Ariane Kamio
Donostia
Entrevista
Agustin Ruiz de Larringan
Emakumeen Birako antolatzailea

«Txirrindularitzaren egoera ekonomikoa etsigarria da»

Agustin Ruiz de Larringanek ondo ezagutzen du Emakumeen Bira. Hasierako urteetatik dihardu antolakuntza lanetan buru-belarri eta emakumezkoen txirrindularitzaren garapenaren gertuko lekuko izan da. Krisi ekonomikoak egoera estutu badu ere, emakumezkoen eliteko froga bilakatu den Biran lan eskerga egiten jarraitzen du.

(Jon HERNAEZ/ARGAZKI PRESS)
(Jon HERNAEZ/ARGAZKI PRESS)

Emakumeen Bira 1988an antolatu zuen lehenengoz Berriz Bizikletari Elkarteak, Ismael Lejarreta buru zela. Asteburuko froga izan zen ordukoa eta bi etapetako bat Iurreta Txirrindulari Elkarteko kideek kudeatu zuten, Agustin Ruiz de Larringan barne.

Hurrengo urtean, bigarren edizioan, Berrizkoek antolakuntza utzi eta bere gain hartu zuten ardura iurretarrek, egitasmoarekin aurrera jarraitzea interesgarria zeritzaien-eta, Agustín Ruiz de Larringanek dioenez.

Urteak aurrea joan ahala, frogak gero eta indar handiagoa hartu du. Euskal federazioetatik nazioarteko txirrindulariak gonbidatzeko proposamena zieten eta hasiera batean talde pare bat etorri ziren, gero hiru, lau… Egungo zifretaraino heldu arte. Nazioarteko emakumezkoen txirrindularitzaren egutegia ere areagotzen joan da azken denboran eta Emakumeen Bira da zitarik zaharrenetarikoa bilakatu da elite mailan, 25 urteko ibilbidearekin.

Egoera aldatu egin da Emakumeen Biraren lehenengo edizioetatik.
Bai, eta asko gainera. Emakumezkoen txirrindularitza dezente profesionalizatu da. Horrez gain, UCI Nazioarteko Txirrindularitzaren Batasunaren egutegiak ere indarra hartu du. Horrek, ordea, kostuak areagotzen ditu antolakuntzari dagokionez, baita taldeak kontratazerako orduan eta horiei Biraren egunetan ostatu emateko garaian ere.

Euskal txirrindularitza ez da bere momenturik onenean aurkitzen, antolakuntzari dagokionean bederen. Aurten Euskal Herriko Itzuliarekin gertatutakoa da adibide garbia.
Egoera etsigarria da txirrindularitzak ekonomikoki bizi duena. Emakumeen Birak Euskal Herriko Itzuliak duen aurrekontua baino hamar aldiz txikiagoa dauka. UCI Nazioarteko Txirrindularitzaren Batasunaren tasak ere, neurri berean, baxuagoak dira gure kasuan.

Emakumeen Bira antolatzeak Euskal Herriko Itzulia egiteak baino kostu baxuagoa duen arren, aurrekontua lortzea ere oso zaila da eta jasotzen ditugun diru-laguntzak ere proportzio berekoak dira. Bira antolatzea merkeagoa baldin bada, jasotzen dugun diru kopurua ere murritzagoa da.

Jar gaitezen frogari begira. Edizio honetan, aurreko urteetan ez bezala, larunbatean froga bakarra egingo duzue.
UCI Nazioarteko Txirrindularitzaren Batasunetik egindako proposamenagatik aldatu dugu larunbateko jardunaldia. Orain etapak froga bakarrekoak egitea gomendatzen dute nazioartetik. Euskal Herriko Itzulian gauza bera pasa zen. Etapa bikoitza egiten zuten jardunaldi batean, eta hura kentzea erabaki zuten. Bost eguneko itzulia izatetik, sei egunekora izatera pasa zen ondoren.

Emakumeen Biran ere lau egunetatik bostera igarotzea gustatuko litzaiguke, baina egoera ekonomikoak ez du gehiegi laguntzen.

Marianne Vos, iazko garailea, ez da Iurretako irteera puntuan izango.
Marianne Vosen hutsunea beti izango da nabarmena. Vos mugarri izan da Emakumeen Biran. Profesionaletara jauzia eman zuen gurekin eta Elorrion jokatutako etapan lortu zuen bere lehenengo garaipena eta lidertza. Egun hura ez du ahaztuko, ez eta guk ere.

Vos pelotoiko txirrindularirik indartsuenetakoa da, eta bera ez egoteak aukerak zabalduko ditu noski beste txirrindulari batzuen artean. Bira lehiatuagoa izango da, zalantzarik gabe.

Euskal txirrindulariei dagokionean, Eneritz Iturriaga bertan izango da.
Maila onean dago Iturriaga eta Bira ona egingo duela espero dugu. Bere helburua lehenengo hogeien artean sartzea izango da, eta itzuliko lehenengo euskalduna izatea, nahiz eta atzetik datozen belaunaldi berriek gero eta zailago jarriko dioten bere helburuak lortzea, Dorleta Eskamendi edo Ane Santesteban, kasu.