NAIZ
TOKIO

Gizon batek 19 lagun hil ditu Tokion, desgaituen egoitza batean

Gizon batek 19 pertsona hil eta 25 inguru zauritu ditu sastakai batez Tokioko kanpoaldean dagoen desgaituentzako egoitza batean. Erasotzailea bertako langile ohia da eta bere burua entregatu du komisaldegian.

Erasoa Tokio kanpoaldean dagoen egoitza batean gertatu da. (Toshifumi KITAMURA/AFP)
Erasoa Tokio kanpoaldean dagoen egoitza batean gertatu da. (Toshifumi KITAMURA/AFP)

Tokioko kanpoaldean dagoen Sagamihara herrian desgaituentzako egoitza batean sastakai batekin sartu da bertako langile ohi bat eta 19 lagun hil eta 25 inguru zauritu ditu, Kyodo agentziak berri eman duenez.

Sarraskia egin ondoren, erasotzaileak, 26 urteko gazteak, bere burua entregatu du komisaldegi batean. Desgaitasuna duten pertsonak «mundu honetatik kanpo» nahi dituela esan du, Japoniako hedabideen arabera.

Herriko agintariek adierazi dutenez, gizona psikiatriko batean ingresatuta egon zen duela gutxi, «arriskutsua» zelako.

Shinzo Abe lehen ministroak erasoa gaitzetsi du eta erasoak «terrorismoarekin» zerikusirik ez duela baieztatu du.