NAIZ

Abenduaren 21erako bigarren kontzertu bat iragarri du Muguruzak, lehenerako sarrerak agortuta

Lehen kontzerturako 8.000 sarrerak berehala agortu dira eta une batzuetan 70.000 eskaera egin dira aldi berean. Bigarren data iragarrita, antolakuntzatik azpimarratu dute ez dela hirugarrenik egongo.

Fermin Muguruza.
Fermin Muguruza. (Jorge FUENBUENA)

Abenduaren 20ko kontzerturako 8.000 sarrerak berehala agortu ondoren, bigarren data bat iragarri du Fermin Muguruzak: abenduaren 21ean izango da, Bilbao Arenan hori ere. «Ez da hirugarrenik izango», ohartarazi du musikariak berak bere sare sozialetan. Sarrerak ostegunean jarriko dira salgai, goizeko 10.00etan,  www.muguruzafm.eus webgunean.

Astearte honetan, lehen ordutik, ikusmin handia sortu da Euskal Herrian sarrerak eskuratzeko –NAIZeko harpidedunek lehenago eta merkeago erosteko aukera izan dute– eta, antolatzaileek nabarmendu dutenez, une batzuetan 70.000 eskari baino gehiago jaso dituzte aldi berean.

Hamahiru urtez oholtza handi batera igo gabe pasa ostean, 40 urteko musika ibilbidea ospatuko du Fermin Muguruzak abenduan emanen dituen bi kontzertu horietan.

«Aste hori oso esanguratsua izango da, azkenekoz Bilboko Kafe Antzokian izan nintzelako Iñigoren omenez abestuz eta itzulera ere Bilbon izango delako», adierazi du Muguruzak, Iker Gurrutxaga NAIZ Irratiko kazetariari eskainitako elkarrizketan.