NAIZ
DONOSTIA

35 ekoizleren sagardoak dastatu dituzte Donostiako XXIX. Sagardo Egunean

Sagardo Eguna ospatu dute gaur Donostian, Euskal Jaien egitarauaren baitan. Giro ederra izan da Konstituzio plazan. 35 ekoizleren sagardoak dastatu ahal izan dira.

Sagardogileak, protagonista gaur Donostian. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Sagardogileak, protagonista gaur Donostian. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Gipuzkoako 35 sagardogile bildu dira goizeko 11.00etatik 14.00etara Donostiako Konstituzio plazan, Sagardo Egunaren karira.

Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak antolatutako hitzordu honek 29. edizioa du eta aurten ere arrakastatsua izan da, eguraldiak lagunduta. Bertaratu direnek bi sagardo mota dastatu ahal izan dituzte: 100% bertako sagarrez egindako sagardoa, Eusko Label zigilua daramana, eta bertako eta kanpotik ekarritako sagarrez egindako sagardoa.

Berrikuntza gisa, gainera, sagar mota bakarrez egindako sagardoa probatzeko aukera ere izan da, liburutegi zaharreko ekitaldi aretoan. Sagardogileen Elkarteak, EHUko kimika fakultateak eta sektoreko enologo eta teknikari talde batek egindako azterketaren emaitza izan da.

Omenduak, sagarzaleak

Aurtengo omenduak, berriz, sagarzaleak izan dira. Sagardogileen Elkarteak lehen eta orain sagastietan egiten den lana errekonozitu nahi izan du. Frutagileen elkarteko lehendakariak jaso du oroigarria.