ENEEK

Basaldea zentroko haziak ernetzen hasi dira

Tokiko elikagai ekologikoen eskarian etengabeko hazkundea dagoela sumatzen da, eta, ondorioz, eskari horri erantzuteko proiektuen beharra egunetik egunera nabariagoa da. Kasu batzuetan, gainera, proiektu horiek administraziotik bultzatzen dira. Gaur dakarguna horren adibide da. Gasteizko Udalak beste erakunde batzuen laguntzarekin –tartean ENEEK bera– sustatutako Basaldea proiektuaren helburu orokorra da, epe ertainean, lanpostuen eta negozioen sorrera sustatzea, Arabako elikagai ekologikoen ekoizpena eta banaketa bultzatuz. Bide batez, ekimenak tokiko ondare paisajistikoa mantentzeko ahaleginean eragin nahi du, guztiok partekatzen dugun ondasun horren biziraupenean lagunduz. Aldi berean, tokiko ekoizkin ekologikoen banaketa erraztuko duten guneak ere sortu nahi ditu, baita jaki mota hauen kontsumoa herritargo zabalean zein komertzio eta ostalaritzan sustatzeko informazio –eta sentsibilizazio– kanpainak abiarazi ere. Halabeharrez, ekoizpena eta merkaturatzea eskutik baitoaz.

Basaldea Enpresa Agroekologikoen Zentroa “nekazaritza-mintegi” bat da, ustiategi berriak sortzea duena helburu. Nekazaritza ekologikoko proiektu bat aurrera eraman nahi duten ekintzaileei zuzenduta dago, beraien esku lurra, ekipamendu eta azpiegitura komunak eta baita formakuntza ere eskainiz. Proiektua 2012an sortu zen, ekoizpen ekologikoaren eskutik Gasteizko nekazaritza sustatu nahi zuen ideia baten gisan. Bost urte igaro behar izan dira errealitate bihurtzeko. Apurka garatuz joan da, Abetxukoko lursailak egokitu dira, beharrezko azpiegiturak tokian jarri dira eta lursailak ekoizpen ekologikoaren erroldan inskribatu dira. 2017ko urtarrilean, azkenik, proiektuak aurkezteko epea ireki zen.

Momentuz, eskaintzen diren 11 lursailetatik bi okupatu dira, eta beste bat okupatuko da udazkenean. Baratze bakoitzak 1 eta 1,5 hektarea artean dauzka, eta, horrez gain, negutegientzat beste lursail bat dago (erabiltzaile bakoitzak 270 metro koadroko negutegi bana dauka eskura). Lursail bakoitzak ur-hargune bat dauka, baina erabiltzaile bakoitzak bere kabuz instalatu eta ordaindu behar du ureztapen-sistema (behartuta daude tantakako sistema edo antzekoa erabiltzera). Makineria ere erabiltzaileek kontu geratzen da. Hori bai, aurrera begira erabiltzaile guztien artean makineria erostea da asmoa. Urte osoko alokairua hektareako 300 eurokoa da, nahiz eta lehenengo bi urteetan Gasteizko Udalak alokairuaren %50 finantzatzen duen.

Pedro Ortega Garcia de Albeniz eta Javier Chaves Padilla dira Basaldea zentroko lehenengo erabiltzaileak. Pedrok aitortu digunez, udaberriaren hasieratik gaurdaino eguneko ordu guztiak sartzen ari da baratzean. «Baina pozik nago! Erabat bokazionala da. Gustura nago, nahiz eta gerrikoari pare bat zulo berri egin behar izan dizkiodan hainbeste argaldu ostean!». Momentuz lurraren egoera hobetzeko lanetan ari dira, materia organikoa gehituz eta estruktura hobetuz. «Landareei zertxobait kostatzen ari zaie, baina, tira, etorriko dira». Oraintxe bertan 1,4 hektareako bere lursail osoa landatuta dauka. Pertsona bakarrarentzat askotxo dela onartzen du. «Landaketa sasoian pare bat pertsona kontratatu nituen lanaldi osoan, baina momentu honetan astean behin etortzea besterik ezin diet ordaindu. Nahiko nuke urte osorako nirekin baleude!».

Javierrek eta Pedrok aitortzen dute datorren urtera begira ekoizpena nolabait mekanizatu eta errazteko moduak pentsatzen hasi beharra dutela. Merkaturatzeko, momentuz, hamabost familiarekin akordioa itxita dauka Pedrok. «50 familiara iristea nahiko nuke, sasoiko barazki-sortak hornitzeko hileko 52 euroko prezioan».

Oraindik ere garapenean dagoen proiektua da Basaldea. Udaleko enplegurako teknikari Marian Mesanzaren hitzetan, astiro-astiro jarraituko dute. «Lursail guztiak bete ez izana abantaila bezala ere ikus daiteke, nolabait. Errazagoa da bi lagunen beharrei erantzutea, 11 lagunen beharrei erantzutea baino. Era honetan, doitu beharreko gaiak patxadaz lantzeko tartea daukagu». Gai horien artean dago ureztapenarena, datorren denboraldira begira ureztatze amankomunazgoarekin lotura egitea baita asmoa. Erronka, interesatutako jendea erakartzea.

Ekoizpen proiektuak tokian bertan koordinatu, lagundu eta aholkatzeaz arduratzen den Eider Eguzkizak adierazi duenez, jada martxan dauden baratzeek beste pertsona batzuk animatzeko balioko duten esperantza daukate: «baratzeek funtzionatu egiten dutela ikustean, interesatuta egon daitezkeen beste pertsona batzuk ere apuntatu egingo dira ziurrenik». Oraindik ere 13 hektarea pasatxo daude eskuragarri eta proiektuak aurkezteko epea irekita dago. Baldintza bakarrak gogoa izatea, ekoizpen ekologikoan 250 orduko formakuntza egiaztatzea (udazkenera begira Gasteizko Udala eta Arkauteko Nekazaritza Eskola formakuntza programa bat diseinatzen ari dira) eta proiektu bat aurkeztea dira.