NAIZ
ASTIGARRAGA

Ireki da txotx denboraldia Gipuzkoan

‘Loreak’ filmeko aktoreek ireki dute Astigarragan Gipuzkoako sagardotegien denboraldia. «Leuna, aromatikoa eta txinpartatsua» dator aurtengo sagardoa. Hamar milioi litro inguru ekoitzi dituzte eta sagarren erdia gutxi gora behera kanpotik ekarri dute.

«Hemen da gure sagardo berria» ohiko formula esanez ireki dute txotx denboraldia Astigarragako Bereziartua sagardotegian Nagore Aranburu, Itziar Ituño eta Itziar Aizpuruk. ‘Loreak’ filmeko hiru emakume aktoreak izan dira lehenak aurtengo sagardoa dastatzen. Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga zuzendariak eta gainerako aktoreak ere bertan izan dira.

Aurretik, ordea, sagardogileek Sagar Dantza eta Soka Dantza egin dituzte, hiru aktoreei kupeletara lagundu aurretik.

Gipuzkoako sagardogileen hamar milioi litro inguru ekoitzi dituzte, azken urteetako antzeko kopurua. Sagarren erdia, gutxi gora behera, kanpotik ekarri behar izan dute, baina hamar bat urteren buruan Gipuzkoan egiten den sagardo guztia bertako fruituarekin egingo dela espero dute, Koldo Lizarralde Foru Aldundiko Nekazaritza zuzendariak esan duenez.

Azken bost urteetan 80.000 sagarrondo baino gehiago landatu dituzte.

Uda freskoa eta hezea izan da eta horri esker sagarretan azukre kontzentrazio «egokia» izan da. Horren emaitza sagardo «leuna, aromatikoa eta txinpartatsua» da, kolore «hori-berdexkakoa» eta ahoan «sentsazio oso borobila» uzten duena, Joxe Anjel Goñi Sagardun elkarteko bozeramaileak azaldu duenez. Aurtengo uzta aurreratu egin da eta horregatik orain «puntu ezin hobean» dago.