40 urte joan dira Jose Bernardo Bidaola ‘Txirrita’ 22 urteko gaztea, ETA (pm)-ko militantea hil zenetik, erakundeko beste bi kiderekin –Borda eta Tala– eta mugalari batekin –Iñaki Hernandez– muga pasatzen saiatzen ari zela, Etxalarretik Sarara, Lizaieta mendian barna.
Ezustean Guardia Zibilekin egin zuten topo eta tiroketa gertatu zen. Bordak eta Talak ihes egitea lortu zuten, Hernandez atxilotu egin zuten, eta Txirrita hankan zauriturik ikusi zuten azkenekoz, Guardia Zibilez inguratuta.
Handik hilabete eta lau egunetara aurkitu zuten bere gorpua, tiroketa gertatu zen lekutik hurbil.
Ez dago argi zer gertatu zen eta Tolosako Kultur Etxea leporaino bete da hainbat lagunen artean osatu duten txostenaren berri jakiteko. Txosten honek gertatu zenaren pasarte berriak azpimarratzen ditu eta bide berri bat irekitzen du ikerketarako eta egiara iristeko bidean aurrera egiteko.
Ander Lizarralde gaztea, Iñaki Egaña historialaria, Iñaki Hernandez, Borda, Tala... hainbat pertsonaren lan handiari esker osatu da txostena. Oraindik behin behinekoa, informazio ofizial garrantzitsua falta dutelako oraindik.
Tolosako eta Lizartzako alkateen eta zinegotzien babesa dute (‘Txirrita’ Lizartzan jaio zen 1953an, eta 14 urte zituela Tolosara joan zen bizitzera familiarekin batera). Senideak ere izan dira ekitaldian, tartean Jexux anaia eta ilobak. Txostena osatu dutenei eta hemen bildu direnei eskerrak eman dizkiete.
Borda eta Talak hunkituta adierazi duten bezala, hari honi tiratzea da orain egin behar dena, egiara iritsi arte.
Bihar GARAk erreportaje zabala argitaratuko du honen inguruan.