@Maider Iantzi
Pasaia

Atez atekoa kendu eta bosgarren edukiontzia jartzeko lehen pausoa emanen du Pasaiako Udalak

Heldu den asteartean, irailak 29, Pasaiako udal Gobernuak proposamen bat aurkeztuko du udalbatzarrean Sanmarko Mankomunitatearekin lankidetza hitzarmena sinatzeko. Itun honen xedea herrian hondakinen bilketarako edukiontzien sistema berrezartzea izanen da.

Izaskun Gomez alkateak (eskuinean) eta Nahikari Otermin Hirigintza zinegotziak azaldu dute atez atekoa kentzeko prozesua nola izango den. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)
Izaskun Gomez alkateak (eskuinean) eta Nahikari Otermin Hirigintza zinegotziak azaldu dute atez atekoa kentzeko prozesua nola izango den. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)

Izaskun Gomez Pasaiako alkateak (PSE) eta Nahikari Otermin Hirigintza eta Ingurugiro zinegotziak (EAJ) prentsaurrekoan azaldu dute «herritarrekin hartutako lehenengo konpromisoa» beteko dutela: datu ofizialen arabera ia %80ko birziklatze tasa duen atez ateko sistema kendu (2014ko abenduan %76,5ekoa zen), eta edukiontzien sistema ezartzea berriro, materia organikoa biltzeko bosgarren edukiontzia gehituz.

Agertu dutenez, bosgarren edukiontzi honen erabilera borondatezkoa izanen da eta giltza beharko da. Irailaren 29an, asteartean, Udalak Sanmarko Mankomunitatearekin hitzarmena onartzea izanen da lehen urratsa. Ondotik, urriaren 7an Mankomunitateko Batzordean emanen diote argi berdea eta edukiontziak Udalaren esku jarriko dituzte.

Bost edukiontzi jarriko dituzte, honako bost atalak biltzeko: papera, ontziak, beira, organikoa eta errefusa. Hauek herrian ezartzeko prozesua mailakatua izanen da: Trintxerpen eta San Pedron urriaren 27an eta 28an jarriko dira, Pasai Antxon azaroaren 12an eta 13an, eta Donibanen, astebete geroago.

Atez ateko hamairu langileak

Hondakinen atez ateko bilketan ari diren langileez galdetuta, hamairu direla zehaztu du alkateak. «Zazpik edo zortzik» Udalarentzat lanean segituko dutela erran du, Obra eta Zerbitzuen Sailarentzat zeregin desberdinak betez.

Sistema ezartzearekin batera sentsibilizazio kanpaina bat eginen dute herritarrei ohartarazteko «guztion parte-hartzea eta konpromisoa ezinbestekoak direla» eta «sortzen ditugun hondakinak birziklatzeko betebeharra dugula».

Nazioarteko araudiek, «Europakoek eta gainontzekoek», ezartzen dituzten birziklatze tasak betetzeko konpromisoa hartu du alkateak. Azaldu duenez, araudi horietatik exijenteena dena hartuko dute gutxienekotzat, eta bete egingo dute. «Jendeak esaten zuen ez zuela birziklatzen atez atekoa ez zuelako gustuko [aurkako 4.000tik gora sinadura jaso zituztela oroitu du]; orain gustuko sistema dute eta tematiak izango gara birziklatu dezaten», adierazi du temati.