Aitzol Iturbe, ogi eta begirada ekologikoa

AndalorrEKO ogi ekologikoa egiten du Aitzol Iturbe antzuolarrak Baztango Gartzain herrian. Duela urte bete inguru martxan jarritako proiektua da eta bertan izan gara bere lana ezagutzeko.

AndalorrEKO ogi ekologikoa egiten du Aitzol Iturbek, duela urte bete inguru martxan jarritako proiektua, eta parez-pare ireki dizkigu ateak bere jardunaren berri emateko. Baina nekazaritza ekologikoan ere badu esperientzia, eta Biolur elkarteko kidea denez, lehen sektorearen egoeraz ere hausnarketa interesgarriak egin dizkigu.

«Guk ogi ekologikoa egiten dugu. Zerealetik abiatzen gara. Zereal pikorra erosten dugu, ia dena zuzenean Euskal Herriko ekoizleei. Eta ezaugarri bezala aipatu liteke ama ore naturala bakarrik erabiltzen dugula, orantza naturala bakarrik, fermentazio nahiko luzeetan, eta egurrarekin berotzen den labea erabiltzen dugula», azaldu digu bere egungo proiektuaz galdetuta.

Baina agroekologiari buruzko interesa lehendik datorkio Aitzoli, eta badu nekazaritza mota horrretan esperientzia. «Une batean elikadura burujabetzaren kontzientzia hartu nuen eta horrek motibatuta proiektu bat ipini genuen martxan Antzuolan. Lagun batekin jarri nuen martxan eta zazpi urte eman nituen bertan. Baina ez lurrak ez baserria ez ziren gureak eta bertan behera geratu zen proiektu hori», gogoratu du gipuzkoarrak.

Nekazaritza ereduak, proiektu txikiak martxan jartzeko zailtasunak, inguruko erreferentzia interesgarriak... hainbat gai jorratu ditugu bere laguntzarekin eta larunbatean argitaratuko dugun erreportajean bilduko ditugu luze eta zabal.