NAIZ
DONOSTIA

Santiago Arrozpide eta Alberto Plazaola aske geratu dira

Santiago Arrozpide Sarasola eta Alberto Plazaola euskal presoak aske uzteko agindu du Auzitegi Nazional espainolak, Estatu frantsesean igaro zuten espetxealdia kontuan hartuta. Arratsaldean irten dira Villena eta Curtisetik, 27 eta 24 urte bete ostean, hurrenez hurren.

Santiago Arrozpide, bixerarekin, espetxetik atera ondoren. (NAIZ)
Santiago Arrozpide, bixerarekin, espetxetik atera ondoren. (NAIZ)

Auzitegi Nazionalak aske uzteko agindu ondoren, Alberto Plazaola 17.00ak aldera atera da Curtiseko espetxetik, eta Santiago Arrozpide, berriz, 19.15 pasata, Villenako kartzelatik.

Auzitegi Nazional espainoleko Zigor Aretoko Lehen Sekzioak Estatu frantsesean igaro zuten espetxealdia aintzat hartzea onartu zuen herenegun Arrozpide, Plazaola eta beste bi presoren kasuan –Pakito Mujika eta Rafael Caride– eta, horrenbestez, aske geratuko dira. Fiskaltzak Auzitegi Gorenera errekurritu du erabakia, baina horrek ez du eragotziko Arrozpide eta Plazaola aske geratzea.

Gobernu espainolak zigorrak metatzeko Europako zuzentarau bat bere legedian txertatu ondoren iritsi da preso hauen askatasuna. Kartzela frantsesetan igarotako denbora deskontatuta, Arrozpideri irteteko data berria 2013ko urtarrilaren 27an finkatu diote eta Plazaolari 2013ko abuztuaren 24an. Auzitegiak biak berehala askatzeko agindu du. Lehenak 27 urte daramatza preso eta bigarrenak, berriz, 24.

Zigor Aretoko Bigarren sekzioak aurkako deliberoa hartu zuen eta ez zuen onartu Iñaki Blbao Beaskoetxeari zigorrak metatzea.