NAIZ
BERMEO

Sutea piztu da Bermeon, Enagasen biltegitik gertu

Bermeoko Arene-San Pelaio auzoan, Enagasek duen gas biltegitik gertu goizaldean piztu den sutea kontrolpean dago. Bermeo eta Bakio arteko errepidea eta Matxitxakora doana moztu egin dituzte eta 25 pertsona beren etxeetatik atera dituzte. 50 hektarea erre dira, Bizkaiko Aldundiak jakinarazi duenez.

Suhiltzaileak lanean Bermeoko sutean. (Andoni LUBAKI/ARGAZKI PRESS)
Suhiltzaileak lanean Bermeoko sutean. (Andoni LUBAKI/ARGAZKI PRESS)

Sutea goizeko 5.00ak aldera piztu da Bermeo eta Bakio artean dagoen Arene-San Pelaio auzoan, Matxitxako inguruan, Enagasek duen instalaziotik gertu. Ondorioz, bai lantegiko bai inguruko hainbat baserri eta etxebizitza hustu egin dituzte, badaezpada. SOS Deiak-ek jakinarazi duenez, 25 pertsona atera dituzte inguruko baserri eta etxeetatik.

Sutea piztu ondoren, Bermeo eta Bakio lotzen dituen BI-3101 errepidea eta Matxitxakoko itsasargiraino doan BI-4203 moztu egin dituzte, segurtasuna bermatzeko.

Gernika eta Derioko suhiltzaileen zortzi talde, Foru Aldundiko langileak eta Udaleko boluntarioak aritu dira garrak amatatzen, baina haize ufada handiek lana zaildu egin dute. Espainiar Ingurumen Ministerioak bi hegazkin bidali ditu, laguntza gisa. Piztu eta bost orduren buruan, sutea kontrol fasean dagoela esan du Lakuako Segurtasun Sailak.

Foru Aldundiak esan duenez, 50 hektarea inguru erre dira.