NAIZ
GASTEIZ

Aranzadik Gogoraren esku utzi du frankismoan errepresaliatutakoen inguruko fitxategia

Gogora Institutuak gordeko ditu Aranzadik Lakuarekin lankidetzan ari den azken 13 urteetan bildutako memoria historikoari buruzko fitxategiak. Hemendik aurrera, Gogorak antolatuko ditu lekukotza, fitxategi, datu-base eta agiri horiek guztiak.

Paco Etxeberria eta Iñigo Urkullu, Aranzadik egindako txostenarekin. (IREKIA)
Paco Etxeberria eta Iñigo Urkullu, Aranzadik egindako txostenarekin. (IREKIA)

Aranzadi Zientzia Elkarteak Gogora Institutaren esku utzi du frankismoan errepresaliatutakoen inguruan azken 13 urteetan bildu duen informazio guztia. Gaur egin duten ekitaldian, Aranzadiko presidente eta auzitegi-antropologo Paco Etxeberriak 36ko gerran desagertutako edo errepresaliatutako pertsonei buruzko agiriak Iñigo Urkulluri entregatu dizkio.

Urkulluk berak «milaka pertsonen memoria berreskuratzeko eta duintasuna lehengoratzeko», lan hau «pausu handia» dela nabarmendu du.

Aranzadi Zientzia Elkarteak 1.618 familiari eman die arreta. Orain, EAEko biztanleek Lakuara jo dezakete gerran desagertutako senideei buruzko informazioa eskatzeko. Administrazioak senideei entregatuko die txosten hori, kopia bat fitxategian gordez.

Lehendakariak adierazi duenez, fitxategi horiek «balio eta funtzio pedagogikoa» dute. «Aztertu eta lantzeak aukera emango du iraganean gertatutakoari buruz etorkizunari begirako gogoeta egiteko», gehitu du.

Aurrerakoan, Gogora Institutuak antolatuko ditu lekukotza, fitxategi, datu-base eta agiri horiek guztiak, jendearen eskura egon daitezen. «Erakundeen betebeharra da memoria berreskuratzea eta, indarkeria-aro larrian egokitzeagatik, duintasunaren eta askatasunaren alde borroka egin zutenen balio demokratikoak jendarteratzea», adierazi du Urkulluk.