Mertxe Aizpurua
letamendi-urresti sendia

Erresistentziaren gau luzea, mihisetik eleberrira

Gertakari historikoek eragindako sufrimendua noiz hasi eta amaitzen den zehaztea zaila da. Horregatik, apika, Antonio Gezalaren pintura honen atmosfera harrapatu nahi izan du Kirmen Uribek 36ko gerrak hankaz gora jarri zuen familiaren istorio zirraragarriaren kontakizuna hasi eta bukatzeko. «Elkarrekin esnatzeko ordua» (Susa) eleberriak Letamendi-Urresti sagaren ihesaldi amaigabean barrena garamatza. Herri honen XX. mendeko historia lazgarriaren zirrikituetara.

Zoriontsu diren familien artean apenas dagoela alderik eta, aldiz, zorigaitzezko direnetan bakoitza bere modura dela zorigaitzezko dio Ana Kareninaren sufrikarioa islatzen duen egunerokoak. Inork ez lituzke erreportaje honetako argazkietan ageri diren letamendi-urrestitarrak azken sailkapen honetan sartuko, nahiz eta zoritxarreko historiaren erdi-erdian jaioak izan eta beren haurtzaro eta gaztaroa desbenturan ainguratuta baleude bezala konta daitezkeen.

Izan ere, eta guztiaren gainetik, Letamendi-Urresti familiaren bizipenek Euskal Herrian XX. mendean izan den erresistentzia politikoaren erretratua osatzen dute, 36ko gerratik –“Euskadiko gerra” deitzen zioten hartatik– galtzaile atera zirenen argazki poliedrikoa. Itxaropenari helduta, etengabeko etsipenari aurre egin ziotenen familia-erretratua da hau, herri oso batena izan litekeena.

Eleberri bihurtu du Kirmen Uribe idazle ondarroarrak aspalditik liluratzen zuen bere herriko senitarte baten kontaerak eta, nobela bat idazteaz gain, gerratik eta diktaduraren errepresiotik ihesaldi amaigabean bizi izan zirenen kronika dokumentatua josi du. Lau hizkuntzatan batera (euskara, katalana, gaztelania eta galegoa) argitaratu den “Elkarrekin esnatzeko ordua” eleberrian tarte gutxi utzi baitio irudimenari idazleak. Beharrik ere ez. Istorioa egina zegoen eta, funtsean, gertatutakoaz idatzi du.

Bizirik dauden protagonistekin hitz eginez, lekukoak aurkituz, artxibategi, liburutegi eta hainbat tokitan dokumentazioa bilduz, lau urte eman ditu lana biribildu arte, kontakizunaren pasarte lausoak argitu nahian, alde batetik eta bestetik bildutako informazioko datuak gertakizun historikoekin bat etorri arte.

Mihisetik kontakizunera. Harridura sortzen duten harribitxiek ere badute tokia kontatzen den ibilbide honetan. Batzuetan kontrakoa dirudien arren, guztiak errealak dira, denbora eta espazio jakin batean gertatutakoak. Horietako batekin topo egin zuen Kirmen Uribek Bilboko Arte Ederren Museoan zintzilikatutako Antonio Gezalaren “Artisten gaua Ibaiganen” izeneko mihisea begiztatu zuenean.

Hortxe kokatzen da nobelaren hasiera, 1927ko gau batean jauregi horretan ospatu zen festa alaiaren agertokian margotuta baitaude liburuko protagonista batzuk.

Pertsonaia ezagun asko ditu eleberriak. Historikoak, Euskal Herriko politika eta kultura arloetan eginkizun erabakigarria izan dutenak eta, beste batzuk, anonimoagoak izan arren, garrantzi handiagoa dutenak.

Beste askoren artean, orrialdeetan ageri dira Agirre lehendakaria, Andima Ibiñagabeitia, Martin Ugalde eta Leizaola. Eta amodio kontuak ere badaude, Comet sareko partaideak, CIArekin EAJk zituen harremanak, Estatu Batuetan jarritako esperantza galduak, frankismoaren kontra aritzeko Agirrek zabaldutako espioitza tramaren funtzionamendua, errepresio bortitzaren aurrean geldirik egon nahi ez zuela erabaki zuen belaunaldi berriaren egonezina... Une batean edo bestean, denak gurutzatu ziren gerra eta ondorengo urteek ehundutako harreman sarean.

Hiru belaunaldiren lotura. Aktore asko badaude ere, hiru belaunaldiren arteko lotura estua egiten duen emakume adoretsu eta nekaezinaren presentziak hartzen du garrantzia: Karmele Urresti erizaina da epizentroa, 1915ean Ondarroan jaioa eta ibilbide zail eta korapilatsuaren ondoren, zirkulua itxita, 2010ean, sorterrian berriro, bizitzari bere pausoa jarraitzeko nekatuegia zegoela adierazi ziona.

Gazte zela ezagutu zuen nahigabea. Beste askori suertatu zitzaien bezala, familiaren ondasunen bahitzea ekarri zuen gerrak. Frantzisko Urresti ontzi-jabea eta bere senideak jazarpenera eta miseriara kondenatuak izan ziren. Hor hasi zen, beste euskaldun askorekin batera, Urrestiren alabaren ihesaldiaren periploa. Joseba anaiak ere bidaldi bera hartuko zuen.

Eresoinkako enbaxadoreak. Ipar Euskal Herritik salto eginda, Karmelek Parisen ezagutuko du Txomin Letamendi bilbotarra. Eresoinka izeneko erbesteratuen euskal enbaxada kulturaleko kide dira biak; Karmele abesbatzan eta Txomin musika taldean. Gerra aurretik, Bilboko Orkestra Sinfonikoko tronpetaria –aipatutako Gezalaren koadroan tronpeta jotzen duena da Letamendi– eta Gudarostean Ariztimuño Batailoiko komandante ausarta izandakoa. Han ezagutu zuen Karmelek Manu Sota ere, liburuan garrantzi handia duen pertsonaietako bat. Ramon Sota ontzi-jabe famatuaren semeetako bat zen, Euskal Selekzioa eta Eresoinka Europan zehar mugitzeko ardura zuena eta, Txominen lagun mina izateaz gain, Agirre lehendakariaren konfiantzazko gizona.

Venezuelatik klandestinitatera. Txomin eta Karmeleren maitasun istorioa Parisen hasi zen eta oraindik ezkongai zeudela jaio zen Ikerne, inolako dokumentaziorik eta jaiotzaren paper ofizialik gabe. Alemaniak Estatu frantsesa inbaditu zuenean, ihesean berriro, haurra Ipar Euskal Herrira ekartzea lortu zuten eta 1940an, Marseillako portutik Venezuelarako bidaia hasi zuten bikoteak eta alabak. Urduritasun eta beldurrez betetako hilabete amaigabeetan zain egon ondoren abiatu ziren Caracasera, erbestean zegoen Eusko Gobernuak promes egindako pasajea, eta inoiz iritsi gabea, ailegatzen zen bitartean.

Hiru urte geroago, Venezuelako bizimodu lasai eta atsegina atzean utzi zuten berriro. Jose Antonio Agirre lehendakariak, Pariseko egoitzatik Caracasera egindako bidaia aprobetxatuz, laguntza eskatu zion Letamendiri, Euskal Zerbitzuetako agente bezala informazio talde bat osatzeko Bartzelonan. Txomin Letamendik baiezkoa eman zuen.

Klandestinitateko urteak etorri ziren berriro berarentzat, Madril, Bilbo eta Bartzelona artean mugituz. Sasoi honetan Peio Irujo, Andima Ibiñagabeitia, Joseba Elosegi eta beste izen ezagun batzuk agertuko dira nobelan. Artean, bikoteak hiru seme-alaba zituen jada. Caracasen jaioa zen Txomin, eta Patxi, berriz, Euskal Herrian.

50eko hamarkadako erreinu tragikoa. Hemendik aurrera, eguneroko bizimodua eta etorkizuna erabat baldintzatuko dituen pasadizo eta gertakizun mingotsez josita dago Letamendi-Urresti familiaren kontakizuna; oraindik hain gutxi ezagutzera eman den 50eko hamarkadako beldur eta sufrimenduaren gainekoa baita segidan doana.

Debekuak, atxiloketak, tortura basatiak, zigorra eta heriotza. Errepresio bortitzaren erreinu ilunaren aroa irekia zegoen aspaldian eta bete-betean erori zen beraien gainean ere.

Erreinu tragiko horretan, Karmele Urresti bakarrik dago familia aurrera aterako ahaleginean. Bilbon eta Ondarroan bizitzeko dirua behar da; baita bere aitari frankistek ezarri dizkioten isunak ordaintzeko ere. Eta Bilbon erizain bezala lan eginez ezinezkoa da behar beste diru lortzea.

Berriro Venezuelara joateko hautua egingo du eta haurrak hemen geratuko dira. Txikiena aitona eta amonarekin, Ondarroan; beste biek Tutera eta Berrizeko kolegioetan internatuta jarraituko dute.

Irtenbide bakarra zuen aurrean Karmele Urrestik; beste aukerarik ez izateak egoerari ematen dion gogortasun guztiarekin. Eta halabeharrez erantzun behar izan zioten Letamendi Urresti abizenak zeramatzaten alaba eta bi semeek ere.

Gaurko letamendi-urrestitarrak. Ikerne, Txomin eta Patxi Letamendi Urresti elkartu ditugu Bilbon, 7K-k garai haietako oroimenak azaltzeko egin dien eskaerari erantzunez.

Aita hilda jada eta ama ezin kalkulatuzko urruntasunean izanik, aitona eta amona, Ondarroa eta bertako Antsosolo etxea ziren munduaren erreferentzia finko eta atseginena Ikerne eta Txominentzat. «Aiton-amonak beti Ondarroan zeuden –baieztatu du Txomin Letamendik–. Patxi ere bertan egoten zen; gu, berriz, oporretan beti hara joaten ginen. Aitona zain izaten genuen; iritsi orduko altzoan hartu eta ondoren beti neurtu egiten gintuen. Paretaren kontra jarri eta lapitzarekin marra egiten zuen, azken alditik zenbat hazi ginen egiaztatzeko. Noizbehinka mapamundia ateratzen zuen. Barkuetako makinista izaki, munduan zehar ibilia zen eta ipuin politak kontatzen zituen, arrantzale eta krokodiloenak».

Erbestean daudenengatik errezoa. Amonarekin egin beharreko gaueroko errezoak dituzte gogoan. Ikernek, ia hitzez hitz eta erritual guztiarekin, «lehenik, erbestean zeudenengatik egiten genuen errezo».

Txominek antzematen zuen etxean justu eta gabezian bizi zirela. Aitonaren barkua zigorpean, lanerako erabilera galarazita, olgetarako leku bihurtu zen hura beraientzat: «Gauza asko apurtuta zeuden; almazena hutsa, makina barik, zeuden tornuak matxuratuta, eta nik ikusten nuen etxean ez zela dirurik sartzen inondik. Aitonak ez zeukan lanik, tailerra han zegoen, baina konfiskaziopean, amama maistra zen baina nazionalista zelako zigortuta zegoenez, baimenik ez zioten ematen klaseak emateko. Osaba Jon gaztea zen eta zerbaitetan lanean hasia zen, baina bere soldatarekin ezer gutxi egin zitekeen; guztiontzat zen soldata bakar hura».

Guztia estaltzen zuen irudia. Horretaz ere erabat kontziente zen Ikerne Letamendi. Eta 1953ko egun hura, Misiolarien Berrizko ikastetxean bere amaren bisita jaso zuenekoa, atzo gertatu balitz bezala kontatzeko gai da: «Mendi buelta egitera joanak ginen mojekin eta bisita neukala abisatu zidaten. Itsumustuan jaitsi nintzen, korrika batean, ama izango zela pentsatzen nuen eta hara non atera baino lehenago galako uniformea janztera behartzen nauten! Azkenean, iritsi nintzen amarengana, han zegoen, baina Venezuelara zihoan...»

Tristura eta amorrazioa sentitu zuen. Amak emandako goxokiak kendu zizkioten lekaimeen kontra, bai eta Venezuelara idazteko utzi zizkion gutun-azala eta paperekin batera Francoren irudia zuten zigilu haiek suposatzen zuenaren kontra. Bere zapi zuriarekin lehortu zizkion malkoak amak eta ondoren neskatoaren poltsikora sartu. Hau kontatzen ari den bitartean, istant batez begiak itxi ditu oraindik memorian daukan lurrinaren usaina harrapatuko balu bezala.

Errebeldea zela aitortzen du, baita egoera zailetan desafioka erantzuteko joera zuela ere. «Gutunetan etortzen ziren Francoren zigiluak arkatzarekin zirriborratu egiten nituen, nire indar guztiarekin, eta hurrengo mezara deitu zutenean, jaunartzera joan nintzen zirriborratutako Francoren bi zigiluak buruz behera jarri eta betaurrekoetako kristaletan itsatsita».

Ikerne: Izena eta izanaren debekua. Lehenago ere eginak zituen horrelakoak. Neskato harentzat, izena bera ere ukatzen zion ingurunea gogorra eta arrotzegia zen. Ikerneren ordez Visitacion deitzen zioten bakoitzean –eta mojak beti zuzentzen zitzaizkion era horretan–, bere abizenak gaztelerara itzultzeari ekiten zion: Montedehoyos, Avellaneda, Fuentefría... baina Francori erakutsitako errespetu falta gehiegizkoa iruditu zitzaion Berrizko ikastetxeko prefektuari eta kanporatu egin zuten.

Kurtso erdian kaleratuta, moja irlandarrek zeramaten ikastetxean hartu zuten Ikerne. Han aurkitu zuen giroa leunagoa eta goxoagoa egin zitzaion. Kontakizunaren harira datozen tankera honetako hainbat pasadizo esanguratsu daude “Elkarrekin esnatzeko ordua” eleberrian. Irakurketa askorako aukera ematen duten eszenak aurkitzen dira bertan, garai haietako testuinguruaren adierazle apartak direnak. Matrioxka baten antzera, aurrera goazen heinean, istorio txikiak agertzen dira istorio luze baten barruan.

Patxi: Beldurraren itoaldia. Ikernek amorrazioari heldu zion bezala, Patxik beldurra aipatzen du denbora haiek gogoratzean: «Amatxiren ondoan egoten nintzen beti. Aita eta aitite hil zirenetik beti beltzez jantzita zegoen emakume maitagarri hura zaharra, oso zaharra zela iruditzen zitzaidan. Orain badakit ez zela hain adinekoa, baina nik orduan horrela ikusten nuen. Eta angustiarekin bizi nuen zer gertatuko ote zen amona hiltzen bazen. Pezeta baten truke, igandero zinemara joaten nintzen; gogoan dut ondoren nola lagunak kalean jolasten geratzen ziren, baina ni ez, nik almendra pakete bat erosi eta korrika joaten nintzen etxera, ea amona bizirik zegoen ikustera. Lasaitu egiten nintzen hantxe aurkitzen nuenean, kartetan solitarioak egiten. Bere ondoan eseri eta almendrak jaten genituen, habanerak eta ‘Gure didarrak ez entzuteko, non zagoz aita Sabino’ bezalako kantuak ikasiz». Estutasun horretan datza, Patxiren ustez, sasoi horretan pairatzen hasiko zen asma-krisi ugarien jatorria. Amorrua, larritasuna, ikara eta kolore beltzaren iluntasuna... eta beti garai hobeen esperoan.

Txomin: Beti esperoan. Txomin atzera begira jarri eta beti esperoan zegoen haurra datorkio burura… «Lehenago aitaren esperoan, klandestino zebilenean, noizbehinka etxera egiten zituen joan-etorrien zain, gauez etorri eta goizean jada ez zegoena, edo ama etortzeko esperoan, edo gu berarengana noiz joango ote ginen zain…». Tuteran jasotzen zituen amaren gutunek beti mezu berbera zekarten: «‘Egunen batean batuko gara’ idazten zuen beti eta nik argi neukan egunen batean amarengana joango nintzela, batxilergoa amaitutakoan Venezuelara joango nintzela. Horrelaxe bete zen. Zorioneko urteak bizi izan genituen orduan, hainbeste urtetan ikusi ez genuen ama bategaz».

Ilusio hark betetako itxaronaldi luzearen ondoren, 1958. urtean hirurak amarekin elkartuta ziren Caracasen. Konturatu ere egin gabe, ohitu egin ziren atzerriko herrialde hartan zuten elkarbizitzara. Ikernek 20 urte bete ditu jada, Txominek 18, eta Patxi 13ren bueltan iritsiko da. Eta gazteenak ez du ahaztuko amaren ahotsa entzun zueneko une hura: «Taxian etorri zen ama aireportura; inguruko rantxoen paisaia berria ikusten nuen bitartean amaren ahotsa nolakoa zen deskubritu nuen; ahots pixka bat afonikoa: ‘Zer Patxitxu, hau al da Ondarroa baino politago?’ Ondarroako komedoreko argazkiari ahotsa jarri nion; eta nire amaren ahotsa nolakoa zen jabetu nintzen orduan».

Izu guztiak uxatu zituen leku bihurtu zen hainbeste amestu zuten Venezuela herrialde exotiko hura. Atzean geratu zen «gerra galdu genuenekoak» izatearen sentimendu astun eta madarikatua. Caracaseko giroa bestelakoa zen eta Karmele Urresti begirunez hartzen zuten bertako Euskal Etxean, borroka antifrankistan murgiltzeko Venezuelako erosotasuna atzean laga zuen familia izan baitzen berea eta enpeinu horretan bizia eman zuen Txomin Letamendi miretsiaren alarguna bera.

Aldarte honetan gauzak aldatuz doaz berehala, belaunaldi berri bat dator erbestean dagoen euskal gobernuari ezer ez egitea leporatzen diona. ETAren sorrerak, euskararen aldeko borrokak, gauzak aztoratuko ditu bertako Euskal Etxean ere; Karmele Urresti ez zuen betetzen giro hark, atzera begira beti eta egunean bizi ez zen mundua zela iruditzen zitzaion, emakume indartsua, ausarta eta adoretsua izateaz aparte, bizitzak zaildutako pertsona baitzen Karmele.

Eta garai honetan jada, Patxi semearen iritziz, urte askotako nahigabe eta minaren kargak oskol baten barruan ixtera eraman zuen Karmele Urresti. Nahiz eta Venezuelan, etengabe lan eginez –asteburu osoak barne– egonkortasun ekonomikoa izan, Atlantikoko itsasoa lubaki sakonegia zen berarentzat. Baita seme-alabentzat ere.

Itzulera, berriz. «Euskal Herrira itzuli behar genuen –dio Txominek–. Ama eta guztiok konbentzituta geunden itzuli behar genuela». Denbora aurrera joan ahala, horrela egin zuten guztiek. Txomin, hegazkin konpainia batean lan egiteak ematen zizkion aukerak aprobetxatuz, Ondarroara joaten zen oporraldiak pasatzera, eta horrela, era naturalean, 60ko hamarkadan ETAk egiten zituen ekintza espontaneo horietako bat gauzatu zuen haurtzaroko laguna zuen Andoni Arrizabalagarekin. Abertzaletasunaren baitan izan zen bilakaera islatzen du Ondarroako elizan Txominek egindako ekintza horrek. Grafikoa da oso, eta eleberrian, idatzizko pasartearen aurrean baino eszena zinematografiko baten aurrean jartzen gaituela esan daiteke; urte batzuk lehenago aitona Frantziskok betirako hondatzen ari zen ontziari su eman zionekoa kontatzen denean bezalaxe.

Kontakizunak jarraitu egiten du, honaino ekarri ez diren pasarte samin eta gozo asko barneratzen ditu, eta pasadizo ugari ditu oraindik gertatzeke letamendi-urrestitarren ibilbide honek, lehena eta oraina lotzen duen kate ikusezin horretan.

Kirmen Uribek josi duen familia-erretratu honetan bere burua errekonozitu du Txominek. Bai berea, bai beste guztiena. Eta, zalantza izpirik gabe, elementu biografikoez at, deskribatzen den aro zabal hau bizi izan duten asko eta asko islatuta ikusiko dira bertan. Denbora ilunetan barrena euskal herritar askok egindako bide bera egiten duelako eleberriak.

Letamendi-Urresti sendiaren ibilbidea apartekoa da, bai; baina, funtsean, euskal familia askoren historia dakar berarekin. Hein handi batean, XX. mendeko euskal erresistentzia politikoaren erretratuan aurpegiak lausotuta agertzen direlako, Antonio Gezalaren mihisean bezala.