Xole ARAMENDI
DONOSTIA

Mikel Laboak Lekeitiorekin zuen harremana dantza bidez islatuko du ‘ItsasLaboa’ ikuskizunak

Mikel Laboak Lekeitioko herriarekin izan zuen harremana ardatz hartuta musikaz eta dantzaz osatutako ‘ItsasLaboa. Txoriak: Zoroen Itsasoa’ ikuskizuna estreinatuko da datorren uztailaren 11an eta 12an. Lekeitioko Kale Antzerki Jaialdiak, bere 25. urteurrenean, Dantzaz konpainiari propio eskatutako enkargua da ikuskizuna.

Dantzak taldeko kideek ikuskizunaren zati bat eskaini du Kontxan. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Dantzak taldeko kideek ikuskizunaren zati bat eskaini du Kontxan. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Mikel Laboa hiru urte eskasekin iritsi zen Lekeitiora. 1936. urtea zen, gerratik ihesi zihoan ama eta sei anai-arrebekin batera. Bertako baserri bat izan zuten gordeleku. Oroitzapen ederrak zein zorigaiztokoak zituen. Itsas portuan entzundako hitzak, bertako biztanleen orroak betirako iltzatu zitzaizkion oroimenean –‘Lekeitio’ disketan islatu zituen– eta zoritxarrez, bonbaketa abioiak baserri gaineko zerua zeharkatzen entzun zituen.

Itsaso zabala atzeko oihaltzat hartuta, Isuntza hondartzan ikusiko du argia lehen aldiz ‘ItsasLaboa. Txoriak: Zoroen Itsasoa’ koreografiak. Guztira hamalau dantzari arituko dira hondar gainean Josu Mugikak prestatutako koreografia dantzatzen, Laboaren musika lagun dutela. Mugikak berak aukeratu ditu hain ezagunak diren Laboaren kantuen zatiak eta Iñaki Salvador musikaria arduratu da ikuskizunaren soinu banda harilkatzeaz.

Gaur Donostian egindako agerraldian dantzariek ikuskizunaren zatitxo bat eskaini dute Kontxako hondartzan. Maitane Larrauri Lekeitioko alkatea, Fernando Saenz de Ugarte Dantzaz konpainiaren zuzendaria eta Imanol Agirre, Lekeitioko Kale Antzerki Jaialdiaren zuzendari artistikoa ere bertan izan dira, Mugika eta Salvadorrekin batera. Denak pozik agertu dira. «Lekeitio kultur kaia izan da azken 25 urteotan eta etorkizunean ere hala izaten jarrai dezala nahi dugu. Kultur kaia, kultura porturatzen delako eta baita kultura itsasoratzen dugulako. Batzutan kultura  erakusten dugu eta bestetan sortu eta kanporatu egiten dugu. Aurtengoa edizio berezia izanik ikuskizuna ere berezia da», adierazi du Maitane Larraurik.