Xaloa Telebista emititzen hasteko moduan da, eta astelehenean ekingo diote bideari, proba emisioak duela hilabete hasi baziren ere. Iruñerrian euskara hutsean ikusi ahal izango den kanale bakarra izango, eta LTD-ko 38. kanalean egongo da ikusgai.
Abenduan, emititzen hasteko diru-bilketa kanpaina bat abiatu zuten, 50.000 euro lortzeko helburuarekin. Azkenean, 53.760 lortu dituzte eta emititzeko tresneria erosi eta bi errepikagailu jarri dituzte. Horrela aurkeztu dute telebistak Berriozarren duen egoitzan.
Telebista berriko arduradun den Joseba Igeabidek azaldu duenez, astelehenean bertan lehen albistegia emitituko dute, hurrengo hastean goizeko magazinarekin hasi eta gutxinaka-gutxinaka programazioa osatu.
Jakinarazi dutenez, guztira 300 bat norbanakok jarri dute euren alea, «euskal komunitatearen lorpen handia» dela iritziz. Udalbitzako zuzendariak, Xanti Kirogak, gogoratu du Iruñerria zela «LTDrik ez zegoen Euskal Herriko hirigune bakarra».
Ezagutzera eman dutenez, Nafarroan ikusterik ez den ETB-rekin lankidetza akordio bat sinatuko dute, Iruñerriko haurrek euskarazko hainbat marrazki bizidun ikusteko aukera izan dezaten.