NAIZ
GALDAKAO

Hodei Egiluzen aldeko bizikleta martxa egingo dute abuztuan Belgika eta Holanda artean

Hodei Bila elkarteak bizikleta martxa egingo du abuztuan Belgika eta Holandan, Hodei Egiluzi buruzko informazioa eta argazkiak zabaldu, bilaketan aurrera egin ahal izateko.

Hodei Egiluzen desagerpenaren berri ematen duen afixa. (NAIZ)
Hodei Egiluzen desagerpenaren berri ematen duen afixa. (NAIZ)

Hodei Egiluz aurkitzeko lanean ari den Hodei Bila elkarteak bizikleta martxa antolatu du Belgikan eta Holandan abuztuaren 18tik 30era, Galdakaoko gaztearen egoera herrialde horietan gehiago hedatzeko.

Abuztuaren 18an Bruselatik abiatuko dira eta Anberes, Breda, Rotterdam, Haga, Roosendal eta Brujas igaroko dituzte bizikletaz, Hodei Egiluzi buruzko informazioa eta argazkiak zabaldu eta ahalik eta jende gehienak haren desagerketaren berri izan dezan.

Txirrindulariek aterpetxe eta kanpinetan hartuko dute ostatu. Nahi duenak parte hartu ahal izango du martxan, baina Bruselarako joanetorria norberak bere kabuz egin beharko du. Izena ematea uztailaren 30a baino lehenago egin behar da.

Hodei Egiluz iazko urritik dago desagertuta. Anberesen ikusi zuten azken aldiz, eta ordutik ez da haren berririk.