NAIZ.INFO

Orain dela bost urte baino hautesle gutxiagok eman dute boza

Eguerdiko datuen arabera, Legebiltzarreko hauteskundeetako parte-hartzeak behera egin du, bai Frantzian bai Euskal Herrian. Gurean oso nabarmen. Gainerakoan, ez da aparteko berririk izan.

Legebiltzarreko hauteskundeetan normaltasuna da nagusi. Alderdi Sozialistak Hollandek lortutako garaipena berrestea du helburu, eta horrek eskuinaren krisia handi dezake.

Eguerdian emandako informazioaren arabera, parte-hartzeak behera egin du. Pirinio Atlantikoetako Departamenduan %22,16koa zen. 2007an, ordu berean, %29,49koa izan zen.

Euskal Herrian, Asanblea Nazionalerako bozetarako aurkeztu diren berrogei hautagaietatik hemengo boto-emaileek hiru diputatu aukeratu beharko dituzte, barruti bakoitzeko bana.

Gaurkoa, lehen itzulia izango da eta, gutxienez, erroldako 220.000 herritarren %12,50en babesa erdiesten duten hautagaiek soilik izanen dute lehian jarraitzeko aukera eta, horrenbestez, datorren igandean egingo den bigarren itzulian aurkeztekoa.

Alderdi nagusien arteko norgehiagoka izango da Euskal Herrian ere. Joan zen maiatzean, estreinakoz, Alderdi Sozialistak irabazi zituen presidentetza-hauteskundeak euskal lurraldeetan. Zailagoa izango da ber gauza gertatzea orain, Legebiltzarreko hauteskundeen ohiko joera ikusita.

EH-Baik lehen itzuli honetan lor dezakeen emaitza izango da aztertu beharreko beste gai bat.

Horren denaren berri izateko NAIZ.infok jarraipen berezia egingo dio gaur hauteskunde gauari, beste hedabide batzuekin elkarlanean.