Naiz.info
Kanbo

Gipuzkoako Aldundiak 600.000 euroko laguntza emango dio Xalbador Kolegioari

Hiru urtetan 200.000 euroko ekarpena egingo du Gipuzkoako ALdundiak Lapurdiko ikastetxea berregituratzeko eta handitzeko lanetan laguntzeko. Garitanok euskararen normalizazioan jarrera alda dezala eskatu dio Parisi.

Garitano, erdian, Kanbon izan da eraberritze lanak ikuskatzen. (Gaizka IROZ)
Garitano, erdian, Kanbon izan da eraberritze lanak ikuskatzen. (Gaizka IROZ)

Gipuzkoako ahaldun nagusi Martin Garitanok hitzarmena sinatu du Kanboko Xalbador Kolegioko arduradunekin. 600.000 euroko diru laguntza bideratuko du hiru urtetan zehar, ikastola berregituratzeko eta handitzeko lanetarako. Berrehuna mila euroko ekarpena egin du urtean Gipuzkoako Aldundiak.

Euskal herritarren arteko «lankidetza eta elkartasuna» izan ditu mintzagai Garitanok, Estatu frantsesak euskararen normalizazioari «jartzen dizkion oztopoak kontutan izanda».

«Xalbador Kolegioak lan miresgarria egin du. Lan horrek, jakina, segida izan behar du. Frantziak era guztietako oztopoak jartzen ditu euskaraz normaltasunez bizitzeko. Gipuzkoako Foru Aldundiak, hizkuntzaren etorkizuna ziurtatzeko erabaki sendoa hartu duen heinean, ezin dio iskin egin Lapurdin, Zuberoan eta Nafarroa Beherean pairatzen duzuen egoerari», salatu du.

Bere iritziz, Gipuzkoa «arduraz» jokatzen ari da. «Merezi du auzolanean aritzea. Merezi du, euskararen alde, lankidetzan aritzea. Ipar Euskal Herrian marra gorri guztiak gainditu ditu euskararen kontrako politikak. Merezi du euskaldunok indarrak biltzeaa, euskara guztion ondarea baita», adierazi du.