@ane_arruti
TOLOSA

‘Lasa eta Zabala’ filma errodatzen ari dira Tolosako hilerrian

Joxean Lasa eta Joxi Zabala gazteak bahitu, torturatu eta hil zituztenekoa thriller batean jasotzen ari da Pablo Malo zuzendari donostiarra. Atzo eta gaur Tolosako hilerrian ari dira errodaje lanetan eta ‘Lasa eta Zabala’ filma datorren Zinemaldian estreinatzea espero dute.

Joxi Zabala eta Joxean Lasaren ehorzketa grabatu dute Tolosako hilerrian. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)
Joxi Zabala eta Joxean Lasaren ehorzketa grabatu dute Tolosako hilerrian. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

Tolosako hilerrian ari da grabaketa lanetan Pablo Malok gidatutako lantaldea. 1983an torturatu, hil eta desagerrarazi ondoren, 1995ean bi gazteei emandako azken agurraren eszenak dira, hain zuzen, Tolosan grabatzen ari direnak. Bertara iristean izandako istiluak eta senideen aurka Ertzaintzak egindako karga errodatu zituzten atzo. Gaur goizean, berriz, hilkutxak hilerrian gora eraman dituzte senitartekoek eta lur eman diete bertan.

Unax Ugalde izango du pelikulak protagonista, Iñigo Iruin abokatuan oinarritutako paperean ikusiko dugu. «Zinema egin nahi nuen hasieratik eta ez dokumental bat. Familiei hasieratik esan nien ez zituztela euren semeak ezagutuko, ez keinuak, ez ibiltzeko edo hitz egiteko moduan. Fikzioa da, ez da errealitatea, hori kontatuta dago», argitu du Pablo Malo zuzendariak.

Hasieratik familiarekin kontaktuan izan dela azaldu du, «pozik sentitu ziren baina askok ez dute pelikula ikusi nahi. Tristea eta mingarria ere bada hau dena berriro azaleratzea. Elkarrizketa asko izan ditut eurekin, Lasaren baserrian egon naiz, euren etxeetan, anai-arrebekin... Emozionalki ere inplikatuz zoaz eta distantzia bat hartu nahi izan dut. Argazkiak ikusi ditut, gauza asko hitz egin ditugu intimitatean geldituko direnak…».

Jon Anza eta Cristian Merchan aktoreek hezurmamituko dituzte Lasa eta Zabala. «Asko entseatu dut gazteekin eta familiek pasa zena kontatzeko eskatu didate. Dokumentazio nahikoa badago. Baina nik ez dut biolentziaren pornografia egin nahi», aurreratu du Malok.

Aurretik, Baionan eta Hendaian grabatu dituzte hainbat sekuentzia eta eguraldi txarrarekin eta uholdeekin nahikoa lan izan dutela aitortu du Malok. Gaurkoan behintzat eguzkia izan dute lagun eta datozen egunetan, Tutera eta Donostia ingurutan jarraituko dute grabaketekin. Bost aste falta zaizkie oraindik.