NAIZ

Larunbaterako «mosaiko erraldoi bat baino gehiago» iragarri du Gure Esku Dagok

Abiapuntuan jarritako 5.000 parte hartzaileen kopurua betetzear, jende gehiagok parte hartzeko moduko mosaikoa prestatzen ari da Gure Esku Dago larunbaterako. «Mosaiko erraldoi bat baino gehiago» izango dela iragarri du eta bertaratzeko deia egin die herritarrei «mobilizazio sozial polit bat» osatzeko. Donostiako Zurriolako hondartzan izango da eta hirukoitza da helburua: eskoziarrak zoriontzea, kataluniarrei babesa adieraztea eta erabakitzeko eskubidearen dinamikari gurean indarra ematea.

Errenterian pasa den asteburuan 1.000 kandelekin osatu zuten deialdia.
Errenterian pasa den asteburuan 1.000 kandelekin osatu zuten deialdia.

Asteburu osoan batean eta bestean entzungo da Euskal Herrian erabakitzeko eskubidearen aldeko aldarria. Gure Esku Dagok ikasturtea hastearekin bat iragarri zuen azaroaren 8rako mosaiko erraldoiak bete du lehen erronka. Ohar bidez jakinarazi dute 5.000 parte hartzaileen langa gainditzear direla eta teknikoki mosaikoan jende gehiagok parte hartzeko prestaketa lanetan ari direla. Bitxikeria bat ere bai, Guinness errekorra gaindituko duela larunbateko ekimenak. 2.170 pertsonek osatutakoa baita aterkiak eskuan orain arte egindako handiena, Indonesian izan zen hura, orain bi urte.

Larunbatekoa, hala ere, «mosaiko erraldoi bat baino gehiago» izango dela iragarri du Gure Esku Dagok. Izena emateko aukera irekirik dute oraindik, herriz herri txartel bidez ari dira horretan eta sarean ere egin daiteke. Izenik eman gabe direnei ere bertaratzeko deia egin diete, gainera. «Elkarrekin osatu dezagun mosaikoaren bueltan erabakitzeko eskubidearen aldeko mobilizazio sozial polit bat», dei egin dute.

Behobia-Donostia eta herriz herri

Larunbateko mosaikoaz gain asteburuan hainbat ekimen izango dira batean eta bestean erabakitzeko eskubidaren alde. Behobia-Donostia lasterketan zehar mosaikorako baliatutako aterkiekin ibilbidea alaituko dutela iragarri dute eta beste hainbat herritan ere ekimank izango direla jai giroan. Horien artean, Astrabuduan, adibidez, «urnapoteoa» antolatu dute igande eguerdirako (12.30ean).

Azken egunetan herriz herri mosaikorako deialdi ekimen ugari egin dituzte. Ikusgarrienak, agian, Urretxu eta Zumarragan grabatu zuten L'Estaca doinuaren emankizuna parte hartze handiarekin edo Errenterian piztu zituzten 1.000 kandelak. Autobusak ere antolatu dituzte hainbat herritan mosaikoan parte hartzeko.