Interview
Haimar Arejita, Gaizka Salazar eta Alex Sardui
Gatibu taldeko kideak

«Erabaki dugu, modu natural batean, Gatiburen ibilbidea hemen bukatzen dela»

Hogei urte ospatzeko garaian etorri zen Gatiburen ‘Bixotzetik’ kantua, publikoari esker kantu bat izan zen hura eta ospakizun urtea behar zuen 2020ak, baina, dena hankaz gora jarri zen. Orain, lau urte beranduago, tristurarik gabe, beste gisa bateko albiste eta ospakizun bat iragarriz datoz.

Audio_placeholder

«Erabaki dugu, modu natural batean, Gatiburen ibilbidea hemen bukatzen dela»

Loading player...
Alex Sardui, Gaizka Salazar eta Haimar Arejitak taldearen agurra 2025eko abenduaren 13rako iragarri dute.
Alex Sardui, Gaizka Salazar eta Haimar Arejitak taldearen agurra 2025eko abenduaren 13rako iragarri dute. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Haimar Arejita, Gaizka Salazar eta Alex Sardui, zer moduz zaudete?

Haimar Arejita: Kaixo, ondo!

Gaizka Salazar: Hori da, ondo gabiltza.

Tira, albistea nik eman baino zuok ematea egokiagoa dela uste dut.

H.A.: Gatibuk 2000. urteari ekin zion bere ibilbideari eta, 2025ean, 25 urte beteko ditugu, mende laurdena, eta ez genuen sekula usteko honaino iritsiko ginenik. Eta 25 urte betetzeko gauden urte honetan, bada erabaki dugu…

Alex Sardui: Hogei urte pasa ondoren, dagoeneko hogeita bostgarrenera ere iritsi gara. Hogei urte zirenean ez ziren albiste oso onak izan, oraingoan, taldearentzat behintzat, albiste hobeekin gatoz.

G. S.: Azkenean inork ez du ezer ere esango! Erabaki dugu modu natural batean Gatiburen ibilbidea hemen bukatzen dela.

Agur esatearen erabakia noiz hartu zenuten?

H.A.: Nik uste dut azken urtean hartu dugula argi erabakia. Azken urtean ari ginelako bueltaka 25. urteurrena dela-eta zer egin, zer ez… Nola egin aurre erronka horri, ezta? Hor hasi zen gure baitan taldea goian uzteko ideia garatzen.

«Ari ginen bueltaka 25. urteurrena dela-eta zer egin, zer ez… Nola egin aurre erronka horri, ezta? Hor hasi zen gure baitan taldea goian uzteko ideia garatzen»

Askotan hobe izaten da erretiroa hartu ezinda ibili baino gauzak ondo doazenean uztea.

G.S.: Gainera, pentsatu behar da 25 urte beteko ditugula gelditu barik, ez dugu atsedenik hartu tartean.

Nor izan zen meloia zabaltzera ausartu zena?

A.S.: Nik ez dut gogoratzen behintzat.

H.A.: Nik uste hiruok sintonian egon ginela kontu honekin, ez dakit nor izan zen lehenengo hankatxoa erakusten hasi zena, baina hiruok batera egin dugu aurrerantz eta argi ikusi dugu hau dela gure ustetan agur esateko momentu egokia, era duin eta alai batean. Desgastea etorri aurretik edota gure arteko harremanak sano dauden bitartean, 25 urtetan harreman bat sano mantentzea bera nahikoa arrakastatsua delako, bere gorabehera guztiekin.

A.S.: Garrantzitsua da norbaitek bere lana eginda duela ikusten duenean edota fundamentua egin duela uzteko erabakia hartzea. Garai berean egon gara ados eta bukaera etorri da eta bukaera dezentea eman nahi diogu.

Zerk izan du pisu gehien erabakia hartzerako garaian?

A.S.: Nik uste dut bizitzaren dinamikak aldaketa bat merezi duelako iritsi garela puntu honetara. Hiruak konforme egon gara, egin dugu lana, heldu gara honarte eta hemendik aurrerakoak norberak neurtuko ditu. Bizi zabal eta normal baten barruan bakoitzak bere bidea egiteko momentua ere heldu da.

H.A.: Erabaki hau hartzeko gauza asko daude hor. Batzuk modu arrazionalean aztertzen dituzu eta besteak irrazionalean, eta akaso ez zara kontziente ere. Desgaste handi bat da hogeita bost urtean hor borrokatzen egotea, nahiz eta guri oso ondo joan zaigun hasieratik eta orain arte. Espero dezagun urteurren honetan, azken biran, oso ondo joatea ere. Baina egia da halako talde bat lepoan eramateak baduela bere pisua. Gauzak oso ondo egiten saiatzen, erronka berriei heltzen, berritasunak eskaintzen… Jarraitu ahal izango genuke, lasai asko gainera, baina urte borobil batean eta goian uztea proiektua egokiagoa iruditu zaigu. Jendeak izan dezala oroitzapen goxo bat, bizia eta indartsua.

G.S.: Nik uste dut garrantzitsua dela ikustea baita ere guk asko disfrutatu dugula, pozik egon garela, kontzertu onak eman ditugula, diskoekin ere gustura geratu garela… Txiklea luzatzearren luzatzerik ez genuen nahi. Goian bukatu nahi dugu, baina gure sentsazioengatik, disfrutatzeagatik eta oholtzan batera ondo pasatzearren. Hori da gure lehentasuna eta horregatik uste dugu unea heldu dela.

Gogoratzen duzue erabakia betiko izango zela jakitun zineten unean zer sentitu zenuten?

A.S.: Bada, bertigoa. Erabateko bizia egin duzu taldearekin eta hori guztia aldatu egingo duzu. Ez da hau utzi eta kito, ez da lantoki batetik bestera mugitzea, bizimodua guztiz aldatuko duzula badakizu.

H.A.: Sentitzen duzu beldurra, egoera berri bati aurre egin behar diozulako era batean edo bestean. Zalantzak ere hor daude. Baina lasaitasun sentsazio bat ere sentitu dezakezu. Sentipen desberdin asko izan nituen nire baitan. Erabakia hartzea kosta egin zitzaigun, baina erabakia heldu zen unetik hona poztasuna sentitzen dut, erronka berri bat dugulako aurrean. Urtebete dugu sekulako gauzak egin ahal izateko, urtea luzea delako, eta ilusioz gaude honen aurrean.

Eta honen inguruan hizketan hasten zaretenean, etortzen zaizue oroitzapenik?

G.S.: Konkreturik ez, baina hizketan hasten garenean mila pasadizo etortzen zaizkigu burura. Alexek, gainera, memoria oso ona du eta guztiak gogoratzen ditu. Baina une konkreturik ez da etortzen. Orain hasi gara albistea kontatzen eta lehen elkarrizketak eskaintzen, hau aurrera doan bezala eta egia dela konturatzen goazen heinean, hasiko gara kontziente izaten hartu dugun erabakiaz.

Azken urteak lasaiagoak izan direla esan daiteke zuontzat?

A.S.: Ez pentsa, e? Pandemia osteko lehen bi urteetan sekulako gerra eduki genuen, nahiz eta gero dena lasaiago hartu genuen.

G.S.: Azken bi urte hauek bai izan dira lasaiagoak.

A.S.: Guk ere lasaiago ibili nahi izan dugu, ikusten zen azken geltokira iristen ari ginela.

Bidean hamar disko ere utzi dituzue, hori ere majo kostatzen den lana da.

H.A.: Hori kosta egiten da eta aurrera begira ere kostako zen. Polita da, e? Guri asko gustatzen zaigun zerbait da, baina aurreko diskoa gainditu nahi duzu, hobetu nahi duzu… eta batzuetan kosta egiten da. Bakoitzaren bizitza eta sormena uztartzea ez da erreza. Jarraitzeko aukera izango genuen, baina noiz esaten duzu stop? Hil arte? Ez duzu momentu egokirik sekula topatzen, gauza batengatik edo besteagatik. Gure kasuan ez gara haserretu, ez da egon «honaino» esateko moduko gatazkarik. Baina bai pilatutako neke horrek sortzen zigula dena beheranzko bidean jartzeko beldurra, eta horren aurrean hobe izan da hemen uztea.

Argitaratu gabeko zenbat kanta geratuko dira?

A.S.: Bua, milaka!

Agurrarekin batera askok espero dezakeelako halako disko berezi bat…

A.S.: Ez, ezta, lagunak?

G.S.: Kar, kar, nik barre egin dut Iker ikusi dudalako barrez zerbaiten esperoan bezala. Ez dugu horretan pentsatu ere egin.

H.A.: Utzi eta urtebetera disko hirukoitza, ezta? Badira artxiboetan pilatuta eta izoztuta geratutako hainbat gauza, noski.

Kantu bat hautatzeko esango banizueke, zein da burura etortzen zaizuen lehendabizikoa?

A.S.: Niri ‘Arkondarie’ (‘Musturrek sartunde’). Ez da onena ez ezer, baina hark zabaldu zizkigun ateak, bai taldeari eta baita bizkaieraz abesteko aukera horri ere.

H.A.: Nik ‘Urepel’ esango nuke, Gatiburentzat sortu nuen lehen gitarra riff-a izan zelako. Hori eta segidan ‘Musturrek’ etorri zen. Ez dakit zein izan zen lehena, orain pentsatzen jarrita.

G.S.: Nik ere ‘Urepel’ esango nuke, lehenengo kantua izan zelako, gogoratzen dut Kanpantxuko eskolan, negu baten, abesti hau lantzen nola ibili ginen. Nik, esatearren, ‘Laino Guztien Gainetik, Sasi Guztien Azpitik’ hirugarren diskoko, ‘Bang-bang txiki-txiki bang-bang’ kantua inflexio puntu handia izan zelako Gatiburen ibilbidean.

Datozen kontzertuak, 2024 eta 2025 artean egongo direnak. Zer kontatu daiteke eta zer ez? Esaterako, NAIZek babesten duen EZK Fest jaialdian izango zarete, azaroaren 2an, Barakaldon.

G.S.: Beno, 2024an aurretik itxita ditugun kontzertu bakan batzuk eskainiko ditugu. Aurreratuko duguna gure azken kontzertua BECen izango dela, 2025eko abenduaren 13an. Festa bat!

H.A.: Agur esateko kontzertu handi bat, ospakizun bat izatea nahi dugu. Agur behar den moduan esan behar da eta kontzertu potente bat eskaini nahi dugu.

«Aurreratuko duguna da, gure azken kontzertua,  BECen izango dela, Barakaldon, 2025eko abenduaren 13an. Festa bat izango da!»

Ez dadila izan «agur esan barik, banoie», kantuak dion bezala.

H.A.: Dena dela, agur esan barik joan nahi dugu, erabat agur esatea ez zaigulako gustatzea, ez gara despediden zaleak.

Jendeari zer eskainiko diezuen esan diguzue, baina zer eskatu nahi diezue zuen zaleei azken urte honetarako?

G.S.: Ez daukagu birarik itxita, berri hau emateko lehen unean gaude eta gero gerokoak. Baina bira publiko egiten dugunean disfrutatu egin nahi dugu…

A.S.: Jakina! Azken kontzertuak dira, topera gozatu, izerditu eta behar den moduan bukatu nahi dugu.

H.A.: Gozatu egin nahi dugu eta zaleek ere hala gozatzea nahi genuke, hori eskatzen diegu, azkena balitz bezala gozatzea, oraingoan hala izango da-eta.

Bidean lagun izan dituzuen zale eta lagun guztiak bertaratzea ere nahiko duzuela uste dut, ezta?

G.S.: Bai, gainera uste dut bide luze honetan hasieratik jarraitzaile izan den hori oraindik ere hala dela, eta azken kontzertu honetan bizi izandako guztia berriz ere gogoratzeko aukera ematen du honek guztiak. Istorio desberdinak sortuko dira.

A.S.: Azkeneko aldiz joko ditugu abestiak, azken aldiz botako ditugu bertsoak…

H.A.: Ez ahaztu letrak gero!

A.S.: Azkeneko aldiz ahaztuko ditut letrak…

Hainbeste kantu egiten direnean hori ere zilegi da, ezta?

H.A.: Kontua disimulatzea da, jendeari mikroa jarri eta aurrera!

Joko dituzuen kantuen zerrenda osatzea ere ez da lan makala izango!

H.A.: Nik uste dut kontzertu guztietan abestiak aldatuz joan beharko genukeela azken urte honetan, baditugulako nahikoa abesti horretarako. Denak behintzat behin jotzea ederra litzateke!

G.S.: Haimar, ados nago! Eta ez dugu hitzik egin honen inguruan.

Alex urduritzen hasi da…

H.A.: Prompterra jarriko diogu.

A.S.: Hirurogeita hamar baino gehiago dira ditugun kantuak, denak ikasi behar ditut?

G.S.: Errepaso bat eta kitto.

H.A.: Egia da konplikatua dela, erromeria baten beste kantu ikastea une batetik bestera… lan handia da. Baina abesti batzuk badira azken hogei urteetan ez ditugunak jo.

Guztiak noizbait zuzenean jota zaudete, beraz? Talde batzuk badirelako zuzenean kantuak aurkeztu gabe geratuta.

G.S.: Bai, noski.

A.S.: Badugu behin bakarrik jo dugun abestiren bat.

G.S.: Azken diskoko bat.

A.S.: Bai, bai, bai…

H.A.: Tira, ez dago esan beharrik…

Denak: Kar, kar, kar.

Sarrerak ez dakit dagoeneko salgai ote dauden, ‘sold out’-en aroan bizi gara.

H.A.: Bai, hala da, baina ez da gure helburua. Kontuz, mundu guztiari gustatzen zaigun zerbait da hori ere! Baina ezin dugu hori espero.

Hori aipatu dut, albiste hau eman orduko denak hasiko direlako galdezka.

G.S.: Irailaren 23an, goizeko 8:00etan, www.gatibu.eus helbidean. Adi egon!

Akaso zerbitzariren bat kolapsatuko duzue…

H.A.: Uneren batean jarri behar da salmenta martxan eta hor erabaki dugu gure webgunean sarrerak saltzen jartzea. Espero dezagun nahi duen orok eskuratzea sarrera horiek!

Bada, aizue, erronka mardula duzue aurretik, disfrutatzeko urtea eta lanerako urtea. Zuek ezagututa, pixka bat flipatuko dugu 2025eko abenduaren 13 horretan, ezta?

H.A.: Espero daigun kontzertu berezi bat izatea. Zeozer pasako da!

A.S.: Horretarako egingo dugu lan!

Mila esker gurekin izatearren eta bejondeizuela!

Mila esker zuri.