NAIZ.INFO
DONOSTIA

43,4 milioi euro bideratuko ditu aurten Lakuak euskararen erabilera areagotzeko

Lakuako Gobernuko Hizkuntza Politikarako sailburuordetzak 43,4 milioi euro emango ditu aurten diru-laguntzatan. 30 milioi helduen euskalduntzea sustatzera bideratuko dira eta deialdi berri bat egingo da, nagusiki gaztelaniaz diren hedabide idatzien edizio digitaletan euskararen presentzia areagotzeko.

Patxi Baztarrika eta Olatz Garamendi, Jorge Gimenez, Jokin Azkue eta Joseba Erkiziarekin. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)
Patxi Baztarrika eta Olatz Garamendi, Jorge Gimenez, Jokin Azkue eta Joseba Erkiziarekin. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)

Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordeak eta Olatz Garamendi Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeak aurtengo diru-laguntzen berri eman dute. Helburu nagusia euskararen erabilera areagotu eta sendotzea da, eta «eraginkortasunaren printzipioa» jarraituz esleituko ditu Lakuako Gobernuak.

Azaldu dutenez, aurten 43,4 milioi euro emango dituzte, eta horietatik 30 helduen euskalduntzea sustatzera bideratuko dira: udal euskaltegi, euskal etxe eta euskaltegi pribatu homologatuetara, besteak beste.

Euskarazko hedabideentzat 4,87 milioi euro bideratuko dira. Horretaz gain, 180.000 euroko partida berri bat izango da, nagusiki gaztelaniaz diren hedabide idatzien edizio digitaletan euskararen presentzia areagotzeko.

Informazioaren eta komunikazioaren teknologietan euskarazko baliabideak eta aplikazio berriak sortzen eta garatzen dituzten ekimenentzat, eta euskararen presentzia Interneten areagotzeko helburua duten ekimenak garatzen dituzten enpresa eta entitate pribatuentzat 807.500 euro bideratuko dira.

Udalentzat eta udalez gaindiko organismoen artean 1,38 milioi euro banatuko dira eta lehentasuna emango zaie aisialdiko eta kirol munduko ekintzetan euskararen erabilera sustatzeko ekimenei; familia bidezko euskararen transmisioa indartzeari eta helduen artean euskararen erabilera bultzatzeko egitasmoei, besteak beste.

Lantoki eta enpresa pribatuei, berriz, 1,94 zuzenduko zaizkie, lantokietan euskararen presentzia areagotzeko.

Azkenik, hitzarmen bidez eta proiektu berezietarako berariazko diru-laguntzak ere izango dira eta horretarako 2,3 milioiko partida dauka Hizkuntza sailburuordetzak. Euskaltzaindia, UEMA, Topagunea, EKE, EEP, Mintzola, Eudel eta Bertsozale Elkartea daude onuradunen artean, beste batzuen artean.

Baztarrikak onartu duenez, «nahi eta behar baino beranduago» dabiltza 2014ko diru-laguntzak ematen. Datorren urteko deialdia urteko lehen hilabetean egitena saiatuko direla gaineratu du.

Sailburuordea euskararen erabileraz mintzatu da eta, nabarmendu duenez, «egiten dugun baino erabilera handiagoa egin dezakegu, baldin eta hartarako aukera egokirik baldin badugu eta aukera horiek baliatzeko erabakia hartzen baldin badugu».