NAIZ
GASTEIZ

Gasteizko Andre Maria Zuriaren jaien hasiera streaming bidez emango du NAIZek

NAIZek streaming bidez zuzenean emango du Gasteizko festen hasiera. 18.00etan hasiko dira, Andra Maria Zuriaren plazan jaiei hasiera emango dien suziriaren jaurtiketa eta Zeledonen jaitsierarekin. Arabako hiriburua abuztuaren 9ra arte festa giroan murgilduko da.

Gasteiz festa giroan murgilduko da gaur abuztuaren 9ra arte. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Gasteiz festa giroan murgilduko da gaur abuztuaren 9ra arte. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Gasteizko jaiak gaur hasiko dira Andra Maria Zuriaren plazan, suziriaren jaurtiketa eta Zeledonen jaitsierarekin. 18.00ak iritsi aurretik hasiko da NAIZen emanaldia, eta zuzenean eskainiko dugu jaien hasiera.

Aurten, aurrenekoz, Zeledoni ongietorria emateko abestia euskaraz kantatuko dute.

Unax Ugalde aktorea da aurtengo pregoilaria eta, arte eszenikoen sektorearen izenean, jaiez gozatzeko deia egin zuen iragan igandean. Sexu erasorik gabeko jaien aldeko aldarria ere plazaratu zuen Ugaldek.

Jaiak hasi baino lehen Udalak hiria girotzeko hainbat jarduera antolatu zituen, hala nola, uztailaren 29tik abuztuaren 1era ospatu den film laburren Korterraza jaialdia Artiumen, edota zenbait kontzertu, besteak beste, Gasteiz Big Bandak eta Araiako Bandak eskainitakoak.

Gaurtik aurrera hiria festa giroan murgilduko da, eta bai Udalak eta baita Gasteizko Txosnek antolatutako hamaika jarduera eta kontzertuz gozatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek.