkezpenaren ondoren Getxoko eskoletako haurren bideo bat jarri dute, zeinetan ‘Euskal Rock & Roll’ eta ‘Eperra’ kantatu baitituzten. Gero etorri da kontzertua, akaso pixka bat berandu baina ia bi ordu t’erdi aritu dira jotzen, beraz kexarik ez daukagu. Xabi Leonek teklatuekin egindako sarreraren ondoren sartu da Niko, txalo artean, ‘Arranoak bortüetan’ kantatzera. Xabi Etxeberrik (Anarirekin ere ibiltzen denak) biolinarekin beste dimentsio bat eman dio kantuari. Amaitutakoan igo dira gainontzeko partaideak: Kiki Graciet (harmonika), Dominic Earl (gitarra), Thomas Saez (baxua) eta Cedric Ilhardoi (atabalak) ‘Itxaro/Joseba’ blues sentitua jotzera. ‘Gustatzen al zaizue bluesa?’-galdetu digu Etxartek-.

Bluesarekin jarraitu dugu, psikodelia ukitua eta sakontasun handia daukan ‘Holtzarte blues’ zaharrarekin. Olatu honetan igota, ‘Blues dei urdina’ ere etorri da segidan. Elmore Jamesen konposizioa, Nikok berak Spencer Davis Group taldearen bidez ezagutu zuela aitortu digu. Rock and roll goseak geunden eta ‘E.H.Euskaraz’ basatia jo dute segidan, nahiz eta Nikoren ahotsa apur bat urratuta nabaritzen genuen. Gero Mikel Laboari eskaini dio ‘Baga, Biga, Klik’ klasikoa. Laboaren kanta rockera ekarri zuen Nikok 1980ean, baina sartutako kaña eta aldaketek ia ia abesti propioa izatera eraman zutela uste dugu. Gustatu zaio jendeari, dudarik ez da. Gainera, ez dira falta izan bateria (Cedric) eta gitarra (Dominic Earl) solo motzak.

Anne Bidalun taularatu da gero bi abesti zoragarri kantatzeko. Lehena sorpesa itzela izan da, ‘Mundu berri batendako’ kantatu baitute, eta gero ‘So bat’ balada hilezkorra. Duo benetan ederra osatu dute. Nikok azaldu digu nola emozio oso fuerteak dauzkanean ahotsa urratzen zaion, eta bertaratu behar zuen Robert Larrandaburu etorriko ez dela esan digu segidan, «azken hatsa ematen ari baita». Negar malkoetan zegoen Niko, baina Dominika Eiheraberrirekin batera abestu du ‘Bortian mendi gainetik’, hau ere ezusteko galanta. Gero Dominikak berak bakarrik a capella egin du ‘Amodioa amodio’. ‘Heldu Korrikari’ (2007ko Korrikako kanta) rock and rollera itzulera izan da. Olatu horretatik jeitsi gabe, Irantzu Garamendi eta Ainhoa Aranburu igo dira Ike & Tina Turnerren ‘Tina perla beltza’ euskaratua kantatzera lehenik, eta ‘Tumatxa’ ondotik. Falsetea erabili dute neskek azken honetan, baita gero Nikok ere, jatorrizko kantu mitikoa ahalik eta ondoen gogorarazteko. Ezusteko handia hau ere.

Xabaltx eta Eskean Kristö eta Kristonak taldeko Pello Artabe, Niko atseden hartzen utzita, igo dira ‘Zkrax?’ kantutzarra kantatzera. Nikok aitortu duen moduan, berak egin duen rock kanturik onenetakoa dugu hau. Aipatu bi gizonezkoek oholtza maisuki bereganatu dute eta segidan Pellok eszenatokian jarraitu du ‘Minuette’ interpretatzeko. Itzela. Gero Dominika (ez nahastu Nikoren aita Dominikarekin) berriz igo da kantu tradizional bat kantatzeko, eta gero Süneren txanda etorri da ‘Cajun jig’ kantuan abestu eta soinua jotzeko. ‘Xoriñoak kaloian’ xarmanta Nikok inoiz grabatu ez duen kantua den arren, Dominic Earlek bere bakarkako ‘All the rides’ diskoan grabatu zuen 2022an, eta gaur ere berari tokatu zaio abestea, Nikorena den arren. ‘Euskadi jator goxo eta puta hontan’ kantazen jarraituko duela esan digu abesti bukaeran, rock and roll zital honen izenburuak bere polemikatxoa izan zuen arren.

Rick Derringerren ‘Rock & Roll Hoochie Koo’ ahaztezina, hau bai Nikoren ‘Gili-gilikatzen haüt’ diskoan grabatua, izan da hurrengoa. Kiki Gracieten harmonika Nikoren estiloan guztiz txertatuta dago azken hamarkadetan; horrez gain, Xabi Etxeberrik parte hartzen duen kantuetan, biolinarekin kantuak bereziki beztitzen ditu. Maila handiko banda da Hapa-Hapa, eta gaurkoan ere makinariak bete-betean funtzionatu du. Anje Duhalde, azken gonbidatua, taularatu da gero azken bi kantuetan parte hartzeko: ‘Euskal rock and roll’ klasikoetan klasikoa, eta partaide eta gonbidatu guztiak oholtzan zirela, ‘Eperra’ hilezkorra. Primeran pasatu duela aitortu digu Nikok, eta azken kantua hasi baino lehen sari bat eman dio Udaleko Kultura teknikariak. Gero berriz ere aurkezleak hitz batzuk esan ditu. Akaso erritmoa asko moztu da, baina ‘Eperra’ kantuarekin berehala hartu dute martxa.

Ekitaldi mota hauetan emozioak bor-bor egoten dira eta sortzen den giroa da bereziena. Akats txikiek ez daukate inolako garrantziarik, eta Altzürukutarra oso ondo hartua izan da gaurkoan ere. Omenaldia egiteko gazteegia dela uste du Nikok, eta egia da, baina berak dioen moduan, omenduak bizirik daudenean egin behar dira horrelako errekonozimenduak. Anje Duhalderi ere egin zioten 2024an Abadiñon, eta taula gainean jarraitu du bai Errobirekin zein bakarka ere. Nikok karisma itzela erakutsi du berriz ere, eta urte askoan hor goian egotea espero dugu. Datorren larunbatean Donibane Lohizunen beste omenaldi bat egingo diote, gaurkoan sarrerarik gabe gelditu direnentzako aukera polita.