Cork ondoan dagoen Timoleague herriko hilerrian omenaldia egin zioten atzo Polizia britainiarrak tiroz hil zuen Diarmuid O'Neill IRAko kideari.
1996ko irailaren 23an jazo zen gertakaria, hotel batean, O'Neill armarik gabe zegoela.
‘Ginger’ ezizenez ezagutzen zuten militantea zornotzar baten bikotekidea zen eta, atzoko hitzorduaren harira, Bizkaiko herri horretatik ere ordezkaritza bat izan zen ekitaldian. Hilobi aurrean dantza egiteaz gain, ‘Txoria txori’ abestu zuten.
2002ko egun berean, irailaren 23an, autoan zeramatzaten lehergailuak eztanda eginda Bilbon zendu ziren Egoitz Gurrutxaga eta Hodei Galarraga ere gogoratu zituzten.