NAIZ
PAUE

Alberto Plazaola aske utzi du Paueko Auzitegiak

Alberto Plazaola aske geratu da, Paueko Auzitegiaren aginduz, astean bi aldiz komisarian sinatzeko baldintzarekin. Datorren asteartean aztertuko dute euroagindu eskaera.

Alberto Plazaolaren askatasuna aldarrikatzeko elkarretaratzea egin zuten atzo Ziburun. (Isabelle MIQUELESTORENA)
Alberto Plazaolaren askatasuna aldarrikatzeko elkarretaratzea egin zuten atzo Ziburun. (Isabelle MIQUELESTORENA)

Alberto Plazaola atzo atxilotu zuen Polizia frantsesak Ziburun, Auzitegi Nazionalaren euroagindu eskaera bat tarteko. Arratsaldean Paueko Auzitegira eraman zuten. Gaur igaro da epailearen aurretik eta aske uzteko agindu du baina astean bi aldiz komisarian sinatzeko betebeharra eta Pirinio Atlantikoetako departamendutik ateratzeko debekua ezarri dio. Fiskalak espetxeratzea galdegin du.

Heldu den asteartean, 11.30ean, aztertuko du Auzitegiak Plazaolaren aurkako euroagindu eskaera.

Santi Arrozpiderekin batera kaleratu zuten iazko abenduaren 4an, 24 urte kartzelan egin ostean, baina martxoan Auzitegi Gorenak aske uzteko erabakia baliogabetu eta biak espetxeratzeko agindu zuen berriro, Estatu frantsesean preso egin zituzten urteak ez zizkiotela kontuan hartuko argudiatuta.

Guardia Zibila Plazaolaren bila joan zen, baina ez zuen atzeman. Ondoren Auzitegi Nazionalak bilatze eta atxilotzeko agindua eman zuen.