NAIZ
GASTEIZ

Sexual Minorities Uganda GKEak jaso du aurtengo Rene Cassin saria

Sexual Minorities Uganda gobernuz kanpoko erakundea giza eskubideen Rene Cassin saria jaso du Iñigo Urkullu lehendakariaren eskutik, Afrikako hainbat herrialdetan eta bereziki Ugandan LGTBI komunitatearen egoera salatzen egiten duen lanagatik.

Sexual Minorities Uganda GKEari Rene Cassin saria emateko ekitaldia. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Sexual Minorities Uganda GKEari Rene Cassin saria emateko ekitaldia. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Lakuaren Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren Idazkaritza Nagusiak ematen Rene Cassin duen sariaren banaketa ekitaldia Lehendakaritzan egin dute gaur, eta Gobernuko sailburu guztiak bertan izan dira, baita Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkari nagusi Jonan Fernandez eta Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendari Monika Hernando ere.

Urkulluk bere hitzaldian adierazi duenez, aurtengo Rene Cassin saria «enpatiaren aukeraren aldeko apustu argia» da, hau da, Lakuaren 2017-2020 aldirako Bizikidetza eta Giza Eskubideen Planaren erreferentzia. «Sari honekin Afrikan eta Afrikatik duintasunaren alde borrokan diharduten pertsona eta erakunde guztiak aintzatesten ari gara», gaineratu du.

Sexual Minorities Uganda SMUG gobernuz kanpoko erakundea 2004an sortu zuen Victor Mukasa aktibista transgeneroak, eta lesbiana, gay, bisexual, transgenero eta intersexualen aintzatestearen eta haien duintasuna eta eskubideak errespetatzearen alde borrokan diharduten arlo desberdinetako 18 erakundek osatzen dute. Rene Cassin 2017 sarirako SMUG proposatu duen erakundea Ortzadar LGTB euskal elkartea izan da, helburu horiek berak bultzatzen diharduena.

Erakundeko zuzendari exekutibo Frank Mugishak jaso du saria. Mugisha Bakearen Nobel Sarirako hautagaia izan zen 2014an. Mugisharekin batera, Diane Sydney Bakuraira erakundeko kidea ere izan da ekitaldian.