INFO

Gatibu oholtzatik harago

GATIBU, AGUR ESAN BARIK
Euskal Herria, 2026. 82’. Zuzendaria: Jabi Elortegi. Gidoia: Jabi Elortegi. Argaz.: Lander Andonegi. Muntaia: Hannot Mintegia.

‘Agur esan barik’ dokumentaleko uneetako bat. (Pausoka)

‘Agur esan barik’ deitu zion Gatibuk bere azken birari. Izenak berak badu zerbait paradoxikoa: agur bat iragartzen zuen, baina agurra bera ukatu egiten zuen. 2025ean eman zuten azken kontzertua, eta Jabi Elortegi zuzendariak ibilbideko azken urtean bildutako irudiak baliatu ditu izen bereko dokumentala osatzeko. Elortegik zaleentzako elektrokardiograma moduko bat marraztu du, talde baten bihotzaren azken taupadak neurtzen dituen aparatu zinematografikoa.

Bira baten kronika hutsetik harago, filmak denboraren joanaz, eraldaketa pertsonal eta kolektiboaz, heldutasunaz eta, batez ere, agur esaten ikasteaz hitz egiten du. Haimar Arejita gitarra-jotzaileak dokumentalaren hasieran aipatzen du: «Zenbat taldek irauten dute 25 urte?». Galdera horrek, nolabait, film osoa zeharkatzen du.

Ezaugarri hauetako dokumentalek, normalean, bi kontatzeko modu izan ohi dituzte. Batetik, musika taldea gurtu eta goraipatzea, haren distira azpimarratzea eta argazkiaren alde ederra bakarrik erakustea. Bestetik, taldea izan den bezala erakustea, bere argi-ilunekin, eztabaidekin, kontraesanekin eta une zailekin.

 Oholtzatik harago

‘Agur esan bari’ lanak, neurri batean, bigarren bide hori aukeratu du. Oholtzatik harago begiratzen du. Une intimoak, kontzertu sinbolikoak, une politak eta hunkigarriak eta aldaketa pertsonal zein kolektiboak biltzen ditu. Baina artxiboko irudiak, elkarrizketak eta azken agur horren prestaketa erakusteaz gain, hain gozoak ez diren uneei ere tartea egiten die. Talde baten erretratua ez ezik, denborarekin aldatu den gizatalde baten erretratua ere bada.

Boisera egindako bidaia, autoan gidatzen doazen uneak, abesti jakin batzuen atzean dagoen sormen-prozesua eta kanta horien eragina –‘Euritan dantzan’, ‘Musturrek Sartunde’, ‘Urepe’...– eta, jakina, azken kontzertuaren irudiak dira dokumentaleko unerik politenak. Une horietan, kamera bera ere taldekide bihurtzen da.