Gipuzkoako Eskola Txikien festa egin dute Olaberrian

Eguraldiak batere lagundu ez duen arren eta diru-aguntzen murrizketak ere nabarmenak izan direnean, sormena eta alaitasuna nagusitu dira Gipuzkoako Eskola Txikiek Olaberrian antolatu duten festan.

Naiz.info|Donostia|2013/06/09 17:38
20130609_eskolatxikiak
Umeek pailazoekin gozatzeko aukera izan dute. (Jon URBE / ARGAZKI PRESS)

Aurtengo Gipuzkoako Eskola Txikien festako logo nagusiaren adierazle, etxe formako egitura erraldoi batek eman die ongi etorria Olaberrira hurbildu diren guztiei.

Bertatik igaro dira ikasle, irakasle, guraso, aiton/amona, eta administrazio ezberdinetako ordezkariak; eskola txikiek, herri eta auzo txikien biziraupenean duten garrantzia aldarrikatuz.

Txito ere, Olaberriko Herri Eskolako maskota, oholtza gainean izan da lehenengo aldiz eta berarekin batera dantzatu eta abestu dute Aitor Furundarenak eta Agustin Agirrek osaturiko abestia.

Oholtza gainean izan dira ere gainontzeko eskola txikiak. Bakoitzak mezu bat ekarri du etxetik eta mezu guztiak bildu eta oihukatu ondoren, globoz bidali dituzte zerura, eskola txikien mezua lau haizetara zabaldu nahian.

Ekitaldi nagusia amaitzeko, Bidania-Goiaz eskola Txikiak jaso du datorren urteko festaren antolaketarako testigua. Datorren urtekoa, Gipuzkoako Eskola Txikien 27. festa izango da. Bidania-Goiazen ospatzen den bigarrena, bertan ospatu bait zen lehenengo festa orain dela 26 urte.