NAIZ.INFO
BILBO

Parisen erabakiak AHT «zentzugabekeria» dela erakusten duela uste du Aralarrek

Gobernu frantsesak Hendaia eta Bordele arteko abiadura handiko linea 2030. urtera arte atzeratzeko erabakiak AHTren proiektua bera «zentzugabekeria» dela agerian uzten duela nabarmendu dute Aralarreko Dani Maeztu eta Rebeka Uberak.

Dani Maeztu eta Rebeka Ubera Aralar alderdiko kideak. (ARALAR.NET)
Dani Maeztu eta Rebeka Ubera Aralar alderdiko kideak. (ARALAR.NET)

Dani Maeztu Aralarreko koordinatzaileordeak eta Rebeka Ubera antolaketa idazkariak egin duten agerraldian, Hego Euskal Herrian Abiadura Handiko Trenaren (AHT) borroka hasi zela 15 urte igaro direla gogoratu dute eta, «zoritxarrez», denborak arrazoia eman diela nabarmendu.

«AHT, Euskal Y zein Nafarroako korridorea, inora ez doazen proiektuak dira», adierazi dute.

Salatu dutenez, «mugarik gabeko garapen eredu ero horri jarraituta», diru publiko kopuru «izugarriak» xahutu dira eta «gure herriko leku askotako ingurumena eta paisaia suntsitu» dute.

Orain, gainera, Gobernu frantsesak Bordele eta Hendaia arteko abiadura handiko trenbidearen lotura 2030 urtera atzeratu duela eta lehentasuna aldirietako trenbide sarea sendotzeari emango diola ekarri dute gogora Maeztu eta Uberak.

Horri lotuta, zehaztu dute, Espainiako estatuan AHTren proiektua ez dela Gasteiztik aurrera joango.

«Erokeria hau gelditzeko aukera daukagu oraindik eta, era horretara, milioika euro aurreztuko dizkiegu herritarrei eta ingurumen kalte konponezinak egitea saihestuko dugu», ohartarazi dute.

Eskubide sozialak eta laboralak murrizten ari diren garaian AHTren proiektuarekin aurrera jarraitzea «zentzugabekeria izugarria» dela nabarmendu dute Maeztu eta Uberak.

Horregatik, azpiegitura hori eraikitzeko lanak «berehala» gelditzeko eskatu du Aralarrek eta, era berean, «jada eraikita dauden trenbide sareak hobetzeko inbertsioak» exijitu dituzte. 

«Trenbide sozialaren aldeko apustua, langileak eta ikasleak eskualde batetik bestera garraiatzen dituen trenbidearen aldeko apustua, inbertsiorik errentagarriena da ikuspuntu sozial batetik begiratuta», adierazi dute.